Igelak benetan hiltzen dira, Iñaki Irasizabal

hirinet 2012ko mai. 3a, 11:27

mini-igelak_benetan_hiltzen'Igelak benetan hiltzen dira' misterioko eleberri bat da, laburra eta arina, zeinarekin Iñaki Irasizabal idazle bizkaitarrak, bere lumaren erritmo ezin biziagoaz baliatuz, irakurlea lehenengo orrialdean harrapatu eta azken puntura arte ez askatzea lortzen duen.

Gauza guztiak etiketatzera bultzatzen gaituzten grinak asetuz eleberriaren osagai guztiak analizatu bagenitu, erraz koka genezake honakoa, eleberri beltzeko generoaren barruan, baina ez da hau ordea nolanahiko eleberri beltz bat.

Badugu noski misterio bat; Aroaren, bere etxetik ez oso urrutiko kala batetan natur-zientzietako lanerako laginak jasotzen ari zen hamabi urteko neskatoaren, desagertzea, eta baita “krimenaren” agertoki bat ere; biztanle guztiek, bistaz besterik ez bada, elkar ezagutzen diren kostaldeko herri txiki bat. Baina istorio honen parte ez den, edo akaso baden, kontalari baten eskutik, ezohiko ikerkuntza baten aurrean aurkitzen gara, zeinean, handik pasatzen den hura bezala, bertan ikusi, bizi edota entzun zituen gertakizunak kontatzen dizkigularik.

Eleberri honetan, bizitzan maiz gertatu ohi den bezala, gertaerek baino pisu handiagoa dute, turko-buru bat bilatuz euren kinielak jolasten dituzten batzuen eta besteen usteak, haria bukaera iragarrezinetan lehertu arte tenkatzen dituzten uste horiek alegia.

Burua txoriz beterik, eta Mendaroko txokolatea bezalako eleberriekin arrakasta lortu ondoren, nobela beltzako irakurle zaletua dela aitortu duen Iñaki Irasizabalek misterioko tramak harituz ere maisua dela agerian usten digu, berriz ere, bere seigarren eleberria den, 'Igelak benetan hiltzen dira' idazlanarekin.

 

2012/04/27
Egilea: Amaia Panizo

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide