Arabako Bertso-Eskolak, 30 urte euskara indartzen

hirinet 2012ko uzt. 20a, 14:43

bertsotxikiOrain dela 30 urte, euskaraz ikasten ari ziren batzuk eta euskaldun zahar batzuk euskal poteoak egiten hasi ziren, euren hizkuntza indartzeko asmoz. Urte horretan, Gasteizen eta Laudion, zenbait aitzindari elkartu ziren eta bi bertso-eskola sortu zituzten. Urte batzuk geroago beste hauek etorri ziren: Aramaio, Agurain, Legutio eta Amurrio.

bertsoeskola1Bertsolaritzaren lore-hautsa zabaldu zen eta gero etorri ziren Izarra, Oion, Zalduondo, Araia, Maeztu, Murgia eta Kanpezu. “Garai hartan Gasteizko kaleetan ez zen euskararik entzuten eta girotxo hau sortu genuela, euskara indartzeko, erabiltzeko eta sustatzeko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”, dio Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak eta Bertso Eskolako sortzaileetako batek. Rikardori adi-adi entzuten, Patxi Aizpurua eta Karmele Madinabeitia ditugu, hauek ere ekimenaren sorreraren lekuko. “Egun batean, norbaitek bertso eskola sortzeko proposamena bota zuen eta Abel Enbeitaren izena aipatu zen. Enbeitarengana jo, honek baietza eman eta elkartea eratu genuen”, gaineratu du hirukoteak. Izan ere, bakoitzak bere helburuak zituen. Ricardok, esaterako, euskara AEK-an eta Estibalizko fraide batekin ikasi zuen eta behin Loiolako Herri Irratia piztean bertsotan ari zirela entzun eta liluratuta geratu zen. Hortik hasi zitzaion bertsoetarako zaletasuna eta bertsotan ikasteko grina. Karmele, berriz, Udako Unibertsitatean jarri zen harremanetan lehendabizi bertsoekin eta euskara ikastea eta mintza praktika egitea izan ziren Bertso Eskolara sartzeko motibazio nagusiak. Patxiren kasua oso bestelakoa izan zen. ““Ni gipuzkoarra naiz eta etxean baginen bertsozaleak eta bertsoak irratian eta bertso saioetan entzuten genituen. Hemen Gasteizen Euskal Filologiako bigarren mailako matrikula egiten nengoela, neska batek bertso eskolan apuntatzeko komentatu eta horrela egin nuen”, azaldu du maiz epaimahaikide lanak egiten dituen irakasle oiartzuarrak.

Indar handiz, koplak idazten eta Enbeita irakasle moduan, martxa hartu zuen Bertso Eskolak. Pixkanaka Araba osoan zehar zabaldu zen eta ikastoletara bertsoak eramateko akordioak sinatu ziren Aldundiarekin. Horrez gain, 1984an Arabako I.Bertso-Txapelketa egin zen Aramaion. “Ikustekoa izan zen! Soilik bi urtez bertsotan egon ostean, txapelketa antolatu genuen!”, gogoratzen dute barre artean. Karmelek antolatzaile lanak egin zituen, Rikardo eta Patxi, berriz, bertsotan ibili ziren. “Bertsolariak ezezagunak ginen baina epaimahai oso selektoa izan genuen; Joserra Etxeberria, Mikel Mendizabal… Ez dakit zer epaitzeko, baina han zeuden. Epaimahaikide adituak eta bertsolari pardiloak. Herriko bi agure sartu eta berehala atera ziren kanpora! Hortik sortu zitzaidan niri epaimahaikide izateko grina”, gaineratu du Patxik barrezka.

Bertsoa, euskara ikasteko tresna

bertsoeskola2Bertsolaritza euskara ikasteko tresna paregabea zela jabeturik, ez zuten euren asmoan etsi. Rikardoren esanetan, “oso tresna egokia da euskara ikasteko, azkar pentsatzea eskatzen du bertsolaritzak eta horretarako hizkuntza menperatu behar da. Hala ere, bertsoak ere gustatu behar zaizkizu. Egia da, garai hartan asmoa ez zela bertsolari profesionalak sortzea, baizik eta euskaraz bizitzea, ondo pasatzea eta gustuko genuen zerbait euskaraz egitea”. Zorionez, hasierako esentzia hau egun mantentzen dela uste dute baina badira aldeak. “Nire aburuz, bertso eskolek lehengo espiritua mantentzen dute, azken finean, egungo eskolak badira euskaraz jarduteko guneak. Baina egun antolamendu aldetik gauzak asko aldatu dira eta urte hauetan egin den lana eta esfortzua nabaritzen da”, adierazi du Patxik. Izan ere, aipatutako antolamendu horren oinarria 90. hamarkadan gogo handiz hasi ziren gazteen artean aurkitzen dela diote, Oihane Perea, Viñaspre eta horiek guztiak sartu zirenean, hain zuzen. “Belaunaldi berri bat sartu zen eta gaur egungo antolamenduaren oinarria bultzatu zuten. Hala ere, antolamendu hori mantentzeko erakundeen laguntza behar da eta zoritxarrez, ez dago modan egunotan, gero eta gutxiago”, azaldu eta salatu du Patxik. Oztopoak alde batera utzita, argi dago hiru hamarkadetan egindako lana garrantzitsua eta emankorra izan dela. Horren adierazle, Aramaio dela dio Rikardok, “non bertsolaritza piztea lortu eta bertsoaren gune naturala bilakatu dugun”.

 


Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak orain dela 20 urte jaio zen Arabako Bertso Eskolari buruzko bertsoa bota du Hirinet-erako egindako elkarrizketa honetan.

Mila esker Rikardo!

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide