Batzuek txokolatearen koloreari egozten diote izena (ingelesez, brown hitzak marroi esan nahi du), eta inork kontatzen du deserta hau sortu zela gozogile bati legamia gehitzea ahaztu zitzaionean, eta zitzaiolako.
Lehenengo osagaien berri (bost edo sei lagunentzat):
Gurina............................................... 125 gr
Txokolate beltza.................................. 70 gr
Azukrea............................................ 150 gr
Ogirina............................................... 60 gr
Bertako intxaurrak............................... 70 gr
2 Arrautzak
Bi ontzi behar. Lehenengoan gurina urtuko dugu (dogmak maria bainuan egiteko dio, baina azkarrena eta garbiena, mikrouhin labean), eta bertara txokolatea gehitu. Txokolatea urtutzeko lain bero ez badu gurinak, ba, beste apur batean sartu mikroan.
Momentu honetan labea lanean jar dezakezue, bero-bero egon dadin...
Bigarren ontzian ogirina, azukrea eta bi arrautzak nahasi, ondo-ondo, eta zera homogeneo bat erdiestean, txokolate eta gurin urtua gehitu. Eta jarrai nahasten.
Dena masa homogeneo bat denean intxaurrak gehitu (70 gramoak zuritu ostekoak dira, of course), nahastu eta laberatuko dugun ontzira bota (azpian sukaldeko papera edo silikonazko orri horietako bat ipini, gero erraz askatzeko).
180 bat gradutan ondu beharko du 14-15 minutuz. Kontuan hartu labe bakoitza ezberdina dela, eta frogak egiten joan beharko duzuela; hala, batzuek 200 gradutan ipini beharko duzue, eta besteek 160 gradutan. Edo batzuek 13 minutu aski izango dute, eta beste batzuek agian beharko dute 20. Denborak eta frogek esango dizuete hori. Denaden, abantaila baino ez da, izan ere, froga guztiak dira jangarriak eta gozagarriak.
Xehaduraño parea:
Bertako intxaurren kontua ez da broma, asko aldatzen baita postrea hemengo intxaur mota gehitu edo kaliforniako baterezaporegabekointxaurperfektoak erabili.
Bestalde, saia zaitezte browniearen barrualdea gordin puntutxo batekin uzten. Askoz goxoagoa da.
Super-abantaila: Izoztu daiteke, eta jan aurretik bizpahiru ordu lehenago ateratzen baduzue kaxa hotzetik... mundiala! Eta ez baduzue izozten, eta lehortu egiten bada, gosaltzeko da primerakoa.
Jan baino bizpahiru ordu lehenago egiten badugu, epel egongo da jateko orduan. Kasu horretan, osagaiak ez dira sei lagunentzat, baino bi edo hirurentzat. Asko jota.
Egilea: Ximon
ERREZETA