GEUrekin mendira

hirinet 2012ko api. 19a, 13:46

geurekin mendiraMendian gora modu askotara joan daiteke... Atxagak idatzia da. Eta egia da. Poliki edo arin joan daiteke mendian gora. Esku hutsik edo makilekin. Sokatik zintzilik ere bai. Saldo handitan edo lagunarte txikian. Bakarrik ere bai. Joan daiteke hizketan, isilik joan daiteke...

1995eko otsailaren 15ean, igandearekin, abiatu zen taldetxo bat Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik, oinez, mendi aldera. Batzuk arin abiatu ziren, besteak lasaiago. Esku hutsik gehienak, inork ez zeraman sokarik. Taldetxoan, zenbat ziren gogoratzen ez dugula, elkar ezagutzen zuten batzuek, besteek ez, baina laster ez zen inor bakarrik. Isilago zenbait, ezin isilduak besteak. Eskibeleko mendi tontortxoan norbaitek azaldu zuen polita zitekeela euskaraz jardungo zukeen mendi taldetxo bat sortzea Gasteizen. Helburu apaleko mendi taldea, alegia, baina gure hizkuntzari dagokionez, zintzoa. Mendia maite, baina baita euskara ikasi, edo bizi nahi zutenentzako eremu babestua ere, ezaguna. Gasteiz handi honetan galtzen baita euskalduna, eta ongi datorkiolako jakitea non eta norekin, ez bakarrik nor-nori-nork.

Hilabete bat geroago, martxoaren 19an, hogeita hamar ibiltarik ekin zioten hurrengo txangoari: Zaldiaran, Busto eta San Migel tontortxoak zapaldu zituzten. Honela batzuk, non eta norekin:

- Zu hemen?

- Bai ni aspaldi ikasten naiz euskara baina ni ez hitx egin iñoiz.

- Ez da egia, nork pentsatuko!  Ba, egin orain nahi duzun guztia, horrela ikasten da ta.

- Bale, baña ni bakarrik hitz egin aldapa behera, ze asko asko nekatuta nago.

Kutxidazu bidea Isabel-ka batzuek, beraz, baina bestelakoak ere baziren, bidea aurretik erakutsita. Honetaz eta hartaz aritu ziren, beheko lautadaz eta goiko zeruaz, futbolaz, lanaz edo Dalai Lamaz. Hori bai, denak euskaraz. Eta ttipi-ttapa.

Horrela sortu zen Geurekin mendira deitutako taldea, eta hala irauten du gaurdaino GEU elkartearen barnean. Pasa den otsailean hamazazpi urteurren urtea.

220 irteera egin dira Euskal Herriko mendietara, goizeko irtenaldiak, edo egun osokoak. Hilabetean behin. Irteera bereziak ere, bestalde: hiru egunetako hura, Lapurdira (Iparla eta inguruak), eta Euskaraz Bizi, Bagare taldeekin antolatutakoak (8-9). Azken urtean Mintzalaguna taldeko lagunekin ere zenbait irteera antolatu dira. Zortzi-bederatzi pertsonek jarduten dute antolakuntzan, egutegia eta ibilaldiak prestatzeko.

Mendi apalak eta handiagokoak tartekatzen ditugu. Ibiltze erritmoari dagokionez, kontuan hartzen da datorrenen maila, egokitu beharra dago. Era askotako jendea gara baina guztiok mendian gozatzen dugu eta giro polita sortu ohi da gure artean. Euria ez dugu gehiegi maite itxuraz, euri egunetan multzoa biziki murrizten baita. Talde irekia da gurea, adin guztietako euskaldun berri, berritu, higatu eta zaharkituentzat aproposa, eta benetan, beti gogoz hartzen dugu jende berria etortzea. Proposamen diferenteak ere ongi etorriak lirateke.

Mendian gora modu askotara joan daiteke, bai. Eta dagoeneko, antzeman duzue gutxigorabehera nola goazen gu. Gustukoa baduzue, zatozte...gu kontent. Ea ba, laster arte!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide