ETXEBIZITZA GOSE ETXE OPAROTASUNEAN

hirinet 2012ko eka. 11a, 10:10

AMAIA-ELORZA-PINEDO

Amaia Elorza Pinedo

 

Txoriak gora, parkeak behera, eraztun berdeak beste aldera, luze izan da Gasteiz hiri barneko espazio publiko eta berdeen babesle nazioarte mailan.

Aitzitik, babes hau ez zaio dohainekoa izan eta honek sortutako ‘espazio libreen kalenturak’ eta egungo politikarien espiritu desarrollistak bultzatuta gutxiegizko dentsitatea duten auzo berrien eraiketan oinarritutako garapenak nazioarteko beste zenbait sari merezi izan dituen Berdentsifikazioa planteatu beharrera eraman du hiria.

Horrela ba, hirigintza akats sakon bat konpontzeko sortutako proiektua praktika eredugarri bihurtu da foro profesional ezberdinetan eta, besteak beste, arrazoi honengatik gaur Gasteiz Europako Hiriburu Berde izendatua izan da.

Alabaina, herritarron ahots denak ez datoz planoen atzean dauden profesionalen ahotsekin bat, ezta planoei oniritzia ematen dieten politikarienekin bat. Izango da ba, hirien jasangarritasunak eta hirigintzak, marra eta metro karratuetatik harago, gizartearekin zereginik izan, badutelako.

Kontatu ez ziguten Historia, kokatu gaitezen

2000.urtean, Lakua auzoa lurzorurik gabe geratzear zegoela eta pentsamolde hiperdesarrollista batean buru-belarri sartuta, Gasteizen Hiri-Antolamendurako Plan Nagusi [PGOU erdaraz] berria onartu zen, eki- eta hegoaldean hiriaren zabalera bikoizten zuten bi zabalkuntza planifikatuz. Orduan 6.000tan zenbatzen zen etxebizitza-beharra asetzeko epe ertainerako plangintza nahikoa ez omen zelarik, epe laburreko neurriak hartu ziren lau sektoreri ‘presakako prozedura’ ezarriz, azkar batean eraiki ahal izateko, 8812 ekimenak 10.000 etxe huts zeudela salatzen zuen bitartean.

Horrela, Plan Nagusi honen onarpena bertan ezartzen ziren etxe dentsitateak gutxiegizkoak zirela jakinda ere egin zen, berarekin batera, Euskal Herriko Lurralde Antolaketaren Batzordearen [COTPV erdaraz] %25aren dentsitatea igotzeko oharra baitzetorren. Ohar hau gehiegizko zabalera eta dispertsioak dakarren arazoen oroimen zen: behartutako mugikortasuna, zerbitzuen garestitzea edo ezintzea, isolamendua… gaur egun Gasteizen argi ikus ditzakegun atomizazio, sakabanaketa eta gehiegizko lurzoru kontsumoa.

Hortik aurrera dentsifikazioaren bidean zenbait pausu eman ziren, baina 2004ean eginiko %13ko lehen  dentsifikazio baten ostean eta 2006ean zabalera berdinean etxe gehiago eraikitzea baimentzen zuen sasi-berdentsifikazio baten ostean lortutako emaitzak ez ziren nahikoak: 100-130 etxe hektarea bakoitzeko gomendatzen direnean, 64-74ra besterik ez ziren heltzen Salburua eta Zabalganan.

Planoetan pertsonak marraztea ez da nahikoa

Eta 2010ean Berdentsifikazioa jarri zen martxan: jasangarritasunaren izenean etxe gehiago behar omen dira auzoak bizigarri egiteko. Baina hirigintza dokumentuek akats bat dute: auzoen bizigarritasunerako ez dira etxeak soilik behar, jendea baizik, eta horretarako, etxeak, etxebizitza bihurtu behar dira.

Plan Nagusia onartu zenenetik 12 urte pasa dira, 14.000 etxe eraiki eta plangintzaturik 21.000 izatetik 40.000 bat izatera pasa nahi da, baina etxebizitza gosea pairatzen jarraitzen dugu hutsik dauden etxez beteriko itsaso batean eta 80.000 etxe eraikita ere, ez dugu gosea asetuko etxebizitza politika publikoa aldatzen ez badugu.

Etxe dentsitatea igotzea etxebizitza politika publiko apropos bat gabe ez da spaguetti wenstern-etako porlanezko eszenatoki baten eraikuntza besterik ez, eta beraz, bada bigarren belaunaldiko berdentsifikazio bat planteatzen hasteko ordua: jende berdentsifikazioa. Honetan, gehiegizko eraikuntzatik eta jabetza pribatuaren dinamikatik urrun, pertsona orori etxebizitza eskubidea gauzatzeko aukera emango liokeen etxebizitza politika bat garatu beharko liteke, lehen belaunaldiko berdentsifikazioaren balioa egikarituz.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago