ETS: “Gure musika gozatzeko, alaitzeko eta emozionatzeko da”

hirinet 2014ko apirilaren 14a

Arabar Errioxako En Tol Sarmiento taldeak ‘Zure mundua’ disko berria kaleratu du.  Bere aurreko lana ‘Hacia la luna’-k lortu zuen arrakastak lanean jarraitzeko indarrak eman Iekorako taldeari eta bere estiloari eutsiz, “konpromisoa hitzetan eta ska doinu alai eta dantzagarriak musikan” topatuko ditugu bilduma berrian. Apirilaren 25ean zuzenekoa eskaini du ETSk Kubik aretoan (Hirinetek bi sarrera zozkatuko ditu).

 

Orain arteko ETS aurkituko al du ‘Zure mundua’ disko berri honetan?

Ezagutu duzuen ETS taldea aurkituko duzue disko berri honetan. Dena den, taldea bere lekua bilatzen egon da azken urte osoan eta bere nortasuna definitzeko prozesu honetan ‘Zure mundua’ sortu egin da. Estiloari dagokionez lehengo diskoari eutsi diogu: konpromisoa hitzetan eta ska doinu alai eta dantzagarriak musikan, nahiz eta tartean balada hunkigarriren bat txertatu.

 

Gure mundua zurea bihurtu nahi izan duzue lan berri honetan. Zein da, bada, ETSren mundua?

Hasiera batean diskoak ‘Gure mundua’ izena hartu behar zuen. Bertan, gure munduaren ikuspegia islatu nahi genuen, betiere doinu alaiez jantzita. Gure mundu honetaz hitz egiten zuten letrak oso anitzak ziren; gazteriaren egoera,  Hego Amerikako errealitatea…. Beste alde batetik, letra alaiak ere ez genituen ahaztu nahi. Horietako adibide zuzenak ‘Herriko jaixetan’ abestia edota  ‘Sexuarekin’ kantua.

Hilabeteak pasatzen ziren heinean, publikoari nolabaiteko garrantzia eman nahi izan genion (azken finean haiei esker gaude gu hemen) eta gure mundu horren parte sartu genuen. Haiek dira mundu hau hobetzeko baliabide aproposena eta.

 

Nolakoa izan zen sortze-prozesua?

Hitz batean, AZKARRA izan da. Hau da, 2013 urtean zehar sortu egin dira abestien konposizio gehienak eta aldi berean, aurreko biran murgilduta geunden. Horrez gain, ez gara leku berdinetan bizi eta kilometro asko egin behar ditugu entsegu batera joateko. Horregatik, etxean lan handia egon da eta elkartzen ginenean ahalik eta gehien ‘zukutzen’ genuen denbora.

Abestiak oso zuzenak dira, eta idei bakar bat transmititu nahi dugu bakoitzean. Melodia dantzagarriak, alaiak, konplikazio handirik gabe…

 

Noren laguntza eta kolaborazioa izan duzue?

Disko honetan, aurretik esan dugun moduan, gure soinua eta lekua bilatu nahi izan dugu. Hori dela eta ez dugu izenpeko kolaboraziorik bilatu, nolabait gure arima biluzteko eta jendeari gu benetako izaera erakusteko. Hala ere, kanpoko detailetxoak egon dira (biolina, biola, teklatua…).

 

Estudioko lana amaituta, orain jendaurrean aurkeztea tokatzen zaizue. Nolakoa izan da orain arteko harrera?

Uda luze eta polit bat daukagu aurretik eta ondo preparatu nahi dugu. Orain arte bi kontzertu izan ditugu, Donostian eta Izarran, eta harrera ona egon da. Dena den, jotzeko erosotasuna bilatzen jarraitzen dugu eta nolabait bi probatxo izan dira.

 

ETS zuzeneko taldea da, ezta?

Bai. Diskoaren soinua ahalik eta hobekien aurkeztu nahi diogu jendeari baina guretzat kontzertu bat askoz gehiago da. Espektakuluari garrantzi handia ematen diogu eta jendearekin nolabaiteko konexio berezi bat sortu nahi dugu. Gure musika ez da aztertzeko, baizik eta gozatzeko, alaitzeko eta emozionatzeko. Kontzertuetan, guk disfrutatzen dugun heinean,  jendea pozik ikustea da gure helburua. Probatzeko prest?

 

 ‘Hacia la Luna’ diskoaren lortu zenuten arrakasta itzela izan zen. Disko berria sortzerako orduan, aurrekoa gainditzea izan duzue buruan?

‘Hacia la Luna’ diskoa azken bost urtetako taldeko bilduma antzeko bat izan zen eta oraingo honetan gaur egungo soinuaren ispilua daukazue. Hori dela eta, orokorrean erosoagoak sentitzen gara disko honetako abestiekin. Egia da ere, ez dugula ahaztu behar zergatik gauden hemen. Aurreko diskoarekin ez genuen hainbesteko harrerarik espero eta horrek eman dizkigu lanean jarraitzeko gogoak. Azkenean, oso pozik gelditu gara emaitzarekin eta jendeak erabakiko du arrakasta.

 

Aipatutako disko esker musikaren munduan lekutxo bat egiteaz gain, Iekora herria mapan kokatzea lortu duzue, ezta?

Zaila da jendeari Iekora-ri buruz hitz egitea, oso txikia baita. Horregatik, taldea Arabar Errioxan kokatzen dugu. Dena den, egia da taldearen historia eta energi guztia Iekora herrian dagoela. Musikari batzuk harreman oso estua daukagu herriarekin (familiagatik, bizi izanagatik…) eta beste batzuk taldeagatik ezagutu dute herria. Hala ere, pozik sentitzen gara horrelako herri lasai batean egotea taldearekin, nahiz eta udaletik ez dugun laguntzarik izan momentu orotan.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago