'Izarren argia' pelikula

hirinet 2012ko eka. 20a, 10:10

izarren argia 

Istorio gordina bezain erreala 'Izarren Argia' filmak aurkezten duena, hain zuzen, 1938tik 1944ra bitartean, Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakumeena. Victoria, errepublikano baten alarguna, 1938an  aipatutako kartzelara heltzen da, bere ahizparekin eta bere semearekin.

Mojek zaindutako emakumeentzako kartzela honetan gerra zibileko gertaera ilun asko gertatzen dira. “Pantera Zuria”-k (horrela deitzen diote presoek kartzelako zuzendariari) presoei semeak kentzen dizkie, ume horiek erregimenaren aldeko familien esku uzteko xedez. Victoriak zigorrak eta irainak jasaten ditu, ihes egiten saiatzen da, baina azkenean egoera horretan bizitzen ikasten du, semea berreskuratuko duen itxaropenaz. 

 

Istorioa latza bada ere, filma gomendagarria da oso. Alde batetik, pelikulan agertzen dena oso hurbil gertatu zen (Gipuzkoan) eta gehiegi ezagutzen ez zen gertaera bat da. Pelikulak hunkitu egin ninduen, dudarik gabe.

Filmak memoria historikoa ekartzen du egunotara eta hauxe izan zen Mikel Rueda filmaren zuzendariaren premisa, hots, emakume horiek jaso zuten bidegabekeria salatzea.

Bestalde, filmaren hasieran infernu horretatik bizirik atera ziren benetako protagonistak agertzen dira, euren bizipenak kontatzeko.  

Aktoreei dagokienez, Itziar Lazkanoren eta Bárbara Goenagaren lana goraipatuko nuke. Izan ere, pelikulak oso plano itxiak eta laburrak erabiltzen ditu (gutxi dira ikusten dira paisaien eta kartzelaren plano zabalak) eta halarik ere, aktoreek oso ondo jasaten dituzte lehenengo plano hauek. Aitzitik, plano mota honen aukeraketa ez da kasualitatea eta zuzendariak klaustrofobia eta iluntasuna sentsazioa areagotzea lortzen du. 

Trailerra

Fitxa teknikoa

Izenburua: Izarren argia

Zuzendaria: Mikel Rueda

Aktoreak: Barbara Goenaga, Itziar Lazkano, Estibaliz Gabilondo, Klara Badiola,Teresa Calo, Amaia Lizarralde, Garbiñe Insausti, Sara Cozar, Amagoia Lauzirika, Itziar Ituño, Patxi Santamaría.

Iraupena: 90 min

Urtea: 2010

Generoa: Drama

Filma online ikusteko sakatu HEMEN

Egilea: Bego Martin 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide