Uda, gurekin

hirinet 2012ko eka. 21a, 14:06

EGUZKIAUrteko urtarorik maitatuena heldu da berriz ere. Izan ere, uda goiztiarra (edo gautxori, batek daki) izan da, gaueko 01:09etan esnatu delako. Aurten 93 egun eta 15 ordu egongo da gurekin eta irailaren 22an udazkenari pasako dio testigua.

Urteko urtarorik luzeena dena, aurten azken mendeetan izan den luzeenetarikoa ere izango da. Eta luzera alde batera utzi gabe, gaurkoa ere egunik luzeena duzue; eguzkia 06:32etan atera eta 21:55etara arte ez dugu bistatik galduko. Izan ere, gaur gertatzen den udako solstizioa, Eguzki-aroa eguzkiaren izpiek lurrarekiko elkarzut iparraldeenen jotzen duten eguna da. Hau da, momentu honetan, Eguzkia bere posizio boreal gorenera heltzen da. Egun horretan hainbat ohitura ezberdin daude munduan, batez ere ipar hemisferioan suari loturik. Euskal Herrian San Juan suak ospatzen dira handik bi egunetara. Gasteiztarren artean Judimendiko suak dira ospetsuenak.

Adituek diotenez, aurten Perseidas izar-euri tradizionala abuztuaren 12an izango da eta iaz baino izar gehiago ikusteko parada izango dugu. Antza denez, 2012 honetan Ilargia Ilbehera fasetik gertu egoteak fenomeno hau hobeto ikustea ahalbidetzen baitu. Tamalez, ez dugu udan ez Eguzki ez Ilargi eklipserik ikusiko.

Udaz hitz egiterakoan, ezin ahaztu, eguraldia. Orain arte, Euskalmet uda osorako aurreikuspenak egitera ausartu da, baina aurten urtaro osokoa egingo ez duela iragarri du, ez baitira guztiz “fidagarriak”.  Beraz, udako lehenengo asteburuko eguraldiaren iragarpenarekin konformatu behar. “Eguraldi sanoa” datorrela diote, hau da, eguraldi polita, tenperatura atseginak eta gau freskoak. Udaz goza ezazue!

 

Saioa Fdz. de Arangiz

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago