Edu Iñiguez de Heredia Laminaciones Arreguiko langileari elkarrizketa

hirinet 2012ko eka. 18a, 13:28
edu-arregio-3Aurreko astean, Hirinet-ek Edu Iñiguez de Heredia Celsa Atlantic-eko (Laminaciones Arregui ohia) langileari egin zion telefono bidezko elkarrizketa.
Hainbat urteetan lan egiten zuen enpresak ixteko asmoa iragarri zuenean, Eduk zerbait egin behar zuela sentitu zuen eta maiatzaren 21ean Ibilaldi Transpiriniarrari ekin zion, Bartzelonan egoitza nagusia duen Celsa Atlantic-eko arduradun gorenari bere aldarrikapenak plazaratzeko asmoz.  Abentura erreibindikatzailea posible egiteko “lan-talde prestatua eta ikaragarria” duela dio Eduk. Eta nola ez, guzti honen berri emateko sare sozialak ditu lagun; ‘De mar a mejor” blogak eta Facebook-eko profilak bidaiaren nondik norakoak eta honen inguruan suertatzen diren berriak jasotzen baitituzte.

Baina gaurkotasunak agintzen du eta asteburuan Celsa Atlanticek iragarri zuen moduan, Gasteizen eta Urbinan dituen bi enpresak itxi egingo ditu, enpresa batzordearekin ez baitu lortu enpresen jarduna ahalbidetuko duen bestelako plan bat martxan jartzeko akordiorik. Emaitza, 358 langileak kanporatuak izango dira.

Egoera honen aurrean, Hirinet-ek berriro hitz egin du Edurekin. Oraingoan, urrunean Mediterraneo ikusten zuela esan digu baita bihar, Bartzelonara helduko dela ere. Enpresaren erabaki honen aurrean, ez du bere asmoa bertan behera utziko eta gaur bertan, Celsa Atlanticeko jabea eta zuzendari nagusia den Francesc Rubiraltak asteazkenean hartuko duela aurreratu digu. Ez da bakarrik egongo. Bartzelonako egoitzaren langileek bazkari herrikoi batekin harrera egingo diote eta bi dira Gasteiztik bertara abiatuko diren autobusak.

edu-arregi-handiaNola bururatu zitzaizun ‘De a mar a mejor’ aurrera eramatea?

Enpresa ezberdinetan egiten ari diren mobilizazioak eta aldarrikapenak ikusita, 1992. urtean Asturiaseko meatzariek egin zuten Martxa Beltza etorri zitzaidan burura, non meatzariek oinez egin zuten Madrilerako bidea. Alor pertsonalean, enpresa ixtera doala esaten dizutenean, bakoitzak bere bizitza berriz planteatu behar du eta etorkizunean egingo duzunaz pentsatu behar duzu: lan berria bilatu, zure seme-alabak zaindu, ikasi… Honetaz guztiaz hausnartzeko egun batzuk mendira joatea pentsatu nuen eta aipatutako Martxa Beltzarekin lotuta, Celsa Atlantic-eko egoitza dagoen lekuraino, Pirinioetatik, oinez joatea bururatu zitzaidan. Honekin guztiarekin zera demostratu nahi dugu; guk langileok, bai maila politikoan zein maila ekonomikoan ondo gidatzen bagaituzte, guk behar bezala erantzungo dugu. Hau da, ni ez eskarmentu handiko mendizalea, baina nire atzean lan-talde ikaragarria dago eta etengabe esaten dit egin beharrekoa, dena ondo atera dadin. Hortaz, honekin erakutsi nahi dugu ondo gidatuak baldin bagara, edozein enpresa, proiektu edo ekonomia aurrera ateratzeko gai izan gaitezkeela.

Asmoa Bartzelonara heltzea baino zerbait gehiago izango litzateke, beraz…

Helburu nagusia ez da Bartzelonara heltzea, bai ordea, agerian uztea hori lortzeko gai garela. Eskarmentua handia izan gabe, baliabide tekniko ikaragarriak eduki gabe, pixkanaka bidea egiten ari gara, dagoeneko Andorraraino heldu gara eta kapazak gara. Hortaz, helburua enpresak gu gure asmo hau lortzeko gai garela ikustea da eta gauzak kudeatzeko eta egiteko modua aldatu behar dela. Orain arte gauzak ez dira ondo egin eta enpresariek, bankuek eta politikariek ikusi behar dute gauzak ondo egiten baldin badira, guztiok ondo erantzungo dugula. Egia esan, ez nuen nire burua kapaz ikusten hau amaitzeko baina egunak pasa ahala, konturatzen ari naiz gai izango naizela.

Azken finean, zuen nahia ekimen honetan egiten ari zareten talde-lan honen filosofia enpresaren mundura eramatea da, ezta?

Hori da, bai. Lan bat egiten duen jendeak ongi egiten badu, hots, duintasunez, zintzotasunez eta gardentasun osoz, langileon erantzuna ona izan da. Adibidez, nik abentura honetan sartu naiz atzean ekipo on bat daukadalako; dena behar bezala prestatzen lagundu didate, mendiaren inguruko aholku tekniko bikainak eman dizkidate, hedabideekin harremanak bideratzen lagundu didate… Hau da, nik talde honekin edozer gauza egiteko prest egongo nintzake. Baina enpresen gidariek, nire ustez, ez dituzte balorerik, ez dira gai egiten dutena ondo egiteko eta hortaz, euren lanpostuak bertan behera uztea izango litzateke hoberena,  horretarako prestatu dagoen jendeari lekua utziz. Nire taldearekin edonora joan naiteke; enpresari eta zuzendari hauekin, inora.

Zein izaten ari da gasteiztarren zein bidean topatzen ari zaren jendearen erantzuna?

Goi-mendiko etapak kenduta, non ia-ia bakarrik egon naizen, orokorrean, jendearen harrera oso ona izan da. Kontatu diet zein den gure kasua, eurek ere eurenak kontatu dizkidate. Gasteizko erantzunari dagokionez, ez dakit oso ondo, baina heltzen zaizkidan berrien arabera, jendea gure alde dagoela dirudi. Esaterako, oraintxe bertan nire lankide batekin hitz egin dut eta esan dit, aurreko egunean ilea moztera joan zela eta Laminaciones Arreguiko langilea zela esan zioenean, ilea dohainik moztu ziotela ile-apaindegian. Horrez gain, kamisetak saltzen dituztenek, askotan ikusten dute, jendeak kamiseta ordaintzen dutela baina azkenean ez dutela eramaten. Hortaz, detaile txiki hauek dira hiria gurekin solidarizatuta dagoela erakusten dituztenak. Gasteizen ez egon arren, jakin badakit, gure aldarrikapenak oso zibilizatuak eta duinak izaten ari direla. Momentuz, ez dira indarkeriazko ekintzarik egon eta hiritarren erantzuna ona izaten ari da.

EDU---ARREGUI-2Esfortzu guzti hau emankorra izango dela uste al duzu?

Ba egia esan, ez dakit. Pertsonalki bai, dudarik ez. Enpresaren erantzunaren zain egon beharrean, langileok hasi gara ibiltzen, gauzak egiten. Ez dakit egin beharrekoa egiten ari garen eta ez badu funtzionatzen bestelako gauzak probatu behar izango ditugu. Izan daiteke, lehenengo egunean, Gasteiztik atera ginenean, esaten genuena bidea aurrera egin ahala aldatu izana, hau da, diskurtsoa aldatu izana, mendiak eta bizi ditugun egunek aberasten gaituztelako eta egunero jendeak esaten dizunak, ikasten dituzun gauzek eta finean, bizi dituzun gauzek gure ikuspuntua aldatu gaituzte. Beraz, ez dakit emankorra izango den ala ez. Amaitzean esango dizut!

 

Saioa Fdz. de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide