Ying Yan gimnasioa aitzindari dugu Gasteizen, eta oraindik orain ehunka karateka entrenatzen dira bertan astean zehar. Asteburuetan, aldiz, entrenamendu bereziak edota lehiaketetarako prestatzen ari diren horiek betetzen dute tatamia.
Maiatzaren hasieran Zaragozan ospatutako Kyokushin Karate Lehiaketan izandako gaztetxoak elkarrizketatu ditu HIRINETek Zerkabarren kaleko gimnasio ezagunean. Zaragozan lortutako emaitzek egindako lanaren ispilu dira: zazpi urrezko domina, zilarrezko lau eta brontzezko beste hiru. Ametsetan baino ez zuten horrelako podiuma espero.
Katak edota kumitea
Aspaldi hasi zen Aitor Herran karatean. Lehenbizi Sansomendi gizarte etxean eta ostean Ying Yan gimnasioan. Kumitea eta katak ditu gustuko, oraingoz ez du bien artean aukeratu nahi, eta arrazoiak izan baditu… Kumitean urrezko domina eta katetan zilarrezkoa lortu ditu. Ametsak amets, “munduko txapelketa irabazi nahi nuke”, aitortu digu.
Jon Lamasek, aldiz, katak nahiago ditu. Borroka izan beharrean alegiazko etsaien aurkako eraso eta defentsa mugimenduekin osatutako erakustaldiak, alegia. Europako lehiaketan estreinakoz hartu du parte eta lehenengo sailkatu gainera.
Lagunarteko giroa nagusi
Jessica Cruzek orain hamalau urte ezagutu zuen borroka-arteen mundua. Gerriko beltza du dagoeneko Jessicak eta karate egiteaz gain entrenatzaile ere aritzen da. Gimnasioan dagoen giro hurbila estimatzen du Jessicak: “Irakasleek asko laguntzen gaituzte, eta hori kirol indibidualetan ezinbestekoa da.” Lagunarteko giroa da nagusi bai gimnasioan, baita lehiaketetan ere. “Oso harreman ona izan dugu lehiakide gehienekin”, diosku Pablo Presumidok.
Imanolek ere txikitatik ezagutzen du tatamia. Lezkano du abizena 16 urteko nerabe honek, izan ere, osaba bi ditu entrenatzaile eta aita ere mundu honetan aditua da. Europako lehiaketan parte hartzea izugarria izan dela aitortu digu. “Gainera, nire kategorian karateka asko izan gara, 24 orotara: errusiarrak, bulgariarrak, estoniarrak… Lehiaketa gogorra eta bizia izan da”.
Garaipenaren bidea
Diana Canterok kumitea du gustuko, hau da, borroka du begiko. Txapelketa honetarako lau hilabetez aritu da entrenatzen eta orain uztak jaso ditu: Europako txapeldun. Haizea Perezek, aldiz, kata eta kumite modalitatean lehiatu da; urrezko eta zilarrezko dominak lortu ditu, hurrenez hurren. “Ez nuen horrelakorik espero, baina pozarren jaso nituen trofeoak”, aitortzen du 15 urteko neskak.
Paula eta Saioa Ispizua bost urterekin hasi ziren karatean. Ispizua ahizpek elkarrekin entrenatzen dute eta helburua ere bera dute: hobetzen jarraitzea. Katetan zein kumitean aritzen dira biak. “Katetan zure aurka lehiatzen duzu, teknika ezinbestekoa da, eta kumitean, aldiz, beste baten aurkako borroka denez lehiakideak eragina du”, argitzen du Paulak.
Karatea, kirola baino gehiago
Kirola baino gehiago da karatea Nerea Edrosorentzat. “Esperientziak partekatzea, gorputza eta burua kontrolatzea, lagun berriak ezagutzea”. Europako lehiaketan familia ondoan izan zuen Nereak; “beharrezkoa dut lagunen indarra hurbil sentitzea”, aitortzen du.
Lehiaketa eta entrenamendu gogorren ostean uda eta opor garaia heldu zaie karateka gazte hauei, hots, merezitako atsedena. Baina irailean izar gazteen distirak berriro argituko du Ying Yan gimnasioko tatamia.
Naroa Cuesta