Lisabö taldeari elkarrizketa

hirinet 2012ko eka. 13a, 11:15

lisabo-ertaina‘Animalia lotsatuen putzua’ azken diskoarekin kritika zein publikoaren oniritzia jaso ostean, Lisabö talde irundarra indarrez beteta dator datorren ostegunetik aurrera hiria musikaz beteko duen ARF jaialdira. Aldizkari espezializatuen esanetan, “urteko diskorik onena”, zuzenean eta gordintasun osoz sentitu nahi baduzu, ezin duzu hitzordua galdu; ekainaren 15a, ostirala, Mendizabalan.Oraingoan, Hirinet-ek Karlos Osinaga taldekidearekin hitz egin du.


15 urte inguruko ibilaldia eta sei disko merkatuan. Gauzak patxadaz hartzen dituzuela esan daiteke?

Hori erlatiboa da. Sei disko izan beharren zortzi izango baziren, posible da beste itxura bat izatea. Munduko talde guztiak bezala, guk gure martxa daukagu. Beste gauza batzuk ditugu egiteko eta zaila da askotan denbora aurkitzea. Izan ere, hau ‘hobbie’ bat da eta gauzak disfrutatzeko egiten ditugu eta ondo egiten saiatzen gara.  Ez dugu inolako inposaketarik datei dagokienez. Dena den, kanpotik horrela ikus daiteke, bai!


lisabo-handiaDenbora luze honetan taldekideen heldutasuna eman den moduan, Lisabörena ere eman dela esango zenuke? Zuen musikaren eboluzioa nahitaezkoa edo bilatua izan da?

Agian hasieran bazegoen bidea markatzeko asmo hura, ez baitakizu nora jo, baina behin bidea aurkituta, bide hori irekitzen da eta zuk jarraitzen duzu. Musikak berak proposatzen ditu bideak eta nahi duzuna aukeratzen duzu. Diskoak eta kantak egiterakoan sentitu nahi duzun sentsazioa zein den badakizu eta hori izango litzateke premisa bakarra. Hortik, bidean topatzen dituzun gauzak hartu edo uzten dituzu. Azken finean, prozesu naturala da.

Gure musika aldatu den ala ez esatea oso erlatiboa da. Batzuentzat gure lehenengo eta gure azkeneko abestiak berdin berdinak izan daitezke. Beste batzuentzat, ordea, erabat ezberdinak. Azkenean forma oso anekdotikoa da eta mantentzen dena sentsazioa da. Guk ohartzen badugu kantu batek ematen duen sentsazioa ona dela aurrera jarraitzen dugu. Eta eboluzioa, bizitzan bezala, eman da gure musikan, bai. Horretan bagara zorrotzak, hau da, egiten dugunarekin kontent geratzea da gure helburua eta filtro hau pasatzen bada imajinatzen dugu eboluzio hori ematen dela.


‘Animalia lotsatuen putzua’ lanak poztasun handiak ekarri dizkizue. Izan ere, kritikaren goraipamena lortu du eta aldizkari espezializatu batzuek, urteko bildumarik onenaren izendapena egotzi diote. Zer dauka lan honek aurrekoek ez dutena? Edo zuen ibilbidearen errekonozimendutzat hartu duzue?

Oker ez zabiltza. Nik uste bien arteko nahasketa bat izan dela. Guk adibidez disko honekin oso kontent geratu gara. Beti diskoetan prozesua asko luzatzen da eta askotan perspektiba galtzen da eta beraz, ez dakigu zer ari garen egiten. Kasu honetan, pozik geratu ginen, igual planteamendua ezberdina izan delako edo diskoarengatik, akaso. Naturalagoa izan da, oso denbora gutxitan egin dugu, kantuak egiten ziren bitartean grabatu genituen eta ez genuen perspektiba handirik diskoari dagokionez. Baina baliteke azken lan hau gordinena izatea.

Hala ere, gure ibilbidearen errekonozimendua ere izan daiteke. Kanpoan, eta Euskal Herrian ere, beti kritika onak izan ditugu, batez ere, Madrilen eta Bartzelonan. Baina, tira, guk gauzak egiten ditugu eta ez dugu ezer bilatzen, ez ditugu gauzak egiten helburu bat lortzeko. Nik uste dut jendea beti berandu heldu dela diskoetara eta oraingoan zain zegoen. Faktore hauek guztiak lotuta azal daiteke ‘Animalia lotsatuen putzua’-k izan duen harrera ona.


Beraz, kritikaren harrera ona. Eta publikoarena?

Publikoarena beti ona izan da. Kanpoan bereziki. Izan ere, kanpoko gauzak beti beste modu batean ikusi ohi dira, denoi gertatu zaigu. Baina gaur egun, ez dira gauzak gehiegi aldatu. Kurioso gehiago egongo dira baina Lisabö ezagutzen duen jende kopurua mantentzen dela esango nuke. Beste kontu bat da, prentsari esker, adibidez, kontzertuetara hurbiltzen den jendea. Baina portada batean agertzea anekdotikoa da. Baina, tira, egia esan gozamena da euskarazko talde bat ‘Rockdeluxe’ bezalako aldizkari batean agertzea.


Lisabören musika esperimentala eta pertsonala diote batzuk. Ados definizio horrekin?

Esperimental bezala ez dut ikusten! Egia da, ez ohiko musika izan daitekeela, ez da irratian normalean entzuten den musika baina ez da munduko beste gauza bat. Musika gordina eta intentsua bada eta ez da egunero entzuteko musika, hau da, gure musika honekin kontaktatzeko momentu aproposa bilatu behar dela esango nuke. Ez nuke jakingo nola definitu, baina nire ustez, hori ez da inportantea.


Ez ohikoa bada ere bateria bi erabiltzea. Zer ematen dizue honek?

Gauza guztiak bezala, probatzen hasi ginen, ez zen guk bilatutako zerbait izan. Ia jolas bat bezala hasi ginen bi bateriekin. Bagenekien gustuko genuela, bagenekien bat ez zegoenean bestea faltan botatzen genuela. Beti esaten dut berdina, baina bizitzan bezala, ohitura bati heltzen diozu eta ez duzu planteatzen zergatik egiten duzun.


Egun, hasiberriak diren talde askoren erreferentziazko taldea zareten heinean, zeintzuk ziren hastapenetan kontuan hartzen zenituzten taldeak? Non aurki daiteke zuen estiloaren jatorria?

Gazteago zarenean beti daude bi influentzia oso inportanteak; batetik, kanpoko talde faboritoenak eta bestetik, gertukoenak. Guretzako DUT taldea errebultsibo bat izan zen, hemengo musikan ezinbestekoak izan zirela uste dugu. Zorionez, Irunen eta eskualdean talde asko egon dira eta horrek ere musika egiteko nahiak zabaldu dizkigu. Kanpoko taldeei dagokionez, Fugazi asko maite genuen. Gero guzti hauek gure musikarengan izan duen eragina zehaztea oso zaila da.


lisabo-txikiaAzken urteetan, Martxel Mariskal idazleak zuen abesti gehienen letrak idatzi ditu. Zertaz hitz egiten duzue eta zer kutsu ematen dio Martxelek zuen lanari?

Bizitzari buruz hitz egiten dugu gure abestietan, baina inportanteena ematen diozun ikuspuntua da. Horretarako, Martxelek badaki zer egiten duen. Gure ustez, bere idazteko eta sortzeko modua paregabea da. Hasieratik, gure arteko konplizitatea eman zen eta gure ‘laranja erdia’ aurkitu dugula esan genezake. Garrantzitsuena da aurkitu dugula gauzak esateko modua eta gainera, plastikoki gure musikarekin ondo fusionatzen da.


Euskara komunikatzeko tresna izatea planteamendu estetikoa edo konpromisoa al da?

Ez da planteamendu estetiko bat, gure hizkuntzarekiko konpromisoa baizik. Norbaitengana hurbildu nahi baduzu egingo duzu, baita alderantziz ere. Hizkuntza ez da traba. Guk ez dugu ezer bilatzen, akaso gure lagunei eta ingurukoei gustatzea.


Ostiralean ARF jaialdira eramango duzue zuen lana. Zer suposatzen du zuentzat horrelako jaialdi masiboan jotzea? Berezia da edo nahiago duzue kontzertu intimoagoak eskaintzea?

Ez da gauza bera 300 pertsonen aurrean kontzertua eskaintzea edo horrelako jaialdi batean arratsaldeko 5etan egitea. Ez da gauza bera. Orain dela bi aste Bartzelonako Primavera Sound-en jo genuen arratsaldean eta ez da berdina. Egoera eta leku bakoitzak badu bere kutsua eta beti aurkitzen diozu bere motibazioa. Inportanteena hor egotea da. Sartzen bagara, musikan berdin zaizu non egon. Baina, jakina, errazagoa da leku gozo batean jotzea.


Willis Drummond eta Lisabö ARF-en joko duten euskarazko talde bakarrak izango dira. Ez litzateke horrelako jaialdietan bertako eta euskarazko taldeen presentzia suspertu behar?

Nik ez dakit ze politika duten antolatzaileek. Alde batetik, kopurua bete dute eta politikoki ondo dagoela esan daiteke eta bestetik, suposatzen dut taldeak gustukoak dituztela. Jakin badakigu, Willis Drummond eta biok arratsaldeko lehenengo partean joko dugula baina beti gertatu izan da horrela. Kuraia, Sorkun, Bronze..guztiek jo zuten lehenengo orduan.

Dena den, denok badakigu musika jaialdi bat ez dela ekitaldi kultural bat, azken finean, garagardoa saltzeko festibalak direla esan daiteke. Izan ere, ni banoa horrelako jaialdietara eta oso ondo pasatzen dut garagardoa edaten eta oso talde interesgarriak ikusten, hemengoak eta hangoak, baina badakigu horrelakoak ez direla erreferente kulturalak. Hala ere, oso ondo dago jaialdietan jotzea!


Orain dela gutxi Gasteizko egon zineten. Zer motatako publikoa da gasteiztarra?

Oso ona, egia esan. Zorionez, oso lagun onak ditugu Gasteizen eta luxu bat da kontzertu bat eskaintzen duzunean, zure lagunak bertaratzen direnean, ez konpromisoagatik, pentsatu nahi dugu!, baizik eta nahiagatik. Hori da handiena. Gasteizkoa biraren lehenengo kontzertua izan zen eta dena oso ondo atera zen, oso gustura egon ginen.

 


Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

Argazkiak: Galder Izagirre

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago