Jardunaldiari hasiera emateko bi erakusketa inauguratuko ditu Frantzia kaleko museoak. Batetik, Alfredo Álvarez Plágaro arabarraren ‘Plágaro’ lana, ikuslearen begirada harrapatzen dituen «margolan berdinak» serieaz osatua. Bestetik, ‘Premiaren garaia’ erakusketa kolektiboa zabalduko da, zehazki, Picasso-ren une honetan ibilbide interesgarrienetakoa duten lau artista garaikidek – Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel García Andújar eta Pilar Albarracín – Guernica-ren inguruan aukera honetarako propio egindako lanen bidez ikuspegi berezi eta berritzailea eman nahi duena. Inaugurazioaren ondoren, 21:00etan, Pepo Salazar-ek 3rd WWRequiem piezaren kontzertua eskainiko du.
Eguna bukatzeko, Telephunken eta Radiofunkens taldeek erritmo elektroniko eta pop doinuak dituzten beren lanak aurkeztuko dituzte 21:30ean. Telephunken musika elektroniko independentearen talderik garrantzitsuenetako bat da eta funk, jazz, raggamuffin, breakfeat edota latindar erritmoak nahasten ditu.
Radiofunkens talde nafarra, 2010. urtean bere lehenengo diskoa grabatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Artista Gazteen eta Campus Music txapelketak irabazi zituzten. Radiofunkens abiarazlea izango da, eta rock alternatiboa eta pop kutsu handiko doinuak eskainiko ditu.
Maiatzaren 19an ospakizuna jarraituko du
Baina ostiralean ez da Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizuna amaituko, maiatzaren 19rako hainbat ekintza gorde baitira. Horrela, 12:30ean eta 18:00etan erakusketen bisitaldi gidatuak izango dira. Horrez gain, txikienek ere txoko berezia izango dute Artium-en. Horrela, 6 eta 11 urte bitarteko haurrek lantegi irekia izango dute arratsaldean.
13:30etik aurrera eta hiru emanalditan ‘Denbora eta premia (Guernica)’ erakusketa oinarri harturik, Horman Poster kolektiboak ‘After you performancea’ egingo du. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dantzariek leku honetarako bereziki sortu duten lan artistikoekin, erakusketan barrena eramango dituzte parte hartzaileak bazter guztiak ezagutzera.
Egunari agur esango diote Menpekotasunen Eguneko Erietxeko lagunek sortutako Band in a box taldearen kontzertu-performance batekin. Taldea 10 astez aritu da ARTIUMen lanean Gernika bonbardatu zeneko 75. urteurrenaren inguruko proiektu bat burutzeko. Zentro-Museoak gizarteratzeko lankidetza programak ditu erakunde batzuekin eta besteekin, lantegi-bisitaldien bidez arte garaikidea jende guztiarengana hurbiltzeko asmoz.
Museoen eguneko egitarau osoa HEMEN
Egilea: Saioa Fdz. de Arangiz