Irakurri, gozatu eta oparitu!!!

Euskararen Agenda 2012ko mai. 4a, 12:12

igo_topagunea

Irakurzaletasuna sustatzen arabarren artean


Irakurzaletasuna sustatzea helburu duen egitasmo honen seigarren edizioak berrikuntza nabarmen bat izango du Araban, lehenengo aldiz eskainiko baita, aldi berean, kuadrila bereko herri guztietan, Zuiakoetan, hain zuzen. Aramaio, Legutio, Arrazua-Ubarrundia, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaizeko herritarrek IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU programak  eskaintzen dituen prozedura eta abantailak baliatu ahal izango dituzte hurrengo bi hilabetetan.

Egitasmoak proposatzen duen parte hartzeko ohiko  prozeduraz gain ekintza osagarriak eskainiko dira Zuiako kuadrillako lau Udal  liburutegietan.

IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITUk Araban izango duen hedadura eta izaera berezi hauek, sarri aldarrikatu baina gutxi praktikatzen den erakunde eta elkarte ezberdinen arteko elkarlanari esker izango da posible, eta hori bada, berez, poztekoa eta nabarmentzekoa.


 

FUNTZIONAMENDUA ( lau urratsetan)

1- Irakurleak, Udal liburutegiko mailegu zerbitzua erabiliz,  nahi duen euskarazko liburua eramango du etxera han irakurtzeko

2- Behin liburua irakurrita, liburutegia itzuliko du eta hori egitean irakurle-fitxa  erraz  bat beteko du.Fitxa betetakoan erosketa-txekea emango diote liburutegian bertan.

3- Erosketa-txeke horrekin  erosiko duen  euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordainduta edukiko  du. ( Irakurlea; euskara ikasle,  elkarte antolatzailearen kide edo  Mintzalagunaren partaide  izanez gero, txekeak %50ko balioa izango du)

4- Irakurleak  txekea erabiliz erosi duen liburua lagun-ikaskide-senideren bati oparituko dio ( edo bere buruari), irakurketarekin gozatzen jarratitzeko.

EKINTZA OSAGARRIAK ( ZUIAko kuadrillan)

Kuadrilletako lau Udal liburutegietako bakoitzera Arabako idazle ezagunen bat joango da bere azken liburuari buruzko solasaldia eskeintzera. Lehengo biak maiatzaren bukaeran izango dira eta gainontzekoak ekainean. Maiatzaren 29an, asteartea, 20:00etan, Patxi Zubizarreta izango da Legutioko liburutegian” JOAN” izeneko bere azken liburua aurkezten eta 31n, osteguna, Karmele Jaio hurbilduko da Murgiara, 20:00etan, bere “MUSIKA AIREAN” izenekoaz hitz egitera.

ELKARLANA ( praktikatuz)

Arabaz gain, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako zenbait herrietan ere  eskainiko den kultur egitasmo hau TOPAGUNEA euskara elkarteen federazioak koordinatu eta tokian tokiko euskara eta kultur elkarteek antolatzen dute. Zuiako kasuan, Aramaioko TXIRRITOLA, Urkabustaizeko LAN ETA JOLAS eta Zuia herriko BIDABARRI elkarteekin batera, Legutioko Udal liburutegiak hartu du bere gain herri mailako antolakuntza. Aipatutako guztiez gain, egitasmoak  Kuadrillako euskara zerbitzuaren partaidetza izango du ekintza osagarrien arloan baita Gasteiz zein Arrasateko ELKAR liburu dendena ere. Egitasmoa, gainera, neurri batean, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren babesari esker gauzatuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide