Gasteiztik: puxa minero

hirinet 2012ko eka. 15a, 11:32

meatzariakwebEz digute ezer kontatzen. Baina gertatzen ari da. Gasteiztik 300 kilometrora.

Aurreko gobernuak ikatz-meatzaritza desegiteko azken plana diseinatu zuen. Zertarako? Meatokien-ustiapena bertan behera utzi eta, bere tokian, industria-jarduera berriak abiatzeko, pixkanaka-pixkanaka.

Industriaren birmoldaketa honetarako, 700 miloi euro baino gehiago aurreikusi zituen Ikatzaren Planak. Baina orain, Raxoiren gobernuak bere artazi beldurgarria sartu dio planari. Ehuneko 65eko murrizketa egin nahi dio.

Ondorioz, ikatza ekoizteko laguntzak herenera murriztuko dira; meatze-herrietan azpiegiturak egiteko diru-saila  izugarri argaldu da; meatzarien seme-alabek ikasteko bekak ia ia desagertu egin dira; enpresa mota berriak sortzeko dirua, ogi apurrak dira orain; eta meatzarien segurtasuna bermatzeko milioietatik... txintik ere ez dute utzi.

Ikatza baino etorkizun beltzagoa marraztu zaie meatze-herrietako familiei.

Asturiaseko meatzariak greban jarri ziren maiatzaren amaieran. Ikatzaren langile batzuk putzuen iluntasunean itxialdia egiten ari dira, argi-txinparta bat pizteko itxaropentsu. Madrilera martxa ere egin dute. Eta bertan meatzari bat atxilotu dute, terrorismoz akusatua. Industria ministerioan kateatu  egin dira. Eta kongresutik ere bota dituzte, kamiseta beltzak erakusteagatik.

Egunotan, Asturiasen (eta baita  Leon eta Palentziako meatoki askotan ere), ez da meatzaririk putzuetan sartzen, protesta egiteko ez bada.

Etsipenik ez. Barrikadak egin eta ehundaka errepide eta trenbide itxi dituzte.

Gutxi balitz, garraiolariak eta bitarteko irakasleak ere greban jarri dira.

Poliziak hartuta dago Asturies.

Eta ez, guk ez dugu komunikabide hedatuenetan honi guztiari buruz ezer entzungo.  Errepideak moztu dituztela esango digute, agian, eta poliziak zauritu direla, eta koktelak jaurti dituztela. Baina hitzik ez, meatzarien aldarrikapenei buruz. Ez, behintzat, New York Times edo Financial Times irakurtzen ez baditugu...!

Silenciu mediaticu, salatzen dute asturiar askok.

Silenciu mediaticu. Badaezpada. Ez dute nahi izango duela 50 urte gertatu zena errepikatzerik. Orduan, 1962an Asturiaseko meatzariek egindako greba hurak, Francoren erregimena dardarka jarri zuen; sindikatu bertikal frankista ahuldu zuen eta langileen batzordeen jaiotza ekarri zuen.  Euskal Herrira ere zabaldu zen meatzarien borroka.

Ekainaren 18an estatu espainiarra geldiarazi nahi dute.

Ez digute ezer kontatuko. Baina gertatzen ari da. Gasteiztik 300 kilometrora.

Eta nik, nik ez dakit ikatzaren planak nolakoa izan behar duen.

Baina nire buruari galdetu diot:

Ez ote da duintasuna izango  meatzari askok putzuetatik atera duten metalik preziatuena?

Esku beltzak. Bihotz gorriak.

Puxa langile!#silenciumediáticu #ResistenciaMinera #AsturiesArde

 

Itsasne

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago