GORA GORA KIDS, zonbiak dantzan jartzen dituen laukote beldurgarria

hirinet 2012ko maiatzaren 25a

GGK_horror-songs_tokata-txi

Gogoratzen nola aipatu genuen Gasteizen zuzeneko musikaz gozatzeko hamaika aukera dagoela? Bada, maiatzeko ostegun sargoritsu batean eta Gora tabernaren itzaletan, etxe sorginduei, zonbiei, Yuri Gagarin kosmonauta sobietarrari eta abenturazko filmei gorazarre egiten dien Gora Gora Kids (GGK) talde nafar-gipuzkoarraren kontzertua ikusteko beta izan genuen hogeitamar bat lagunek.

Amerikar Estatu Batuetako Detroit hiriko lau neskek osatutako Gore Gore Girls bandari keinutxoa egiten dion GGK taldeak, berriki garage, punk, surf eta western doinuen nahasketa beldurgarri bezain dibertigarria biltzen duen zazpi hazbeteko “Horror Songs” diskoa kaleratu du. Orotara, lau abesti biltzen ditu formatu txikiko biniloak, guztiak ere Ghost film ezaguneko protagonista Patrick Swaize bera ere berpiztuko luketenak! Doinu dibertigarri bezain bizkorrak eta umorea bidaide, 60. hamarkadako rock and rolla ferekatzen dituzte lau kontuek. Zinez diotsuet EP-an dauden lau abestiak direla gomendagarriak, eta baietz abestiek lehen entzunalditik irribarrea lapurtu!

GGK_horror-songsGGK laukotearen estreinako lana izan zen “Uaouh, Miau & Yeah! Vol.1” diskoaren ildoari eutsiz, “Mamuaren jaurregian”, “Zonbidantza”, “Yuri Gagarin” eta “Marabunta” abestiak Blue Car Records zigiluaren bitartez autoekoitzi dituzte. Eta oraingoan, kantu guztiak “in a exotique basque languaje”-n daude abestuta. Uaaaoooouuh!! Lagunok, irakurleok, euskaltzaleok, musikazaleok, lerro hauek irakurtzen ari zareten oro, gomendio bat: hartu ezazuze Vostok 1-erako bidaia txartela eta izan zonbia (beldurgarria bada hobe), parean duguna musikaz izutzea bezalakorik ez dago eta! Eta Natxo de Felipek esango luken bezala, gora eta gora beti, bai gora GGK!

 

Ion Etxebarria Kortabarria

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago