“Giro onean”: Euskarari ostalaritzan ere bultzada bat ematen

hirinet 2012ko eka. 25a, 12:54

GIRO-ONEAN-2Gasteizko ostalaritzan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko helburuz Gasteizko Udalak “Giro onean ostalaritza euskaraz” izeneko kanpaina abiarazi du.  Datozen asteotan gutxienez Gasteizko 350 establezimenduetan bisitak egingo dira kanpainak eskainitako zerbitzu eta materialak azaltzeko.

Gaur egun ez da erraza izaten Gasteizko edozein taberna zein jatetxetan euskaraz eskatzea, nahi baino gehiagotan euskaldunok gaztelerara jotzeko beharra dugu zer edan edo jan nahi dugun ulertarazteko. Hain zuzen ere, “Giro onean” kanpaina horrelako egoerak gainditzeko eta beste hainbat alorretan beharrezkoa den bezala ostalaritzan ere euskararen normalizazioa sustatzeko jaio da, orain arte Gasteizko Udaletik merkataritzan euskararen alde egindako lanari jarraipena emanez.

GIRO-ONEAN-1Udaleko Euskara Zerbitzutik antzeman bezala, hiriko merkatari eta ostalarien artean euskararekiko interesa handitzen ari da, euskara hiriko komertzioa eta ostalaritza modu positiboan bereizteko elementu gisa ikusten da, komunikazio komertziala eta zerbitzua hobetzeko aukera ematen duelako, eta ondorioz, merkatu segmentuak erakarri eta fidelizatzeko tresna izan daitekeelako. Izan ere, euskarak bizitasuna eransten die bezero zein ostalariei, gehitu baino ez du egiten, eskainitako zerbitzuaren balio erantsia da zalantzarik gabe.

Kanpainari irudia jartzen dioten Rut Etxebarria eta Mikel Zuazo Bodega Rubio eta Matxete erretegiko tabernari eta sukaldariak dira hurrenez hurren eta inork baina hobeto dakite zeinen garrantzitsua den euskarazko zerbitzua eskaintzea. “Gure hizkuntzan zerbitzatzea oso garrantzitsua da” diosku Mikelek eta Rutek “lanean gero eta jende gehiagok euskaraz egiten duela nabaritu dugu, horregatik euskarazko arreta ematea lehentasuntzat dugu”.

Eskainitako zerbitzuen artean, euskara ikasteko diru laguntzak daude baita jatetxe eta tabernetako kanpo errotuluak edo web gunea euskaratzeko ere. Bestalde doako itzulpen zerbitzua eskaintzen da eguneroko lanerako behar diren testuak, menuak edo kartak kasu, euskaratzeko. Honez gain, ostalaritzan gehien erabiltzen diren hitz eta esamoldeak biltzen dituen hiztegi bat ere sortu da. Honekin batera hainbat euskarri doan eskuratzeko aukera ematen da, adibidez itxita eta zabalik kartelak, ordutegi pertsonalizatuak, eskaerak egiteko blokak, pintxoen osagaiak zehazteko txartelak… Honekin batera, Cafes la Brasileñaren laguntzaz kanpainaren leloa duten azukre poltsak sortu dira eta dozenaka taberna eta jatetxeetan banatuko dira.

Eskainitako zerbitzu eta materialak biltzen dituen katalogoa datozen asteetan gutxienez Gasteizko 350 taberna eta jatetxetan banatuko da.

Zurean giro ona nagusitu dadin euskarari leku egin!

 


*Info +: 656 79 78 05 - ostalari@artez.net

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago