‘Goazen plazara’ ekimena, maiatzaren 19an Gasteizen

hirinet 2012ko mai. 17a, 12:15
KARTELborobilaLarunbatean, maiatzak 19an, ‘Goazen plazara’ ekimena antolatu du Herrira mugimenduak. Gasteizen ez ezik, Euskal Herriko (eta munduko beste hainbat puntutan ere) 200 bat herri eta hirietan, aldi berean gizartea presoen eskubideen alde mugiaraziko du deialdi honek. Enara Hernandez Herba, Gasteizko Herrira bilguneko partaideak, ekimen honen nondik norakoak azaldu dizkigu.

Zer da ‘Goazen plazara’ ekimena?

‘Herrira’ mugimendua gizarteari aurkezteko dinamika bat, urtarrileko manifestazio kolosalaren ostean presoen eskubideen aldeko borrokan udaberriko inflexio puntua. Plazak betez, modu desberdinetan, urtarrilaren 7ko manifestazioan batu ziren indarrak batzeko aukera, aldarrikapen nagusiak herri eta hiri guztietako plazetara eramaten.  
Herrira mugimenduak beste aldarrikapen asko hartzen ditu kontutan, esaterako iheslariak, isolamendua,.... baina oraingoan hiru aldarrikapenetan jarri izan nahi dugu arreta; preso politikoen gehiengo handiari aplikatzen zaion sakabanaketa politikaren amaitzea, gaixorik eta espetxeetan mantentzen dituzten 14 presoen kaleratzea eta auzitegi konstituzionalak ontzat eman duen bizi arteko zigorrarekin amaitzea, alegia.
‘Herrira’ mugimendua herriak sortutako mugimendua da; mugimendua, hain zuzen, etengabe mugitu eta mugiarazten egongo delako. Urtarrilean Bilboko kaleak bete genituen 110.000 biztanleetatik gora sortu dugu herrira.

goazen-plazara-webOrain dela bi hilabete inguru aurkeztu zen ekimena. Zer egin da denbora honetan eta nolakoa izan da jendearen harrera?

Denbora honetan eguneroko eskubide urraketei erantzuna emateaz aparte mugimendua bera antolatzen ibili eta ibiltzen gara, ‘Herrira’-k mugimendu zabal bat izan nahi du, bilgune ezberdinetan osatuta, denon parte hartzea ezinbestekoa dena. Lana ez da erraza, baina sortze bidean nabarmena izaten ari da zenbat lagun dituen gure/denon mugimendu honek.

Harrera ezin hobeagoa izaten ari da, eta seguruenik hurrengo larunbata horren isla izango da. Bitxikeri moduan, sare sozialetan murgiltzen hasiak gara eta orduko agertu zaizkigu Facebooken bitartez kartelak ipintzera animatu direnak. Inoiz halakorik gertatuko zenik bururatu ere ez zitzaigun egin, baina gertatzen ari da, dudarik gabe jendeak gogotsu hartu du ‘Herrira’ mugimenduaren sorrera eta pozik ari da gureganatzen, preso eta iheslarien herriratzean parte hartzera. Preso eta iheslarien afera konpontzea lehentasuna bada, gai hau kalean izateko era desberdinak planteatu beharko ditugu, era irudimentsuan, modu eraginkorrean... baina beti ere, kalean.

Zergatik ‘plazara’?

Plazara aitzakia baino ez da, gaztetxeetara, tabernetara, kontzertuetara, futbol zelaietara,..... edonora baina Herrira!. Izan ere, plazak aterik eta paretarik gabeko guneak dira, hirien eta herrien gunerik libreena akaso, espetxeen arkitekturaren guztiz kontrakoa. Sinbolotzat ez dago batere gaizki, baina lehen esan bezala, plaza esaten dugunean mendia eta hondartza, gaztetxea edo futbol zelaia, parkea edo taberna,.... esan nahi dugu.

Gasteizen ez ezik, larunbatekoa Euskal Herriko beste 200 bat herritan ere ospatuko da…

Bai hala da, eta ez bakarrik Euskal Herrian, Londres eta Argentinan ere plazak beteko dituzte. Oraingo honetan ere ‘Kolosaka’ izango da.

Ekimenak pertsonai ezagunen laguntza ere jaso du, esaterako, Kirmen Uribe, Ramón Barea, Xabier Mendiguren, Fernando Madina (Reincidentes), Gotzon Sánchez, Eñaut Gantxegi edo Ines Osinaga… Zer nolako garrantzia izan du honek?

Dudarik gabe pertsona ezagunen laguntza handia izan da oraingo honetan ere, mugimenduaren harrera onaren beste isla delako. Garrantzia izugarria da,benetan.

Zer antolatu duzue egun horretarako Gasteizen?

12:00etan hasiko da ekimena Bilbo plazatik, bidean zehar hainbat plazekin topatuko gara, bertan mugimendua aurkituko dugu, esan bezala, etengabe mugitu eta mugiaraziko dugu jendea Foruen enparantzara ailegatu arte. Bertan mugimendua ez da geldituko eta Teatro del Oprimido, Txurrigonotxa, Galder Perez eta Ane Zabalarekin, elkarrekin disfrutatzeko ekitaldia prestatu dugu. Poztasunez aurkeztu nahi dugu Herrira Gasteiztarren artean eta dudarik gabe larunbateko plana ezin hobea izango dela uste dugu.

 

 

Egilea: Saioa Fdz. de Arangiz

2012/05/17

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide