Willis Drummond taldeari elkarrizketa

hirinet 2012ko eka. 13a, 12:23

  

wd---bukowskiwebtxiki

Iparraldetik datorren taldeak 2004an bere lehenengo kontzertua eman bazuen ere, 'Antologhy' lehen diskoa izan zen frenorik gabeko ibilbide sendo baten abiapuntua. Egun, asko dira laukotearen kalitatea goraipatzen dutenak eta taularen gainean adierazten duten kemena, oraingoan, Gasteizko ARF jaialdian ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnak. Willis Drummond abeslaria eta gitarra den Jurgirekin solas egin du Hirinet-ek. 


2007an ‘Antologhy’ lehen diskoa autoekoiztu zenutenetik, hiru disko (zuzeneko bat eta estudioko bi) kaleratu dituzue, ‘Txinaurriak, Mikel Laboari ikasitako kantuak’ bilduman parte hartu duzue eta hamaika kontzertu eskaini dituzue. Erritmo bizia zuena, ezta? 

Bai, erritmo bizia... eta oraindik mila proiektu dauzkagu egiteko. 2009ko amaieran egin genuen 3 hilabetetako pausa bat salbu, erran dezakegu baduela 5 urte eten gabe ahal bezain bat jotzen dugula, bai zuzenean, bai lokalean, bai estudioan... hau da gure bizitza.


Lehenengo disko horretatik, ‘Istanteak’ azken lanera, nola eboluzionatu du zuen musikak?
 

Gauza asko teorizatzen ditugu, baina ez egiten dugun musika. Hastapenetik gure musika eboluzionatu da, entzuten ditugun eta bizitzen ditugun gauzen arabera, bai eta taldearen osaketaren arabera (garai batez Fender Rhodes tekla batzuk zeunden ere taldean)... Baina uste dut, edo bederen espero dut, hari komun bat dutela gure diskoek, gure musika garenaren isla bat baita beti, eta ez zait iruditzen hain beste aldatu garenik...


wd---sonicswebFugazi eta AC/DC taldeak aipatu ohi dira zuen musika definitzerakoan. Ados horrekin?
 

Guk gure musika definitzeko oso txarrak gara, beraz hobe besteek egiten badute... AC/DC eta Fugazirena usu entzuten dugu, eta egia da guk ere orain erabiltzen dugula noizbehinka ere, sinple egiteko. Badakizu, gaur egun bi modu daude zure musika laburbiltzeko. Lehena da hitz espezializatuak erabiltzea, usu inork ulertzen ez dituenak (post-rock, post-hardcore, emo-punk, etab...) eta nahiko subjektiboak direnak: guk adibidez deskubritu dugu « hardcore/ post-hardcore » egiten genuela Mondosonoro-ko 2011. urteko TOP10a ikusiz. 

Beste bidea da zenbat talderen izena ematea, eta hori egitekotan, usu ezagunenak aipatzen dituzu... baina uste dut AC/DC eta Fugazi influentziak direla, beste askoren artean, baina gure musika ez duela haien musikaren itxura ere... Edozein gisaz, nik usu esaten dut gure influentziak direla bizitza osoan entzun eta irentsi ditugun talde guziak, eta musikaz aparte bizitu dugun guzia ere. Egiten duzun musika beti horretan oinarritzen da: kanpotik barnera sartu zaizun musika, eta barnetik kanpora azaldu behar duzuna...  


Zer musika entzuten da Willis Drummond-eko kideen kotxeetan? 

Pufff... gauza asko eta ezberdinak... izen asko eman ahal nituzke, baina bueno, idei bat izan dezazun, eman diezazuket aste hauetan bastante entzun ditudanak; The Drones edo Beast of Bourbon talde australiarrak, Shannon Wright, Ben Harper-en azkena (batzuentzat lotsagarria izan daiteke baina nik onartzen dut. Izan da 2011ko sorpresa, aurretik egin duenarekin deus ikustekorik...), Su ta Gar-en  ‘Jainko hilen uhartean’ (azkena ez baitaukat oraindik), The Hot Snakes, Xabier Montoiaren ‘Mundu miresgarria’, Lisabören ‘Egun bat non nahi’ , Wilco-ren ‘Sky blue sky’, Muturbeltz eta beti bezala Pearl Jam-en disko bat belarrietatik hurbil atxikitzen dut...eta nola ez, nahiz eta « clichet » izan, autoan entzuteko disko hoberena ‘Let there be rock’ da beti.  



Zer diote zuen abestiek? Nolakoa izaten da sortze-prozesu hori eta nondik ateratzen dituzue ideiak?
 

Egun hauetan preseski nago prozesu honetan, disko berria maketatzen baikara etxean... Ene hitzez, gure musikaz hitz egitea baino zailagoa da oraindik... Uste dut entzun edo irakurri behar direla, eta preziatu ala ez... 

Ez naiz poeta bat, baina ez dut lortzen gauzak manera arruntean aipatzea ere, beraz ez dakit non kokatu ahal diren gure kantuak... Willis Drummond ez da talde militante bat, edo aktibista bat, baina hala ere, uste dut pentsatzen duen jendea garela, eta espero dut zenbait mezu ulertzen direla gure zenbait abestietan... Beste abesti batzuk pertsonalagoak dira. Hauek idazten ditut nire barnean hobeto sentitzeko, eta ez dut haien komentatzeko beharrik sentitzen... Sortze-prozesu bera nahiko nahasia da, eta sufrimendu bastante sortzen du nigan, baina balio du uzten dizun askatze sentsaziorentzat. 


‘Txinaurriak, Mikel Laboari Ikasitako kantuak’ bilduman parte hartu zenuten, Berri Txarrak, Lisabo, Anari edo Ruper Ordorika bezalako euskal talde eta bakarlariekin batera. Nola sortu zitzaizuen aukera hura eta nolakoa izan zen esperientzia?
 

Proiektu hori magnifikoa izan da, eta bertan parte hartzea eta Mikeli omenaldi bat ematea ohore bat izan da. Dena hasi da Lisabo-ri esker, hauek aipatu baitzuten Laboa familiarekin bilduma hori egitea. Naturalki BIDEHUTSekin argitaratzea izan zen ideia segidan, eta disketxe/mekanismoaren kide guziei luzatu izan zitzaien gomita, beste artista edo taldeei zabaldu aitzin. Guk ere BIDEHUTSekoa izaki, parte hartu genuen abenturan plazer handi batekin, eta egia esateko, disko hori entzuten dut oraindik askotan, lehen abestia salbu bistan da...


Ipar Euskal Herriko taldea zareten heinean, zailago egin al zaizue zuen lana ezagutaraztea?
 

Gauzak zehazteko, Rafa irundarra da, beraz, erran dezakegu muga gaindizko taldea bat garela, kar kar… Baina egia da gaur egun guztiak Iparralden bizi garela. Ez dakit Iparraldeko talde bat bezala ikusia izatea arazo bat edo abantaila bat izan den hastapenean, baina uste dut geroztik gure kontzertuek batez ere gaituztela ezagutarazi, eta hor, ez da agertzen mugako ze aldetik heldu garen. Beraz, ez dut uste garrantzi handirik duen. 


Nolakoa da, hain zuzen, Iparraldeko musika eszena?
 

Askotan galdegiten digute hori... eta usu nahiko ezezkorra naiz esanez neurri oneko gela bat falta dela Baiona inguruan. Baina aldi honetan, baikorragoa izango naiz, entzun baitut seguraski musika kolektibo batek lortuko duela kontzertu gela bat irekitzen. Deus ez da ziurtatua oraindik, beraz, adi egon behar gara, baina berri oso ona litzateke! Musikalki, gauza aski interesgarriak pasatzen dira urte hauetan, jakinez iparralde osoa 300.000 biztanleko lurraldea dela orotarat. Ez dut maite izenak ematea, beti lagun talde bat aipatzea ahanzten baitut, bainn berriki uste dut musika bortitzean kalitatezko gauzak agertu direla, batez ere Lapurdin, The Entreprise edo The Rodeo Idiot Engine bezalako taldeekin... Euskaraz ari den talde berri batek duela gutxi atera du bere lehen diskoa: Torii da taldea, ‘Lehenbiziko atea’ diskoa... ez da salgai baina doan mana daiteke haien Myspace-ean... entzun behar dira... Antolatzaileen artean, gauzak hobetzen dira ere, nahiz eta lege libertizidoak antzinatzen diren edonon bezala... baina gaztetxeek lanean segitzen dute, La souche rock  bezalako elkarteek kalitatezko gauzak antolatzen dituzte, eta berriki Atabal aretoaren burua hartu duen François Maton-ek seinale onak egin ditu lekuaren programazio zabaltzeko... Publikoari orain presente izatea, baina egia da kontzertuen kultura nahiko ahula dela gure lurraldeetan. 


wd---bukowski-concertwebZuen kasuan musika ogibide duzue edo ezinezkoa egiten zaizue?
 

Ene buruan musika betidanik izan da lehentasuna, horretarako eginak bai gara gu lauak, eta horretako, duela urte eta erdi erabaki genuen musikari kontsakratzea gure denbora... Ezin dugu esan benetako ogibide dugula taldea, ez baikara osoz taldeari esker bizi, baina ez dugu beste ofizio iraunkorrik... Ahal dugun denbora gehiena musika egiten pasatzen dugu, eta horrela jarraituko dugu ahal bezain luzaz. 


Hau ez da Gasteizera etorriko zareten lehendabiziko aldia. Izan ere, Gaztetxean eta Pabilioi Unibertsitarioan izan zarete. Oraingoan, ARF-eko eszenatokira egingo duzue salto. Zein da leku txiki eta intimo jotzearen eta jaialdi masibo batean jotzearen arteko ezberdintasuna?
 

Gasteiz izan da, Irunekin, gure atea hegoaldera sartzeko. ‘Anthology’ kaleratu zenean, Hala Bedi irratiak lehena ipini zuen Zarata-rentzat egiten zuen hilabeteko zerrendan... Beraz asko zor diogu Gasteiz-i... 

Lehen kontzertua ez zen gaztetxean izan baizik eta Parral tabernan. Hor ezagutu genituen beraz Hala Bediko jendea, eta geroztik adiskidetu ginen osoz. Zure galderari erantzuteko, desberdintasun asko badago leku intimo eta eszenatoki handien artean, baina biek plazerra sortzen dute... leku ttikietan, jendearekin konpartitzen duzuna da gauza azalduezina, benetan magikoa da. Baina eszenatoki handiek ere badute hain xarma., hori ere deskribatzeko zaila. Ttikia ala handia, inportantea da jendea ondo pasatzea eta zerbait konpartitzea, eta hau ez da soilik neurriaren araberakoa, faktore anitz dira.


Ostiralean, zuen kontzertu amaitu bezain pronto Lisabo euskal taldearen txanda izango da. Biak ARF-en joko duten euskarazko talde bakarrak izango zarete. Ez al da horrelako jaialdietan bertako eta euskarazko taldeen presentzia suspertu behar?

Egia errateko, ni ez naiz kota batzuk ezartzearen alde... ene iduriko, festibalen programazioa kalitatean eta antolatzaileek dituzten gustuetan oinarritu behar litzateke, eta kasu horretan, uste dut euskal talde gehiagok lukeela bere lekua festibaletan... Baina festibalen funtzionamenduak beste logika batzuk jarraitzen ditu gaur egun, nik ulertzen edo menperatzen ez ditudanak. Hala ere, azpimarratu behar dut alimaleko plazerra dela Lisabö ere ARFen egotea : lagunak izateaz gain, Euskal Herriko talde onena baita momentu honetan ene iduriko...


Etorkizunera begira, zein da taldearen asmoa?

Elkarrizketan zehar aipatu dudan bezala, disko berria prestatzen ari gara, udan honetan grabatuko duguna eta azaroan argitaratuko duguna. Beraz, horretan daukagu burua topera, eta horren ondotik eginen dugun aurkezpen biran. Gero saiatuko gara ahal bezain bat eta ahal bezain leku ezberdinetan kontzertuak ematen 2012 urte osoan... eta gero... bah... gero ikusiko, bainan aintzina goaz beti, ez dago beste biderik.

 


Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago