Maider Unda: “Kirolaria izatea artzaina izatea baino gogorragoa da”

hirinet 2012ko mai. 14a, 13:24
maider-unda2Arabako kirola zorioneko dago. Izan ere, Maider Unda kirolari aramaioarrak Londres 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu zuen Finlandian ospatu zen Txapelketa Aurreolinpikoan. Txikitatik bere pasioa izan den emakumezkoen borrokak domina olinpikoa lortzeko aukera emango dio hemendik denbora gutxira. Baina kirolaria izatea ez du ogibide bakarra, gurasoen tradizioa jarraiki, Idiazabalgo jatorria duen Artzai Gaztaren  ekoizlea baita gazte arabarra.

Zorionak, Maider, bigarren aldiz Olinpiar Jokoetara sailkatzeagatik Nola sentitzen da kirolari bat horrelako momentuan?

Eskerrik asko! Hainbeste kostatu eta gero, lortzen duzunean pisu handia kentzen duzu gainetik. Helmugara heldu gara, bai, baina oraindik gogorrena geratzen zaigu eta Olinpiadetarako denbora asko falta da oraindik. Hala ere, oso pozik nago.

Olinpiadetarako billetea eskuratzea ere gogorra egin zaizula suposatzen dugu, ezta?

Bai, fisikoki batez ere. Azkeneko hiru aste hauetan leku batetik bestera egon gara. Denbora asko eman dugu aireportuetan eta horrek asko nekatzen du.

Londresekoak ez dira zure lehenengo Olinpiadak izango, izan ere, 2008an Beijing-en egon zinen. Oraingoan, ilusioa berdina al da?

Nik uste dut ikuspuntua guztiz aldatu egin dela. Beijing-ekoak nire estreinako Olinpiadak izan ziren; hara joateko urte bete lehenago sailkatu nintzen Mundialetan eta oraingoan, errodajea handiagoa egin behar izan dugu eta txapelketa askotan parte hartu dugu. Aurreko Olinpiadetarako orain hasi zen benetako prestakuntza, baina oraingo kasuan, lan gogorrena egina daukagu eta soilik xehetasun txikiak landu behar ditugu. Gogoak, beraz, antzekoak direla esango nuke, baina beste ikuspuntu batetik ikusita. Hau da, orain badakit nolakoak diren Olinpiar Joko batzuk eta helburua ere ezberdina da. Beijing-en ahal zen gorena lortzea zen asmoa, baina orain sailkatu diren pertsonak nortzuk diren ikusita, domina lortzeko prestatuko gara.

maider-unda1Zer nolako giroa dago Olinpiar Jokoetan?

Beijing-ekoak eta Londresekoak guztiz ezberdinak izango direla uste dut. Txinara, esaterako, 10 egun lehenago joan ginen, Londresera, aldiz, bi egun lehenago joango gara. Gainera, Beijing-era borrokako beste hiru kideekin joan nintzen eta oraingoan bakarrik noa. Beraz, guztiz ezberdina izango da. Beste kiroletako kideekin erlazionatu beharko naiz. Hala ere, baditut ere ezagunak eta bizipena oso bestelakoa izango dela uste dut.

Emakumea izatea eta tradizioz gizonezkoen kirola praktikatzea bateragarria al da? Oztopoak topatu dituzu bidean?

Bai, baina aspaldi! Azken urteetan traba hori gainditu dugu eta mutilen pare gaude. Izan ere, federazioetan emakumeek lortu dugu gure tokia. Horretarako, emaitzak lortu behar izan ditugu, baina behin hori eskuratuta indarra lortu dugu.

Azken urteotan, Brontzea Europako Txapelketan, Espainiako Txapelketa 2012an, Olinpiar Jokoetarako sarbidea… Oraindik eskuratu ez duzun zerbait faltan botatzen al duzu?

Bai, noski! Olinpiadetako domina eskuratu nahiko nuke.

Kirola alde batera uzten duzunean, gaztagintzan aritzen zara Aramaion. Zer da gogorragoa, kirolaria edo artzaina izatea?

Bai, saiatzen naiz behintzat! Nik uste dut goi-mailako kirola gogorragoa dela, oso gogorra. Hemen behintzat, gaztagintza aritzean, asko disfrutatzen dut eta nire buruak askoz ere presio gutxiago sentitzen du. Kirol munduan, presioa handia da eta hau kontrolatzea inportantea da oso. Beraz, artzain mundua erosoagoa eta gozoagoa da niretzat.

Nola murgildu zinen mundu horretan?

Nire gurasoek egin dute betidanik eta txikitatik bizi izan dut. Borrokan ere txikitan hasi eta beti egin dudana izan da.

Olinpiar Jokoak eta gero, zein izango da Maider Undaren hurrengo urratsa?

Garrantzitsuena atseden hartzea izango da. Gero ikusiko dugu ea borrokarekin jarraitzen dugun ala bertan behera uzten dugun. 34 urterekin pentsatu behar dut kirola uzten dudan ala ez. Jakin badakit, borroka ez dudala guztiz utziko baina egia da lasaitasun gehiagoz hartuko dudala.

Zorte on Maider!


Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

2012/05/14

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide