Maiatzaren 12an Bidezko merkataritzaren mundu eguna ospatuko da Gasteizen

hirinet 2012ko mai. 9a, 12:24

bidezko-merkaritza-webUrtero bezala, maiatzeko bigarren larunbatean, Bidezko Merkataritzaren eguna ospatuko da mundu osoan zehar eta Gasteizen, “Inor leher eginda utzi gabe, kafe on batez gozatu" lelopean, Medicus Mundi Araba, Misiones Diocesanas, Intermon Oxfam, Corazonistas, Serso San Viator eta SETEM erakundeen eskutik egingo da. Ospakizun honek “beste eredu ekonomiko bat posible dela” defendatzen du eta “pertsonak eta euren eskubideak etekin ekonomikoen gainetik dauden ereduan” sinesten du. Aurten, antolatzaileek kafea aukeratu dute jaialdiaren ildo nagusitzat, munduan merkaturatze handieneko oinarrizko bigarren produktua delako, petrolioaren atzetik.

Bere prezioa New Yorkeko eta Londreseko burtsetan ezartzen da, eta aldakortasun handiaren mende egoten da. Antolatzaileen esanetan, larunbateko jaialdian aldarrikatuko den Bidezko Merkataritzak prezio egonkorra bermatzen die talde ekoizleei eta haurren lan-esplotazioa gerta ez dadin ahalbidetzen du. Era berean, lan-soldata eta baldintzak bidezkoak dira emakume eta gizonentzat eta bultzatu egiten da emakumeen partaidetza erabakitzeko organoetan. Ekoizpen-teknikei dagokienez, ekologikoak direla aldarrikatzen du eredu honek. Ez dira substantzia sintetikoak erabiltzen, ezta transgenikoak ere eta lurraren zikloak eta ingurunearen iraunkortasuna errespetatu egiten dira.


Kafe-ehogailu tradizionala eta pintxoen ibilbidea maiatzaren 12an

Larunbateko ospakizunari hasiera emateko, 12:00etan Probintzia plazan kafe-ehogailu tradizionalekin ehotzen ariko diren pertsonen kontzentrazioa egongo da. Aldi berean, munduko ehun bat herritan izango dira kafea ehotzen ariko diren pertsonen kontzentrazioak. Plaza horretan bertan hainbat espazio eta jarduera izango dira Bidezko Merkataritzaren errealitate eta proposamenetara hurbiltzeko: ekojolasak eta haurrentzako lantegiak, musika emanaldiak, kale antzerkia, trukea, ipuin kontalariak, bidezko merkataritzako produktuen salmenta eta dastatzea, informazio gunea, bidezko txokolate jana eta Kale Gorrian taldearen kontzertua amaitzeko.Horrez gain, Truke Gunea egongo da bertan, kirol ekipamendu, arropa, liburu edo materiala trukatzea helburu duen ekimena.

Ostalaritza establezimendu batzuek ere bat egin dute ospakizunarekin eta, horri esker, herritarrek Bidezko Merkataritzako osagaiz landutako bidezko pintxoen ibilbidea ere egin ahalko dute. Honako tabernek osatzen dute ibilbidea: El 7, Arrantza, Zabala, Virgen Blanca, Baztertxo, Victoria, La Unión, El Mentirón, Txapela, Rabia y Miel eta Hungaria. Taberna horietara hurbildu eta pintxoak dastatzen dituztenek bidezko merkataritzako produktuz osaturiko saski baten zozketan parte hartuko dute.

Informazio gehiago HEMEN

 

Saioa Fdz. de Arangiz

2012/05/09

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide