OSKARBI proiektua; Gaixotasunak gaztaroa lapur ez dezan

hirinet 2012ko uzt. 24a, 02:00
oskarbi-irudia-(2)Hemodialisi gela batean ezagutu dute elkar Mikelatsek, Candelasek eta Mirenek. Gazteak dira, hirurak gasteiztarrak eta gaixotasuna oso gertu bizi dute. Bere egoera berean dauden gazteak ezagutzeko eta elkar laguntzeko topagune bat sortu nahi du hirukote honek. Oskarbi proiektuaren hazia erein dute.

Hirinet-ek OSKARBI  proiektua ezagutzeko Miren Amestoy Alonso elkarrizketatu du,  egitasmoaren sustatzaileetako bat.


Nola hasi zen garatzen Oskarbi proiektuaren ideia?

Noizean behin afariak egiten ditugu ospitaletik kanpo egon ahal izateko eta horietako batean pentsatu genuen ideia ona zela zerbait sortzea. Era askotako ideiak atera ziren baina proiektu hau izan zen guztiz konbentzitu gintuena.


Zer duzue komunean Mikelatsek, Candelasek eta zuk?

Errazena izango litzateke esatea gaixotasuna dugula komunean baina horren gainetik gure egoeran gauza bereziak egiteko aukera bilatzen dugula dago.


Zein da Oskarbi egitasmoaren helburua?

Pertsona gazteok ere baditugu osasun arazoak, bai une zehatz batean edo gaztaro osoan zehar. Hauxe da gure kasua,  eta faltan botatzen dugu tokiren bat non beste gazteekin elkartu ahal izatea, ekintzak prestatuz eta gure ohiko errutinarekin zerikusia ez duten gauzak eginez.


Zuen egoera berean dauden gazteak erakartzen saiatuko zarete proiektuaren lehenengo fase honetan. Nola?

Komunikabideen bidez saiatu gara lehendabizi, gero egingo dugu promozio bideo bat eta erakartze kanpaina bat ere. Gaur egun, oso garrantzitsua da Interneten agertzea eta horretan gabiltza lanean. Facebook-en (Proyecto Oskarbi Proiektua) eta asociacionoskarbi@gmail.com helbidean topatu gaitzakezue.


Gaixotasuna oraindik ere eremu pribatuan (etxean) geratzen da maiz.  Zergatik?

Zaila da markatuta dagoen bizitza bidetik ateratzea eta gehiago ezintasunagatik gertatzen bada. Gaztea zarenean nekez imajinatzen duzu urteak pasatuko dituzula etxetik ospitalera eta besteei hau erakustea ere zaila izaten da. Ohituta gaude aiton-amonak zaintzera baina ez lagun baten alboan egotera gaztea denean eta gaixo dagoenean.


Horrelako egitasmo batek lagun dezake gaixotasuna naturaltasunez hartzera, ezta?

Bueno, ez da gure helburua hori aldatzea, oso pertsonala da nola bizitzen den etxe bakoitzean horrelako egoera bat. Horrelako arazo batean aurrean beste motako espazio bat lortzea da gure helburua. Une batez gaixo paperetik ateratzea da agian behar duguna, baina inor bortxatu gabe.


Oskarbi gune fisikoa eta birtuala izatea nahi duzue. Internetek ate asko ireki  dizkizue?

Hori da gure asmoa, proiektu honen puntu nagusienetariko bat besteekin komunikazioa erraztea da eta horretan badakigu Internetek asko laguntzen duela. Gainera, gazteekin harremanetan jartzeko errekurtso ona da.


Proiektu honi laguntza emateko modu desberdinak zehaztu dituzue. Zeintzuk?

Oraingoz gure asmoa zabaltzea da. Aurrerago bilatuko dugu tailerrak edo ekintza ezberdinak egiteko laguntza. Adibidez, antzerkia egiten duen kolektibo bati eskatuko genioke gurekin jardueraren bat antolatzeko. Bigarren pausua izango da lokal edo leku bat bilatzea eta horretarako instituzioengana jotzeko asmoa dugu.


Nora jo behar du Oskarbi proiektuarekin lagundu nahi duenak?

Aurretik esan dudan bezala asociacionoskarbi@gmail.com helbidera jo dezake. Laguntza eskaintzeaz gain proposamenak ere asko eskertuko genituzke.


Oskarbi ikusten duzu zerua, Miren?

Ez dut gezurrik esango, zeruak berez askotan izaten ditu hodei itsusiak baina saiatzen naiz ahal dudan heinean oskarbi dagoen zatitxoari begiratzen eta horrekin nire bizitza eraikitzen.


 

Egilea: Naroa Cuesta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide