Gizarte hauetan, hain zuzen ere, faktore meteorologikoekiko ahulagoak gara. Egia da gizarte garatuetan jakinduriaren eta teknikaren gorakadak muturreko meteorologia fenomenoengatik gertatzen den hildakoen kopurua (asko) gutxitu duela. Baina, beste alde batetik, fenomeno bakoitzak sortzen duen kalte materialen balioak esponentzialki hazten jarraitzen du.
Azken 20 urteotan meteorologiaren aurrerapena izugarria izan da. Segimendua eta behaketa egiteko sistema hobeak dauzkagu: radarra, sateliteak, zundak, potentzia handiko ordenagailuak edo telekomunikazioak, esate baterako. Beraz, gure iragarpen-sistemak askoz hobeak dira. Gaur egun oso zaila da zerbaitek 24 ordu baino lehenago ustekabean harrapa gaitzala. Baina, ikuspuntu ekonomiko batetik, argi dago gizartea eta bere azpiegiturak askoz ahulagoak direla. Segurtasun faltsuagatik eta, nola ez, espekulatzeko interesagatik, urak hartzen dituen landetan eraiki da, ibaiak estutu egin dira, instalazioak sortu dira itsasoari kendutako lurretan. Laburbilduz, naturari bere gune batzuk kendu dizkiogu. Bestalde, hegazkinak puntualak izan behar dira, lanera heltzeko beharrezkoa den denbora zehatza izan behar da, errepideak beti oztoporik gabe egon behar dira... "Just in Time" filosofia batean bizi gara, eta azpiegitura batean ordu edo egun gutxiko arazo batek sistemaren gelditzea sortzen du. Hori gertatzen denean guztion ahoetan agertzen den hitza hau da: "kaosa".
Gaur egun, gizarteak eskatzen du zerbitzu publikoek orain arteko baino irtenbide gehiago bila ditzatela. Gerta daitekeen arazo bati aurre egiteko gai izan behar gara. Nola egiten dugu hori?
Gerta daitekeenaren ezaguera meteorologikoa daukagu, baina adimen horrek komunikaziorik gabe ez du ezertarako balio. Denbora errealean gertatzen ari denari buruz eta ondorioak zeintzuk izan daitezkeenari buruz informatzeko gai izan behar gara. Baina informazio hori ere ez da oso baliagarria izango muturreko meteorologia fenomeno larri baten probabilitatea detektatzen denean ez badago ekintza jakin bat abian jartzeko.
Hori guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak batu ditu Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia areak zuzendaritza bakar batean (Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza) muturreko fenomenoekin lotuta dauden arazoei erantzunik onena emateko asmoarekin. Egia da meteorologia zeharkako zientzia bat dela bizitzaren beste arlo askotan ere parte hartzen duena. Era berean, larrialdiei aurre egitea ez dago bakarrik muturreko meteorologia fenomenoetan mugatuta. Horregatik, une askotan, eta koordinatuta egon arren, zuzendaritzako arloek hainbat gaietan lan egiten dute. Dena den, argi dago arazo meteorologikoa iragarpen bihurtzen denean, larrialdiak kudeatzeko makina martxan jartzen dela, informazioa edo alertak ematen, erakundeak edo zerbitzuak beraien erantzunak ematen hasi daitezen. Nola ez, komunikabideekin ere kontaktuan jarri behar da, horiek herritarrei gertatzen ari denari buruzko (eta probabilitate handiarekin gerta daitekeenari buruzko) informazioa eman diezaieten, baina beti larritu gabe.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzen batzea denbora errekor batean ez da alferrikako lana izan. Muturreko egoerek potentzial hori behin baino gehiagotan abian jartzera behartu gaituzte (ziklogenesiak, uholdeak, kostaldeko denboraleak, Siberiatik datozen izozteak eta elurteak...). Horrela, lehenengo unetik egiaztatu ahal izan dugu aipatutako batzearekin sistema asko hobetu dela. Erkidego Autonomiko askok zorionak eman dizkigute ekimen horregatik eta bekaizkeriaz begiratzen dute zuzendaritza hauek lortu duten lotura eta errendimendua Euskadiko biztanleen segurtasuna hobetzeko.
Dena den, arlo honetan ezin da apaltasuna galdu, oraingoz naturaren kontrako borroka ezin baita irabazi. Baina benetan uste dut egindako lanaz pozik egon gaitezkeela, eta zorionak eman behar dizkiet hori guztia posible bihurtu duten guztiei.
Pedro Anitua Aldekoa
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaria
