Musika arnasten da Gasteizen

hirinet 2012ko api. 24a, 10:54

Siroka Parral tabernan_GEUk antolatutaGasteizek gauza on ugari ditu. Baita txarrak ere, ez gaitezen engainatu! Baina lerro hauen bitartez ez naiz horiek epaitzen hasiko. Baizik eta astero muturren aurrean izaten ditugun zuzeneko emanaldi zerrenda oparoa eskaintzen duten taberna edota aretoei errepaso txiki bat ematen saiatuko naiz. Daukagunaz ez ahazteko aitortza antzeko zerbait.

Hasteko, eta asteari hasiera emango bagenio bezala, jada askorentzat ohitura bihurtu da antzerkiak, poesia zein diapo emanaldiak baina batik bat kontzertuak eskaintzen dituen alde zaharreko Parral tabernako astearteroko zita. Bertan ezagutu ditzakegu eszena lokaleko talde ugari, baita Euskal Herrian sona duten talde nahikotxo. Astearen monotonia hausteko, ditxosozko eskailera mekanikorik ez balitz, Parralek parean duen Gora tabernan ostegunero aurkituko ditugu estilo orotariko zuzeneko emanaldiak. Eta ezin ahaztu krepe goxoak eskaintzeaz gain, Hala Bedi tabernak agenda kultural oparoa duela, tartean zuzeneko emanaldiak. Gainera, aipaturiko guztiak dohainik izan ohi dira, beraz, aukera bikainak garagardo eta lagunartea musikaz gozatzeko.

Eta asteburuaren etorrerarekin batera, Prudentzio Deunaren egunean barraskiloak bezalaxe ugaritzen dira musika kontzertuak. Ez dago aspertzeko betarik Gasteizen lagunok! Kaxkabarra, Man in the Moon, Iguana edota Elortza Pub tabernek esaterako, beren ekarpen xumea egiten dute. Baita talde hasiberrientzat ezinbesteko den eta jada 24 urte zutik daramatzan Gasteizko Gaztetxeak ere. Biba zuek!

Bestetik, Judimendi auzoko Ibu Hots aretoak gutxienez bi emanaldi izan ohi ditu astero, nazioarteko eta talde euskaldunak tartekatuz. Ikusgarria da zuzenekoak antolatzeko duten grina, bejondeiela! Eta nork ez Jimmy Jazzen dantzarik egin gaueko ordu txikietan? Bada areto horretan zuzeneko emanaldiak antolatu ohi dituzte ia ostiral eta larunbatero. Horretaz gain, azkenaldian indarra hartzen ari da hamaika izen (tartean El Elefante Blanco, Kimbara, ...) izan dituen The Group aretoa eta bere eskaintza ere anitza da, bai estiloei dagokionez, baita taldeen jatorriari begiratuz. Amaitzeko, Hell Dorado aretoa daukagu, Gasteizko rock and rollaren tenplu eta erdigunetik urruti egon arren, makina bat rockzale hurbiltzen dira bertara astebururo.

Ziur bidean areto edo zuzenekoak eskaintzen dituzten tabernaren bat edo beste ahaztu ditudala, baina esango nuke aski frogatua geratu dela Gasteizen ez dagoela balizko aitzakiarik zuzeneko musika emanaldi batekin ez gozatzeko. Eta hori, musikara bideratzen den diru-laguntza publikoaren zati handiena Azkena Rock eta Jazzaldia bezalako jaialdi makro eta esklusiboetara bideratzen dela. Baina hori beste baterako utziko dugu.


2012/04/24

Egilea: Ion Etxebarria Kortabarria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide