Askok uste dute matxismotik erabat libre eta urruti daudela emaztea edo bikotekidea jipoitzen ez dutelako. Asko sinetsita daude komunikabide batzuetan azaltzen diren kasu urrun bakan horiek direla genero-indarkeriaren erakusgarri bakarrak. Baina genero-indarkeria, maiz, bertantxe dugu, bizilagunen sukaldean, ahizparenean, etxepeko tabernan, plazan, norberaren logelan bertan, ezin konta ahal modu eta ñabarduratan aletua. Ez han bakarrik; hemen ere bai.
Hango hura gogoratu,
honako honetaz ahaztu gabe.
Zabaltzen dugu begirada, urruneko emakumeak nola bizi diren jakiteko, eta “gaixoak”, esaten dugu. Ustez miopia sendatu nahi, eta hipermetrope bihurtzen gara; zinez errazagoa baita beti hangoari errukiz eta gurasokeriaz begiratzea, bertakoari begirada zorrotz kritikoz so egitea baino, barren-azaletako xenofobia eta matxismo bizia herritarren segurtasun-eskubidearen eta emakumeen giza eskubideen aitzakian listukatzen duten alkate eta abarrek akuilaturik. “Zer gaizki bizi diren haiek, eta zer ondo gu”.
Hango hura gogoratu,
honako honetaz ahaztu gabe.
Emakumeen kontrako indarkeriaaipatu, eta ematen du emakumeen problema hutsa dela, indarkeria hori espiritu santuak edo izaki etereo ikusezinen batek sortuko balu bezala, edo gizon burutik gaixo bakan batzuek, eta ez ederki gizarteratutako gizon frankok (gure anaiek, osabek, lagunek, ohaideek), gainerako gehienon begirada laxoaren pean. Oraindik ere, maizegi, emakumeoi irakasten baitzaigu nola saihestu erasoak, gizonak eraso ez egitera behartu ordez.
Azaroaren 25etik aurrera ere, arren,
hango hura gogoratu,
baina honako honetaz ahaztu gabe.