Euskaltasunean lagun… Koldo Leunda

hirinet 2013ko api. 15a, 11:18

euskaltasunean-lagun-koldo-Gure hurrengo protagonista Andoainen jaio zen orain dela 25 urte eta, egunero, Gasteizera egiten du joan eta etorria autobusean, Euskal Ikasketak gauzatzen baititu unibertsitatean. Aurretik, ingeniaritzako ikasketak burutu zituen, baina langabezian luzaroan egon ondoren, berriro ere, ikasteari ekitea erabaki zuen. Bere burua definitzen hasita, ondorengo ezaugarriak aipatzen ditu: euskalduna eta ekologista. Alde batetik, euskara asko maite duela esateko aprobetxatu nahi ditu lerro hauek eta; bestetik, ingurunearekiko duen kezka ere ez du ezkutzatzen. Gaur egun, Eguzki talde ekologistako kidea da.

 

Zure lehendabiziko urtea da Mintzalagunean, zerk bultzatu zintuen parte hartzera?

Goizean, klaseak ditut eta arratsaldeak, berriz, libre. Behin, unibertsitatean, mintzalagunaren kartela ikusi nuen. Egoerak bultzatuta, nire bizitzaren denboraren zati bat, mintzalagunari eskaini niezaiokedala ikusi nuen. Hala, mintzalagunean izena ematea erabaki nuen. Euskararen alde egiteko modu bat izan daitekeela pentsatzen dut. Horrek bultzatu ninduen izena ematera.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Tren geltokiaren ondoan dagoen taberna batean elkartzen gara eta bertan, mahai inguruan eserita solasaldian aritzen gara. Mota guztietako gaiak izaten ditugu hizpide. Pixkanaka, elkar ezagutzen ari gara eta giro polita daukagu.


Zure Mintzalagun kideen inguruan...

Oso jatorrak dira. Euskaraz ikasteko gogo handia daukate eta niri poza ematen dit. Bizitza osoan, gaztelania erabili izan dute eta gaur egun, harreman gehienak gaztelaniaz egiten dituzte. Euskaraz hitz egiteko ahalegin handia egiten dute eta nik jarrera hori txalotu egin nahiko nuke.


Eta zuri buruz ez dakiten zerbait?

Andoaingo bertso eskolan aritzen naizela.


Oporrak non eta zertarako?

Joan den udaran, bizikleta gainean, Euskal Herriari bira eman nion. Eta, adibidez, Bidasoaren bidea bizikletaz egiteko gomendioa egingo nuke. Ibilbidea atsegina da eta bista zoragarriak daude.


Liburu bat?

Erich Fromm-en El arte de amar liburua. Orain dela gutxi irakurtzen egon naizen liburuetako bat da.


Film bat?

Gartxoten kondaira. Nire herriko zine aretoan ikusi nuen eta mota guztietako bizipenak sentitu nituen: poza, tristura... negar egitera ere iritsi nintzen.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Abenduaren 24an, nire herrian, kantari atera nintzen, urteroko ohiturari jarraituz. Kantatzea asko atsegin dut.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Gasteizko alde zaharra. Behin, Gasteizko jaietan bertan parranda polita egin nuelako. Oroitzapen politak ditut nahiz eta urte batzuk pasa diren.


Gasteizera ikastera etorri den gazte batek osasuntsu ikusten du euskara hirian?

Euskaraz hitz egiteko harreman sareak oso mugatuta daude baina horrek ez du esan nahi euskarak etorkizun iluna duenik. Inkesten datuek, datu baikorra erakusten dute. Euskararen ezagutza eta erabilera gora doa. Irakaskuntzan lan handia egiten ari dira eta kalean nabaritzen da. Euskara hizkuntza gutxitua da eta horren konsziente izan behar gara euskaraz dakigunok. Hizkuntza guztiek berdin balio dute, baina euskara euskaldunon ondarea da eta gure erantzukizuna da hura erabiltzea. Hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko modu desberdina eskaintzen du. Hizkuntzak aberastasun ikaragarriak dira, hitzetatik eta hitzak josteko eratik haratago doana. Hizkuntza guztiek gozatzeko aukera ematen dute. Beraz, euskal hiztunei gozatzeko aholkua emango nieke, hizkuntzarekin jolas egin dezaten, alegia. Euskara osasuntsu egoteko arlo guztiak ukitu behar dira: umorea, gazte hizkera, ume hizkera...


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Bai, euskaraz bizi daiteke. Norberak nahi badu, norberak bilatu behar du euskaraz hitz egiteko espazioa: lagunekin, etxean...

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago