'Ziztadak- Tábanos' dokumentalaren egileei elkarrizketa

hirinet 2012ko eka. 7a, 11:31

ziztadak-txikiGaur, ekainak 6 osteguna, arratsaldeko 20:00etan ‘Ziztadak-Tábanos’ dokumentala ikusgai izango da Hala Bedi Tabernan. Bidea Helburu taldeko eta Fora de Quadre Kazetaritza Elkarteko ekoizpen honek Euskal Herrian Indarkeria-eza aktiboan oinarritutako esperientziak biltzen ditu. Oraingoan, Iñati Otamendi eta Xabier Vazquez Bidea Helburuko kideekin hitz egin dugu.

Indarkeriarik gabeko aktibismoaren ekintza anitz ikus daitezke Ziztadak/Tábanos dokumental honetan. Zer modu ezberdinetan aldarrika daitezke gauzak indarkeria alde batera utzita?


Lehenik ekintza edo kanpainen planifikazioari denbora eskaini behar zaio, herritarrak inplikatzeko dinamikak sustatuz, gure helburuen komunikazioari garrantzia emanez, egon daitezkeen arazo legalei nola aurre egin pentsatuz... gizartearentzat ekarpen positibo bat egin nahi badugu, ez dugu soilik azken emaitzan pentsatu behar, prozesua ere garrantzizkoa da, eta prozesua partaidetzan oinarritu behar du, behar denean umorez eta bestetan tentsioa sortuz baina erasoa ekidinez. Ekintzaileen prestaketak eta trebakuntzak garrantzi handia du. Ondoren ekintza mota ezberdinak daude: manifestazioak, sinadura bilketak, errepidea moztu edo eraikinak okupatu, boikota eta kolaborazio-eza, legea hautsi legitimitatea eta legearen arteko distantzia nabarmentzeko... Esan bezala honek guztiak plangintza bat behar du aurretik, eta ebaluazio prozesuak behar ditu.


Zeintzuk dira oraingoan gogora ekarriko dituzuen horiek?


Etxe partikularretan legez kanpo sorturiko lehen ikastolak, Lemoizko zentral nuklearra eraiki nahi izan zutenean eginiko oposizio baketsua, desmilitarizazioaren aldeko intsumisioa, Itoizko urtegiaren aurkako borroka, justizia euskalduntzeko eskaerak, Demo mugimendua eta Zuzen Ekintza taldeak, Ipar Euskal Herrian laborantza ganbara gauzatzeko prozesua, Kukutza Gaztetxearen eraisketaren aurkako mobilizazioak... Hauek edo beste batzuk izan zitezkeen, dokumentalean asmoa ez baita aldarrikapen guzti hauei buruzko informazio osoa eskaintzea, baizik eta borroka hauetan indarkeria-ezak izan duen eraginari buruzko hausnarketa sustatzea, egindakoari buruzko testigantzak jaso eta etorkizuneko proposamenak eginez.


Zergatik Ziztadak/Tábanos?


Martin Luther Kingek 1963an Birmingham-eko kartzelan preso zegoela ekintzarako deia egin zuen gutun baten bidez. Beste esaldien artean, atentzioa deitu zigun honako honek: "Bortitzak izango ez diren ziztadak beharrezko ditugula ulertu beharrean gaude, gizartean tentsioa piztuko dutenak, eztenak alegia, gizakiek aurreiritziaren iluntasun sakonak gainditu ditzaten..." Oso metafora interesgarria iruditu zitzaigun, indarkeria-ezaren estrategian tentsioa ere beharrezkoa dela nabarmentzen baita, ez dela pasiboa, eta denok, bakoitza bere mailan, ezten bilakatu gaitezkeelako.


ziztadak-kartelaDokumentalean bildu diren kasu guztiak eta jaso ahal izan ez diren beste askok Historia bat baino gehiago daudela adierazten dutela aditzera eman nahi duzue...


Historia bat baino gehiago dago eta istorio txiki askok ehun dituzte. Munduan ematen den edozein aldaketa azaltzeko beti egongo dira faktore anitz, baina pertsonok azalpen horiek ematen ditugunean geure ikuspuntura moldatzen ditugu. Batzuetan inkontzienteki, beste batzuetan berariaz. Eta indarrean den sistemak bere interesen arabera kontatu du munduan gertaturikoen kondaira. Kondaira horretan pertsona gutxi eta interes zehatz batzuk izan dira erabaki asko hartu dituztenak, eta zoritxarrez kasu batzuetan hala izan da; baina ezkutuan uzten dira mila eta milaka indar eragin handia ala txikiagorekin eredu eta itxaropen izan daitezkeenak ondorengo belaunaldietarako. Gure ustez istorio horiek argira ateratzeak Historiaren ikuspegi berri bat irekitzen digu, askok itzalperatu nahi izan dutena; baina batez ere, etorkizuna bera argitzeko aukera ematen digu.


Nola gauzatu zen Fora de Quadre elkarte katalana eta Bidea Helburu elkarte euskaldunaren arteko elkarlana eta dokumentala egiteko ideia?


2009an 'Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat' liburua argitaratu genuen: Antimilitarismoa, genero bereizkeria, ingurugiroa, giza-eskubideak, Euskara.... eta beste gai askorekin lotutako ekimenen kronika laburrak dira, kronologikoki bilduak. Garai klasikoan hasi, XIV mendean zerrenda hazi eta gure garaira iritsi arte. Liburuko edukia dokumental batean islatzea ideia interesgarria zela iruditu zitzaigun, batetik gure gizartean ikus-entzunezko kulturak duen indarragatik, eta bestetik indarkeria-ezarekin lotutako esperientziak eta hauen irudiak zabaltzea beharrezkoa iruditzen zitzaigulako. Zinema munduko profesional batzuekin elkarlanean egin behar genuen lan hori, eta Euskal Herrian zenbait autoreekin harremanetan jarri ginen, baina beste proiektu batzuetan ari ziren lanean. Ez genituen soilik zinemagile onak nahi, gizarte mugimenduen dinamikan parte hartzen zuten zinemagileak behar genituen, indarkeria-ezaren filosofiarekin bat egiten zutenak. Horrela, eta Catalunya-n gurearen antzeko lana egiten duten taldeen bidez, Fora de Quadre Kazetaritza taldeko kideak topatu genituen, munduko hainbat gatazkei buruzko filmak egin dituzte eta Bartzelonako komunikabide alternatiboekin harremana dute. Aukera ona iruditu zitzaigun ere gure errealitatea kanpoko begirada baten bidez kontatu ahal izatea. Oso esperientzia interesgarria izan da, lan tekniko txukuna egin dute, eta nahiz eta idei estetiko edo ikuspuntu ezberdinei buruz eztabaida sakonak izan ditugun, emaitza polita lortu dela uste dugu.


Indarkeriarik gabeko aktibimoa Euskal Herrian osasuntsua dela esan daiteke?


Osasungarria ez ezik osasuntsua ere bada. Gure herrian herri mugimendu, gizarte eragile, talde, kolektibo andana izan dugu, gehien gehienen ekintzak indarkeriarik gabekoak izan dira, askotan berariazko indarkeria-ezazkoak, irudimentsuak, parte hartzaileak, iradokitzaile eta zirikatzaileak... Beste gertakari batzuei eman zaien oihartzunak ez luke ezkutatu behar gure herrian arlo honetan izan ditugun adibideak.


Egongo dira, bada, borrokatzeko bide hau ezertarako balio ez duela esaten dutenik...


"Galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da", diote Argentinako Maiatzeko plazako amek, beraz lehenik borrokatzeak merezi duela esan beharra daukagu, nahiz eta beti garaipenik ez lortu. Indarkeria-eza aktiboak prozesuari garrantzi handia ematen dio, parte hartzeak ezagutza, jabetza eta boterea ematen baitigu, eta nahiz eta borroka bat galdu, ikasitakoak beste borroka bat irabazteko balio dezake. Indarkeria-ezaren bidez helburu asko lortu dira, eraldaketa sozial handi eta txikiak, baina Indarkeria-eza ez da 'barita magikoa', ez ditu arazo guztiak konpontzen, baina indarkeria erabiltzeak ere ez du garaipena bermatzen. Aitzitik, indarraren bidez lortu diren emaitza positibo askok ez dute luze iraun, indarraren bidez mantendu behar izan direlako, edo herritarrek ez dutelako barneratu benetako aldaketa batek indarraren erabilpena baina ahalegin handiagoak behar dituela. Berri Txarrak-en abesti baten letrak hala dio, "ez fida herraren mirabe denaz". Indarkeria-eza aktiboaren ahalmen guztiak aztertzeko gonbitea luzatu nahi dugu dokumentalaren bidez.


"Indarkeriarik gabeko ekintzak" eta "indarkeria-ezazko ekintzak" bereizketa egiten duzue, zertan datza ezberdintasuna?


Ezberdintasun nagusia borondatean dago. Bi zentzutan, alde batetik konbentzimenduz egiten direla, berariaz, filosofia baten baitan. Hau da, ez da "indarkeriarik ez dugu erabili" besterik ez zegoelako, besterik bururatu ere ez zaidalako, une honetan aukerarik egokiena zelako, baizik eta benetan hala egin dugu berariaz eta batez ere harrotasunez. Hau da, horrela egin dugu hala egin behar dela uste dugulako eta filosofia orokor baten barruan dagoelako. Horregatik nioen bi zentzutan borondatearen kontua, izan ere indarkeria-eza aktiboan bada atzeko borondate hori, borroka edo gatazka zehatz batetik haratago doana. Ez gara soilik ari borrokan mobilizatzen nauen kontuarengatik, baizik eta gizartean jokatzeko, eta zergatik ez? borrokatzeko edo gatazkak konpontzeko, tresna berri baten alde ere ari gara. Beraz, indarkeriarik eta indar hutsean oinarrituriko sistema bati aurre egin nahi izatea da ezberdintasuna. Ez duzu botere eta indar oreka berri hutsala nahi gai bat aldatzeko, baizik eta botere eta indar kontzepzio berri bat.


Egungo egoera sozio-ekonomikoa kontuan harturik, gero eta gehiago dira borrokarako erabiltzen diren indarkeria bidezko tresnak.


Krisiak edo orokorrean edozein egoera lazgarriak gizakia etsipenera eraman dezake, eta etsita dagoenean apatiara edo suminera. Sumina diogu lehen behintzat gure ustez hitz horrek konnotazio txarra zuelako, guretzat gaztelerazko indignado-k baino zentzu okerragoa du. Guri gaztelerazko hitz hori gehiago gustatzen zaigu, haserrea, grina, borroka-grina, indarra, adorea, badira hitz batzuk euskaraz "keria" atzizki hori gabe egokiak izan daitezkeenak. Baina jarrera hausnartua behar du izan, epe luzekoa, esan dugun moduan aldaketa sakon bat duena oinarrian, eta ez unean uneko beroaldi bat. Krisiarekin hori gerta daiteke, bat-batean dena pikutara doa eta hori aldatzeko tentazioa izan daiteke zure haserrea erakusteko bide horretara joatea. Eta ulergarria da, etsipenak jota gaudenean edo geure ingurukoen ongizatea kolokan ikusten dugunean normala da kezka eta beldurra sortzea gugan. Baina pentsatu behar dugu askotan horixe dela batzuei gehien komeni zaien eskenatokia, are gehiago, askotan batzuek bilatu izan duten eskenatokia dela hori. Dena den, nabarmendu beharra daukagu munduan zehar azken urteetan indarkeriarik gabeko esperientzia ugari ere egon direla, geroz eta gehiago, herrialde arabiarretako iraultzetan edo M15 eta Ocuppy mugimenduak adibidez; ados egon gaitezke edo ez hauen ideiekin, baina borroka-bideei buruzko ekarpen positiboak egin dituzte, eta jende asko erakarri dute mobilizazioetara. Baina irudiak garrantzia itzela duen gizartean bizi gara, eta indarkeriaren "estetikak" indar handia du, baita "indarkeriaren aurka" dauden komunikabideentzat ere, eta soilik errealitatearen ikuspegi bat erakusten digute. Horregatik da beharrezko indarkeriarik gabeko ekintzen bildumak egitea, beste borroka-bideak badirela frogatzeko.


Krisiak indarkeria areagotzen duela uste duzue?


Uste dugu krisiaren aurrean izan dezakegun erantzunik onenak ez daudela indarkerian, baizik eta elkartasunean. Ekonomia sozial eta solidario baten eraikuntzan, banka etiko batean sorreran, krisiaren ondorio lazgarrienak pairatzen dituztenen laguntzan... hor utzi behar ditugu geure indarrak, horrek egin baitiezaioke min sistemari, alternatiba bat sortzeak.


TRAILERRA


Informazio gehiago: www.bideahelburu.org

 

Egilea: Saioa Fdz.de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide