Bai, harrigarria da baina 2012an oraindik ez dugu hegaztien gidalibururik euskaraz. Ornitologoak bai, ugari, naturzaleak ere bai, eta maila zientifiko altua dutenak gainera. Eta horietako asko euskara ondo menderatzen dutenak. Euskal Herri osoan, eta Araban ere bai. Baina, salbuespenak salbuespen, naturzaletasuna erdaraz mintzo da oraindik gurean. Badirudi kezka nagusia ingurumena zaintzea dugula, hizkuntzen ekologia alde batera utzita.
Aranzadi elkarte prestigiotsu eta aitzindariak ere ez dauka arazorik Jaizkibelgo itsas-labarren balioaz eta hura babestu beharraz espainiera hutsez jarduteko, non eta Gipuzkoa hiper euskaldunean. (http://www.aranzadi-zientziak.org/video/la-riqueza-ornitologica-de-jaizkibel)
Naturzaletasuna gaztelaniaren eskutik, beraz. Biodibertsitatea aldarrikatzen ari gara eta monokultibo erdalduna praktikatzen. Esan bezala, bada garaia hizkuntzen ekologiaz ere hitz egiteko. Bitartean, gaztelaniazko Guia de aves de Euskal Herria baino, nik nahiago euskarazko Espainiako hegaztien gidaliburua hipotetiko bat. Tamalez, hori ere ezin.


Martin Rezolak bidalia
Sorpresa hartu nuen lehengoan, “Sua Edizioak” argitaletxeak Guia de aves de Euskal Herria atera berri duela irakurri nuenean, “Euskal Herrian argitaratzen den era honetako LEHENENGO GIDALIBURUA” (letra lodi eta guzti). Non dago nobedadea?, galdetu nion neure buruari, tituluan ez bada? Zeren eta, nik dakidala, asko baitira aspalditik eskura dauden “era honetakoak” (gaztelaniaz alegia).