Gasteizko berdeguneen pribatizazioa

hirinet 2012ko eka. 8a, 02:00

JOSEAN-BUENOJosean Bueno Saez de Albeniz

Gure hiria green izendatzeko kontuan hartu omen den faktoreetako bat berdeguneen kantitatea izan da, Europako altuenetakoa diotenez: 42 metro karratu berdegune biztanleko. Hala, badirudi ez dagoela Gasteizen bizilekurik 300 metrora berdeguneren bat ez duenik. Poztekoa da, eta gozatzekoa, zuhaitzek eta belardiek bizi kalitatea handitzen digutelako.

Kezkagarria iruditzen zait horregatik gure berdeguneen pribatizazioa, guztiona dena, komunean duguna, publikoa dena, guztion aberastasuna delako. Aldiz, pribatizatzen denean bakar batzuen probetxuaren menpe jartzen da. Udaberriko arratsaldeetan gazteen koadrilak bertan eserita ikusi nahiko nituzke,  udako egun beroetan jendea oinutsik belarretan pasieran, edozein egunetan umeak baloiarekin jolasean eta korrika … Baina oso zaila da hori, zaila eta arriskutsua, minaz eta tranpa latzez beteriko lekuak baitira, gaur egun, Gasteizko belardiak.

Gure herrikide batzuen erabakiz, beren txakurren kakaleku zabala bihurtu dira gure (?) berdeguneak: egunero, gorotzak ereiten dituzte bertan, era ugarian eta egoki sakabanatuta. Eta horrek ezinezko bihurtzen du bertan beste edozein jarduera, behintzat etxera arropa eta zapatak era nazkagarrian zikin eraman nahi ez baditugu. Erabilera bakarreko esparruak bihurtzen dira maiz, bakar batzuen zerbitzura jarriak: pribatuak, ia-ia.

Kontu txikia da, baina honelako kontu txikiek ere gure egunerokoa definitzen dutenez, honetaz gogoeta egitea merezi du:  arazo txiki honi konponbide egokia aurkitzeak gasteiztar askoren -eta bereziki umeen- bizimodua hobetzen eta alaitzen lagunduko liguke. Izan ere, berdeguneak ikusi hutsarekin gozatu egin daiteke; hala ere, belardiak leku biziagoak izan daitezke erabilera herritarron ezberdinez aberasten badira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago