Eratu, zuzeneko hirukotea

hirinet 2012ko api. 18a, 11:54

Gazteak izan arren ez dira berriak musika munduan. Hainbat taldetan aritu ostean eratu dute hirukotea  Unaik, Aitorrek eta Josebak. Urtebete luze daramate elkarrekin eta dagoeneko hogeita hamar eszenatoki gozatu dituzte, bai… gozatu!! Kontzertuetan %100 ematen dute gazte hauek. Izan ere, Parral tabernan  argi utzi zuten zuzenean eratutako taldea direla.  Oraindik entzun ez badituzu, Gasteizko jaietan Matxete plazan izango dira, ez galdu aukera!!


ERATU ARGAZKIANola eratu zen "Eratu"?


Eratu taldea 2010eko bukaera eta 2011ko hasieran sortu zen. Taldearen ideia nagusia Unai (Laia, Sortuz) gitarra-jotzaile/abeslariak eta Aitor (Laia, Joxpa, Garden, Tuboskapi, Kemen Lertxundi, Axular 3.0...) bateria-jotzailea osatu zuten eta berehala abestiak konposatzen hasi ginen. Handik hilabete eskasera Joseba (Xasta) baxu-jotzaileak eman zion forma taldeari. Urrian atera genuen gure lehen lana Eratu taldearen izenburu berbera dakarrena eta hortik aurrera eszenatokiz eszenatoki gabiltza diskoa aurkezten.


Bi urte daramatzazue elkarrekin. Egindako bidean aurkitutako onena? Eta txarrena?


Lehenik azaltzeko taldeak 2012ko otsailean urtebete egin zuela eta esan genezake aurkitutako onena gu hirurok elkartzea eta musika egitea izan dela. Jendea gure musikarekin gozatzen ikustea da onena. Taldeak urtebete izateko kontzertu kopuru handia eman dugu (30 inguru).  Eta txarrena…  ez zaigu oraindik alor hori tokatu.


Iaz Arabako euskarazko maketarik onenaren saria irabazi zenuten. Zer suposatzen du horrelako sari batek?


Beti datoz ondo horrelako sariak, jende gehiagorengana iristeko, kontzertu gehiago emateko batik bat.  Hala ere, lehiaketa hauetan irabazle erabakitzea nahiko zaila iruditzen zaigu; nahiko subjektiboa dela esango genuke. Baina zortea izanez gero aukera ona da.


Zuzenekoan disfrutatzen duzuela argi utzi duzue Parral tabernan… Kontzertuak dira musikaren etorkizuna??


Etorkizuna baino gehiago musikarientzat kontzertua ezinbestekoa da. Diskoak kontzertuak emateko aitzaki sinple bat dira, gu zuzeneko talde bat gara eta kontzertuak dira indarra ematen digutena.


Ametsak amets… Aukeratu zuen ametsetako kontzerturako eszenatokia.


Edozein eszenatoki aukeratuko genuke, baina beno festibal handiren batean jotzeak ilusio handia egingo liguke. Hala ere areto, gaztetxe zein tabernek bere kutsua daukate eta asko gustatzen zaizkigu horrelako leku "intimoak".

 

2012/04/07

Testua eta argazkiak: Naroa Cuesta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide