DNA egunkariko langileak, EEEaren aurka

hirinet 2012ko eka. 29a, 11:03

DNA-TXIKIALan munduko arlo guztietan bezala, krisiaren atzaparrek gogor heldu dituzte komunikabideak, batez ere, tokian tokiko hedabide apalak. Duela zazpi urte martxan jarri zen Diario de Noticias de Alava egunkari gaztearen txanda heldu da eta hasiera batean soldaten murrizketa bat izan zena, denborarekin, enplegua erregulatzeko espedientea bihurtu da.

Krisiaren astinduak jaso dituzten Gasteizko eta inguruetako langileen aldarrikapenak gizarteratu dituzten kazetari horiek dira, oraingoan, euren aldarrikapenak egiten dituztenak. Hirinet-ek DNAko langileekin hitz egin du.


Orain dela hiru hilabete inguru, Diario de Noticias de Alava egunkariko langileek soldaten murrizketa jaso zenuten. Oraingoan, enplegua erregulatzeko espedientea aplikatu dute. Zertan datza EEE hau?

Bai, langile gehienentzako %6 inguruko soldaten murrizketa onartu genuen. Behin behineko EEEa ekainaren 4tik abenduaren 31era luzatuko da, beraz, dagoeneko martxan dago. Diarioko 49 langiletik 38ri eragiten die, hau da, bi heren baino gehiago. Sailaren ezaugarrien arabera, lanaldiren murrizketa edo egunak kentzen dituen EEEa egin da. Oro har, langileei eragiten dien murrizketa %25koa da; nagusi eta zuzendariena berriz, %10koa. Hori dela eta, egunak kentzen zaien langileak hilean behin langabeziara doaz aste bete; lanaldiren murrizketa jasaten dutenek, berriz, lehen zazpi ordu eta hamar minututan egiten zuten lana, orain bost ordu eta erditan betetzen saiatu behar dute. Hortaz, nabarmena da horrela egunkariaren kalitatea mantendu eta tokian tokiko berrien orrialdeak betetzea oso zaila dela. Ez daukagu ez jende ez ordu nahikorik.


Zeintzuk dira EEE hau justifikatzeko enpresak eman dituen argudioak? Nola heldu da egunkaria egoera latz honetara?

Alde batetik, kazetaritzan dagoen krisialdiak jota, Diariok zazpi urteren buruan zenbaki positiboak lortzeko abian zituen aurreikuspenak hondatu ditu. Nahiz eta 2010 eta 2011an, krisialdian sartuta, publizitate eta salmenten  erritmo ona mantendu zen, 2012ko hasieratik edozein komunikabideetako diru-sarrera iturririk nagusiena den publizitatea, aurreikusitakoa baino gehiago erori da: enpresek egunkarietan iragarki gutxiago jartzen dituzte, edo zuzenean bertan behera uztea erabakitzen dute. Erakundeek ere, krisialdiaren menpe egonik, diru gutxiago ipintzen dute. Gastuei dagokienez, enpresak dio gastuak gero eta handiagoak direla, banaketa edo papera, kasu. Bere esanetan, ez zaizkio kontuak ateratzen eta ‘cash’-a lortzeko eta bankuen eskakizunei erantzuteko murrizketak egitea ezinbestekoa zaio. Nondik? Langileetatik, jakina.

Gure ustez, krisialdia min egiten ari dela nabarmena da, baina, aldi berean, enpresa-talde honek inbertsio nahiko eztabaidagarriak egin dituela uste dugu, eta hauen guztien ondorioz orain bizi garen egoera azaleratu da. Nahi izan dutenarentzako, dirua bazegoen. Gainera, enpresak orain dela hiru hilabete egin ziren murrizketen ondorioak zeintzuk diren jakitera ere ez du itxaron eta EEEa ezarri du, hortaz,  bideragarritasun-planik ez dagoela uste dugu.


DNAZergatik erabaki duzue orain zuen egoera publikoa egitea? Zer aldarrikatzen duzue?

Alde batetik, kazetariek beti besteen arazoen berri ematen dugu, ez ditugu, ordea, gure arazoak gizarteratzen. Onartzen ez dugun oso jarrera hipokrita da. Bestetik, zurrumurrua kalean bazegoen. Horregatik, nahiago izan dugu gaia jakinaraztea eta ondo azaltzea, jendea jakin gabe eta informaziorik gabe bere iritzia eman ez dezan. Zalantzarik gabe, egoera honek egunkariarengan eragin txarra izango du, baina langileok hitzematen dugu egunkaria ahalik eta ondoen egiten saiatuko garela. Gainera, gure irakurleen, harpidedunen, iragarleen eta informazio-pluraltasunari laguntza ematen dioten pertsonen babesa lortu nahi dugu. Helburua gure ahotsa gero eta sendoago egitea da: Enplegua erregulatzeko espedienterik ez. Enpresako kudeatzaileek neurria bertan behera uztea lortu nahi dugu.


Zer suposatuko luke Gasteizko hiriarentzat Noticias de Alava bezalako egunkari bat desagertzea?

Esan dugunez, informazio-pluraltasuna beharrezkoa da. Oso garrantzitsua da herritar guztiek hedabide desberdinekin informatzea, berriei buruzko ikuspegi desberdinak izan ditzaten. Araban egunkari bat baino gehiagorentzako lekurik badago. Egun existitzen den egunkari hegemonikoaren alternatiba sendoa bilakatu da gure egunkaria eta lortu dugun hori galtzea pena bat izango litzateke. Gainera, Arabak tokian tokiko egunkari konprometitu, aurrerakoi, solidario eta borrokalari bat behar duela uste dugu, hain zuzen, DNA-ren langileak garenok, oztopoak gaindituz, egunero egiten saiatzen garen egunkaria.

 

 

Saioa Fdz.de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide