Krisi ekonomikoa gogor astintzen ari da Araba

hirinet 2012ko eka. 13a, 13:11

araba-ez-itxi

LAB sindikatuak Arabako egoera ekonomiko eta soziala salatzen duen 'Araba Ez itxi' kanpainari amaiera emango dio ekainaren 14an, ostegunean, ospatuko den manifestazioarekin.

Sistema finantzieroaren krisia, beste herrialde batzuetan bezalaxe, Arabako egoera ekonomikoa ere kolokan jartzen ari da.

2012ko lehendabiziko hiruhilabetekoan bakarrik 1540 bat lagunek Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) pairatu dute. Pertsonal murrizketak, suspentsioak edota lanpostu suntsiketak ere barra-barra eman dira azken urteotan.

Egoera gordin honi, gainera, 1700 langileri eragiten dien Michelin Gasteizko murrizketa espedientea batu behar zaio. Zentzu berean, datu hauek lanpostu zuzenei bakarrik erreparatzen diete, hau da, enpresa handi hauetarako, ia esklusiboki, lan egiten duten enpresa txiki eta ertainekoen datuak gehitu beharko liratezke. Enpresa handiak aplikatzen ari diren murrizketek zeharka enpresa txiki eta ertainei eragiten diete, eta hauetako asko ixtera edota langileak kaleratzera behartuta ikusi dira.

Arabako sare industriala osatzen zuten enpresak, hala nola, Caravanas Hergo, Kennametal, Yosutehermik, Ceplastik, Saunier Duval, Kemen, BH, Cegasa, Mobiliario Bior, Daewoo edota Esmaltaciones San Ignacio orain desertu ekonomiko bilakatu dira. Bestalde, Celsa Atlantic, Condesa, Benelli, Arrieta S.L., Cobra eta Plasticos Gorbea enpresak, besteak beste, langile, soldata edota etengabeko eskubide laboralen murrizketak jasaten ari dira. Enpresa hauetan guztietan, prozesu ezberdinak eman badira ere, oinarrian arazo berdinarekin egiten dute topo: kapitalaren politika neoliberalarekin.

Tamalez, hau ez da bakarrik industria sektorera mugatzen, krisi honek enplegua suntsitu eta lan eskubideen eskastea ekarri baititu zerbitzu sozialak bezalako esparruetan. Biztanleriaren gehiengoak bizi baldintzen pobretzea pairatzen ari denean eta zerbitzu hauek sozialki are beharrezkoagoak direnean, gastuak murrizteko pribatizazio eta eztuko EEE prozesu bat jarri dute martxan. Eta, horren adibide dugu Araban etxeko-arretan lan egiten zuen kopurua 1200 lagun izatetik 800 izatera jaitsi izana.

2007tik krisi ekonomikoa forma hartzen hasi zenetik, patronal eta langileen artean gatazka soziala duten enpresen zerrendak amaierarik ez duela ematen du. Batzuk itxi egin dituzte, beste batzuk ia guztiz desegin eta besteetan, EEEek bertako langileria itota daukate. Egoera hauxe izanda, LAB sindikatuak honen salaketa jendarteratuko du datozen egunetan. Sindikatuaren iritziz, beste eredu ekonomiko eta sozial bat lortzeko bidean, beste politika sozial eta ekonomiko batzuk aplikatzea ezinbestekoa da, eta Euskal Herrian eta Araban, horretarako behar besteko indar eta babes sozial nahikoa dagoela argi dute. Informazio eta salaketa kanpainari ekainaren 14an emango zaio amaiera manifestazio batekin. Protesta arratsaldeko 19.30etan abiatuko da Bilbo plazatik.

 

LAB sindikatua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago