Adolfo Muñoz ‘Txiki’: “Lan munduan, gizartean bezala, euskararen normalizazioa eman dadin, erabilpena da bidea”

hirinet 2012ko mai. 1a, 02:00

TXIKI2Maiatzaren Lehenerako ELAko idazkari nagusiarekin solas egin du Hirinet-ek. Egun honetarako aldarrikapenak, azkenengo greba orokorrean Gasteizek eman zuen erantzuna eta hiriak egungo egoera ekonomiko eta soziala nola bizi duen izan dira hizpide. Baina bide batez Adolfo Muñoz “Txiki” gasteiztarra eta euskaldun berria ezagutzeko parada aurkituko duzue solasaldi honetan.

Euskaldun berria izan arren, euskaraz oso ondo moldatzen zarela esan digute. Noiz eta nola ikasi zenuen Euskara?

Euskara ikastea inoiz amaitzen ez den ikasgaia da! Orain dela urte asko hasi nintzen ikasten baina tarteka utzi eta berrartu dut. Izan ere, orain dela 5 urte inguru gogor ekin nion ikasteari eta hainbat ikastaro intentsibo egin nituen orain dudan maila lortu arte. Literatura guztia euskaraz irakurtzen dut; soilik egunkariak irakurtzen ditut gaztelaniaz. Ahalegin hori egitea merezi duela uste dut.

Non topatu dituzu zailtasunak Euskara ikasteko orduan?

Batez ere, Urolako eta Ondarroako jendearen euskara ulertzea kostatzen zait!

Zure aburuz, zein da euskara ikasteko modurik eraginkorrena?

Nire kasuan, behin Oñatin aipatutako ikastaro intentsibo bat egin nuen, baina kasu horretan, ni nintzen barnetegian zegoen ikasle bakarra. Irakasle desberdinak nituen eta oso gogorra egin zitzaidan baina horrek eman zidan orain daukadan maila. Bestetik, norbanakoaren ahaleginak funtsezkoak dira, esaterako, hitz egitea edo irakurtzea.

Gasteizen eguneroko bizitza euskaraz egin dezakezu?

Bai, noski. Egunero erabiltzen dut euskara, lan arloan bereziki. Baina kalean ere euskaraz egiten dut, lagunekin. Lagun gehienak euskaldunak dira eta euskaraz egiten dugu.

TXIKI ELAZein urrats eman behar dira lan munduan euskararen normalizazioa ahalbidetzeko?

Gizartean bezala, erabilpena da bidea eta hauxe da orain dugun erronka nagusiena. Jendeak orain duela hainbat urte baino euskara gehiago daki, baina entzutea eta erabiltzea gehiago kostatzen da. Lan munduan erabilpena sartzea zaila da eta asko dira horretarako behar diren tresnak, eta tresna hauek ere garai honetan sartzea zaila suertatzen da. Baina egia da erabilpenik gabe ez dagoela etorkizunik eta beraz, bakoitzaren erronka eta ahalegina oso garrantzitsua da. Kalean euskara entzun behar da, tresna erabilgarria izan dadin.

Eta zuk Gasteizko kaleetan entzuten duzu?

Gasteizko erdigunean bizi naiz eta seguraski hemen beste hainbat lekutan baino euskara gehiago entzuten da. Inguru hauetan Unibertsitateko jende gaztea bizi da eta horrek badu zerikusia. Kalean asko entzuten da euskaraz, Adurtzan, esaterako. Bilboko erdigunean baino gehiago hitz egiten dela esango nuke.

Lan munduari erreparatuz, Maiatzaren Lehenean, “Ezinbestez, sindikatua” lelopean eta egungo egoera ekonomiko eta sozial honen esparruan, zer aldarrikatzen du ELAk?

Gure hausnarketa klase politiko batek patronalari nahi duen guztia ematen diola da eta horregatik gure mezua langileriari bideratzen diogu. Lan mundua antolatu behar dugula esaten diogu, horretarako dago sindikatua eta ezpadago antolakuntzarik ez dago egunotan daukagun erronkari aurre egiteko modurik. Azken bost urteetan gertatu denaren inguruko hausnarketa egin dugu eta egoera latz honen errudunak guztia eraman duten espekulatzaileak direla uste dugu. Modu perbersoan lortzen dute dirua Europatik, zoru publikoarekin espekulatzen dute eta hori egiteko babes guztia dute. Beraz, hau guztia ikusita gure mezua hauxe da: langileok, geure defentsa egiteko asmoz, antolatu behar gara. Egin den azken greba orokorra oso arrakastatsua izan da, jendea konturatu da egoera oso larria dela eta heldu da momentua greba orokorraren arrakasta hori esparru organizatibora eramateko. Ez badugu hori ondo egiten, irabaziko gaituzte.

Euskal langileontzat gogoratzen duzun Maiatzak 1 gogorrena izan al da?

Historian zehar krisi larriak bizi ditugu, esaterako, 1993an Hego Euskal Herriko biztanleriaren %24a langabezian zegoen. Izan ere, oraingo krisiak osagai desberdinak ditu. Alde batetik, krisia sistemikoa da, krisiaren erruduna kapital espekulatiboa izan da eta esparru horretan desoreka handia dago. Azken boladan, klase politikoak babesa eman dio kapital espekulatiboari nahi izan duen guztia egiteko. Gu kezkatuta gaude ekonomia errealarekin, enpleguak sortzen badira sortzen dira ekonomia errealean. Bestalde, ez dakigu zer gertatuko den bihar eta hauxe izango litzateke krisi honek duen beste osagaietako bat, honen adierazle dira osasungitzan eta hezkuntzan hartu dituzten azken erabakiak. Dakigun gauza bakarra da polítika honek kolapsora eramaten duela ekonomia eta egiten dituzten politikekin langabezia, pobrezia eta xenofobia igoko direla. Horren kontrako esparru sindikal eta sozial bat lortzea eta sendotzea da gure nahia.


“Martxoak 29ko greba orokorrean Gasteizek

emandako erantzunak Martxoaren 3ko lehen

urteurreneko manifestaldia gogorarazi zigun”


Klase politikoari beste politika bat egin dezan eskatzen diozue. Zein?

Politikak alda ditzaten eskatzen diegu agintariei. Lan esparruan, desoreka handia sortu dute patronalaren mesedetan eta lan munduan lan baldintza duinak defendatzeko eta negoziaketa kolektiboa egiteko.indarra behar dugu. Esparru sozialean, aldiz, asko dago egiteko. Gaur egun, jendea langabezira doanean, marginaziora doa eta elkartasunik ez badago ez da posible modu duin batean bizitzea. Hortaz, hauxe loteria madarikatu bat da eta inork ez daki zer gertatuko ote zaion bihar. Hala, esparru hau sendotzeko fiskaltasuna daukagu. Europarekin konparatzen badugu, egin behar dugun bidea luzea da eta Hego Euskal Herrian Europan dagoen presio fiskala ezarriko bagenu, 8.000 milioi euro lortuko genituzke. Eta honekin esparru soziala finantzatzeko gaitasuna izango genuke. Baina ez dute hori egin nahi, patronalak agintzen duen politika egiten dutelako eta hau lortzeko presio soziala ezinbestekoa da. Bestalde, Rajoy-k planteatu dituen murrizketak, osasungintzan zein hezkuntan, esaterako, ez betetzeko eskatzen diogu euskal administrazioari.

Aipatutako pobrezia eta arrazakeria Gasteizen ere ikusiko al dira noizbait?

Dagoeneko ikusten dira. Dexente gainera. Asko dira langabetuak eta hauen artean asko dira langabezia-estaldura jasotzen ez dutenak. Guk ondo dakigu zer gertatu den beste herrialdeetan horrelako politikak ezarri direnean, adibidez, Argentinan. Izan ere, neurri hauek pobretuko dute gizartea eta horren eraginez arrazakeria areagotuko da, baita demagogia eta populismoa ere. Eta guzti hau, zergatik ez, Hego Euskal Herrian ere suerta daiteke eta gertatzen da. Ez daukagu horren kontrako txertorik.

Inoiz baino gehiago, langileek, eta orokorrean gizarteak, sindikatuen premia sentitzen dutela nabaritzen duzue?

Gure ustez, ez dago aldebakarreko irtenbiderik. Gizartean beti dago borroka bat. Haiek indibidualismoa nahi dute, guk, ordea, defentsa kolektiboa. Borroka honetan ez baduzu zuk zeurea ondo lantzen, besteak irabaziko du borroka. Ondo zaindu behar dugu defentsa kolektiboa, bestela ez dago alternatibarik. Guk sindikatu barruan afiliatuak, delegatuak, militanteak dauzkagu eta guretzat inportanteena sindikatuak esparru desberdinetan egiten duena da. Lan esparruan, enpreseten ez badugu afiliazio nahikorik lortzen ez dugu hitzarmen kolektiborik lortuko. Esparru sozialean, aldiz, sindikatu eta mugimendu sozialen arteko harremana sendotu behar da, besteak beste, mobilizazioak aurrera eramateko.

Nola ikusi zenituen gasteiztarrak Martxoaren 29ko greba orokorrean?

Egun horretan arratsaldean etorri nintzen Gasteizera. Kalean topatu nituen ezagunek esan zidaten inoiz ez zutela ikusi Gasteizen egun horretan gertatu zena. Beste manifestaldi gogoangarriekin egin zituzten konparaketak, besteak beste, Martxoaren 3ko lehenengo urteurrenean edo 1988ko abenduaren 14ko greba orokorrean egin ziren manifestaldiekin. Jendea joan da baina esparru hori oraindik ere bizirik mantentzen da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide