Udan, zer irakurri, ikusi, entzun….

hirinet 2012ko uzt. 16a, 10:49

liburua-hondartzaUdan, eta oporretan batez ere, urte osoan zehar egiteko astirik izan ez den hori guztia egin ohi da. Gau-mahaian ahaztutako liburu hura, aspaldi ikusi nahi ditugun filmak edo erlojua alde batera utzita patxadaz gozatu nahi dugun disko berria berreskuratzeko ordua heldu da. Karmele Jaio idazleak, Kepa Sojo zinemagileak eta Iñaki Urbizu ‘Pela’ musikariak udan gozatzeko literatura, zinema eta musika gomendioak proposatzen dizkizuete oraingoan.

 

 

 

 

 


KARMELE-JAIO

 

Karmele Jaio, idazlea


Udan irakurtzeko liburu bi?

Arrate Egañaren "Paradisua"; eta Wislawa Szymborska-ren poesia liburu bat.

Zer motatako istorioak irakurtzea gustuko duzu egun beroetan?

Ez dut ezberdintasun handirik egiten, irakurtzen dudanean kanpoan bero edo hotz egiten duen ahazten dudala uste dut.

Egun eguzkitsuetan, non irakurtzen duzu? Hondartzan, balkoian…

Eguzkiaren berotasuna sorbaldan sentituz, eta eroso eserita baldin banago, edozein lekutan.

Patxadaz eta lasaitasunez irakurtzeko leku bat? 

Kontua ez da hainbeste lekua. Inguruan nor duzun da garrantzitsua. Hau da, niri hondartzan irakurtzea gustatzen zait, kresala usaindu eta olatuen soinua entzun bitartean, baina irratia piztuta duen familia oso bat alboan jartzen bazaizu, akabo. Leku lasai bat behar dut.

Sormen lana egiteko, zer nahiago uda edo negua?

Agian negua, goiz iluntzen da, eta etxean lasai egon zaitezke idazten, kalera joateko gogorik sentitu gabe. Udako eguzkiak kalera irtetea eskatzen dizu.


KEPA-SOJO

 

Kepa Sojo, zinemagilea


Udan ikusteko pelikula bi?

‘The man in the moon’ (Verano en Louisiana, 1991), Robert Mulliganena. Drama erromantikoa, AEBko hegoaldean kokatuta, non uda oso garrantzitsua den. Bigarrena, Georges Lucas-en ‘Star Wars’ (1977),. Udako zinema-toki guztietan programatzen da eta modan jarraitzen du. Abagune polita Darth Vaderrekin norgehiagoka izateko.

Zer motatako istorioak ikustea gustuko duzu egun beroetan?

Istorioa ona izanez gero, berdin zait. Batzuetan udan Gabonetan girotutako filmak ikusten ditugu eta alderantziz. Zinema gezurra ikaragarria da.

Eguraldi ona dagoenean, aire zabalean pelikulak ikustea gustuko duen horietakoa al zara?

Bai, txikitan Laredon bazegoen hondartzaren ondoan dagoen pasealekuan Udako zinema. Eta han Superman, Goonies, Gremlins eta beste batzuk berrikusi nituen. Bestetik, Laudion Zine Klubaren partaidea nintzen eta udako zinema frontoian, aire zabalean, antolatzen genuen.

Uda burura eramaten dizun pelikularik?

‘La vaquilla’ (1985), Berlangarena. Udan gauzatzen da istorioa, Gerra Zibilaren garaian eta udan ikusi nuen lehenengo aldiz Laredon. Bertan, Espainiako zinemari buruzko ziklo bat antolatu zen.

Sormen lana egiteko, uda edo negua?

Nire lanagatik (EHUko irakaslea naiz) normalean gidoiak neguan idazten ditut baina filmatzeko beti uda erabiltzen dut. Abuztuaren hasieran film labur berri bat zuzenduko dut;  ‘Loco con Ballesta’.

 


PELAIñaki Urbizu, ‘Pela’, musikaria


Udan entzuteko disko bi? 

Udan kotxean edo, nire kasuan furgonetan,  bidaiatzen baduzu, Lime Spiders-en "Beethoven´s Fist" diskoa horretarako apropos egina dagoela ematen du. Europa eta mundu osoko errepide eta zeruak handitzen dira talde honekin. Pop, Rock eta Garage nahasketa bikainean. Uda honetan asko entzuten ari naizen beste disko bat Curtis Mayfield-en 1972ko "Superfly" da, ez nuke esango udarako musika denik, benetako hitz gogorrak aurkitu baititzakezu hemen, baina baita dantza eta sentsualitatea ere. Funk- Soul hau oso ondo sartzen da zure barruan beroarekin.

Zer motatako musika entzutea gustuko duzu egun beroetan?

Udako musikak batez ere erritmo bizia izan behar du, ez oso alaia, alaitasuna zure barnetik atera behar delako bere kabuz. Iluntasun puntu bat ere gustuko dut; melodia garrantzitsua da baita ere, normalean udan oso ondo sentitzen naiz eta abestea inoiz baino gehiago gustatzen zait.

Udako abestia, zein da?

1977tik udako abestia Ramones-en "Rockaway Beach" da. Hirian uda nola bizitzen den oso ondo adierazten du. eguzkiak kaleetan nola jotzen duen eta hiriko makarrak freskoaren bila hurbileko hondartzetara nola ateratzen diren kontatzen du.

Uda burura ekartzen zaizun abestirik?

Abuztu batean Chefchaouen-en pasatu genuen arratsalde magiko bat Woven Hand entzuten eta Marokoko produktu goxoenak dastatzen. "To make a ring" entzuten dudanean beti Maroko etortzen zait burura. Uda, beroa, giro ona... eta hau dena izugarrizko iluntasun musikal baten azpian.

Sormen lana egiteko, zer nahiago uda edo negua?

Urte osoan zehar nire burura datozen ideia guztiak nire koadernoetan idazten ditut, eguneroko lana da, egunero bizitzen garelako, noski. Baina egia da udan apunte guztiak hartzen ditudala eta oporretako lasaitasunarekin dena antolatzen saiatzen naizela. Batzuetan lagunei kontatu izan diet nola Sumisión City Blues-en hitzak bainujantzian edo biluzik idatzi ditudan eguzki azpian eta harrituta geratu dira. Baina ez da guztiz egia, esan dizudan bezala eguneroko lana da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide