Larunbatean jokatu zen finala Legutioko kultur etxean. Haurren saioa jendetsua eta bizia izan zen. 140 lagun inguru bildu ziren bertsolariak animatzera. Bat-bateko saioan parte hartu ez zuten bertso eskoletako sortekin abiatu zen ekitaldia. Ondoren, Gorbeialdeko taldea, Lautadakoa eta Gasteizkoa taularatu ziren. Aurten ere txikiak taldeka lehiatu dira, eta lau oinekin bertso bana kantatu dute guztiek. Hitzari bertsoa botatzeko ariketa eta kopla zein zortziko txikiko ofizioa talde bakoitzeko ordezkari banak osatu dute. Oier Iñurrieta Gasteiztarrak eta Unai Etxenausia aramaioarrak lortu dute Euskal Herrikoan kantatzeko txartela. Azken honek lau oinekin bertso ederra osatu zuen: “Gaur niri neska batek eman dit musua / amodioaren munduan hori da pausua / nire barrualdean sortu da izua! / ta nire bihotza bai bihurtu da sua!”.
Gazteak, bizi
Arratsaldean ekin zioten gazteek Arabako eskolarteko bertsolari txapelketako finaleko bigarren txanpari. 40 entzuleren aurrean, gogoz heldu zioten saioari Paula Amilburuk, Iñaki Tenak, Beñat Oribek, Maddalen Arrausik, Ainhoa Comasek eta Beñat Burgik. Bertsolariek hiruna bertso abestu behar izan zituzten zortziko handi eta txikian. Bakarka, aldiz, bina puntu erantzun eta hitza izan ziren egin beharreko lanak.
Gora behera batzuk izan baziren ere saioa bizia eta freskoa izan zen. Zortziko handian Amilburu eta Tena banketxean elkartu zituen Unai Olalde gai-jartzaileak. Amilburu eskalea zen, eta Tena banketxeko arduraduna. “Nahiz ta nik dena lapurtzen dudan nire ogi zati apurra/ mostradore atzean Iñaki dago benetan lapurra”, esanez hasi zuen ofizioa Amilburuk. Tenak, familia eta ogia baduela argudiatuz “nik urruti daukat oraindik zuk gertu duzun hilobia” erantzun zion. Comas medikua eta Burgi gaixoa, aldiz, erietxe batean kokatu zituzten. Kirofanora zioazela-eta, Burgik Comasen eskutan zegoela dena eta etxera bueltatu nahi zuela esan zion. Comasek, mimoak ematen abila ez zen arren “kirofanoan hiltzekotan bi bizitza galduko dira” aitortuz amaitu zuen bertsoaldia.
Zortziko txikian umoretik jo zuten bertsolari gazteek. Tena eta Oribe, diskotekako dj eta kantak etengabe eskatzen zizkion mozkor baten azaletik. Arrausik eta Comasek, aldiz, autostop eta gidariaren larrutik. Autostopa egiten zegoen Comasek Arrausiren kotxean igotzeari uko egin zion. Haatik, Arrausik ea kotxerik inoiz ez duen ikusi galdetuz zirikatu zuen Comas. Honek, beldurrezko aktoreen aurpegia zuela adieraziz argudiatu zuen bere jarrera. Amilburu eta Burgiri, ordea, agurez beteriko hoteleko animatzaile izatea egokitu zitzaien. Saio freskoa, umoretsu eta dotorea osatu zuten. Puntu erantzunetan fresko eta azkar aritu ziren Iñaki Tena eta Paula Amilburu.
Aipatzekoa da bakarkako lanetan bertsolari gazteek erakutsitako maila. Amilburuk beldurrari botatako bertsoa goitik beherakoa izan zen. Tenak, Comasek eta Burgik ere ondo bete zuten ariketa.
Epaileen aburuz, Paula Amilburu (172,5 puntu) eta Iñaki Tena (162 p.)aritu
ziren ondoen. Haien atzetik geratu ziren Ainhoa Comas (157p.), Beñat Burgi (156,5p), Beñat Oribe (139 p.) eta Maddalen Arrausi (126p.). Hargatik, Amilburu eta Tena izango dira Aguraingo finalean kantari.
Egilea: ARABAKO BERTSOZALE EKARTEA