GASTEIZKO UDALAK EZ DU EUSKARA AURREKONTURIK

hirinet 2012ko eka. 5a, 12:49
PrentsaurrekoatxikiaGEU elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Bertsozale elkartea, Euskharan, Bai Euskarari, AEK, IKA euskaltegia, Udaberria Euskaltegia, Hegoalde euskaltegia eta Zazpigarren Araba auzo-elkartearen prentsa-oharra.

 

PRENTSA OHARRA

 

Azken EUSKARA SEKTORE KONTSEILUA: maiatzaren 22an.

Duela bi asteko euskara udal kontseiluan partaide izan ginen euskalgintzako agenteok, ohi bezala, galdetu genuen ea zergatik zeuden hitzarmen guztiak eta diru-laguntza deialdiak geldirik, sinatu gabe. Alfredo Iturricha euskara zinegotzi jaunak erantzun argirik eman ez arren, nabarmen geratu zen: Euskarak ez du aurrekonturik oraindik Gasteizen, aurkeztu zutenak ez omen du balio: dena zintzilik dago. Ba al du Gasteizko udalak hizkuntza politikarik?

Salatu nahi dugu lehenengo eta behin informazio falta, eta adierazi, ondorioz, hutsaren hurrengoa bagina bezala sentitu garela. Azken udal kontseiluan ikusi genuenaren arabera etorri berriak dira agintera eta oso errespetu, ezagutza eta interes gutxi adierazi dute euskararekiko eta euskararen alde lanean urteak daramatzagun elkarteekiko.


EUSKALTZALEEN eta EUSKALGINTZAREN AHALEGINARI ESKER

Begi-bistakoa da Gasteizko euskalgintza azken urteotan udalarekin lankidetzan aritu dela; behar zuena baino askoz gutxiago jaso badu ere. Eta,era berean, euskararen aldeko dinamika eraginkorrak piztu ditugula hirian gure aldetik kuantifikatu ezin dena jarrita: ilusioa, baliabideak, denbora eta indarrak, interes orokorreko proiektuak aurrera ateratzeko.

Zenbait gauza aurrera ateratzea oso merke atera zaio udalari. Eta nabarmen utzi nahi dugu Gasteizen euskarak aurrerapausoak izan baditu, euskaltzaleok eta euskalgintzako eragileok urterik urte izan dugun jarrera eta konpromisoagatik izan dela; euskaraz bizi ahal  izateko dinamikak egunez egun garatu ditugulako.

Baina kontuak garbi: Gasteizko udal gobernuek orain arte euskarari eskaini dioten aurrekontuaren ehunekoa % 0,35 inguru  izan da gehienez, ez da heltzen ez % 0,7ra eta ezta Kontseiluak planteatzen duen % 2ra ere. Eta maldan behera erortzeko arriskua dago.


EUSKARA AIREAN

Udalak euskararekiko konpromiso batzuk hartuak ditu azken urteotan, baita udal talde honek ere; euskara biziberritzeko planean jasota daude, eta alderdi guztien kontsentsua egon da. Hori goizetik gauera zakarretara botatzeko prest dagoen galdetu nahi diogu udal gobernuari.

Kezkatuta gaude oso, izan ere orain euskara airean dago, behar bada  “ El euskara no se toca”  esan zuelako alkateak. Bitrina batean sartu nahi ote dute BIBAT museoan, adibidez, inork ez dezan ukitu?

Ekainean gaude, urte erdia pasa da, gastua egin dugu eta dena dago zintzilik. Diru-laguntza eta hitzarmen guztiak geldituta daude euskara zerbitzuan. Zeren zain? Ezin dugu onartu hartutako konpromisoak bertan behera uztea une batetik bestera, ondorio ekonomikoak oso larriak izango lirateke,  eta euskararen alde lanean ari garen pertsona eta Elkarteok ez dugu zertan egoera hauek pairatu.


EZOHIKO EUSKARA SEKTORE KONTSEILUA KONBOKATU DUGU

Ez gaude seriotasun eta errespetu falta hau onartzeko prest. Aurrekontu bat aurkezteko deia egiten diogu udal gobernuari, araudiari segituz; eta horren berri eman dezan ekainaren 6ean ezohiko euskara sektore kontseilua konbokatu dugu kideen gehiengoak hala eskatuta. Dei egiten diogu udal taldeari bertan bere euskararekiko jarrera eta aurrekontua argitu ditzan. Era berean, hedabideak ere bertan egotera gonbidatzen zaituztegu.

Gorarazi nahi genuke Euskara Sektore Kontseiluko barne araudian jasotzen dela aurrekontuak bertan aurkeztu eta eztabaidatuko direla, eta horixe egitea nahi dugula. Udalaren jarrera orain artekoa bezalakoa baldin bada Euskara sektore kontseilua bertan behera utziko dugu.


Gasteizko euskalgintza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide