Trumbo

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko mar. 6a, 12:10

trumbo3

Ez dira musika mundura iritsi berriak baina beraien azken proiektua 2010 urtean ezagutu genuen. Trumbo hirukote gasteiztarrari buruz ari gara. Aurretik Neubat, Vicepresidentes, Kashbad edo Naüt bezalako taldeetan aritu ondoren Eneko, Gorka eta Kandak stonerra, doinu pisutsuak eta rocka, melodiekin uztartzen dituen power trio bikainari hasiera eman zioten.

Urtebete behar izan zuten beraien musikaren emaitzak kalean jartzeko, taldearen izen bera daraman lehen lanarekin. Eskarmentua dutela argi geratzen da lehen disko horretako hamar abestiak entzun ondoren, Duranetxe estudioetan Urko Aranburu teknikari zutela grabatu zuten diskoa eta soinu benetan duina eta indartsua lortu zuten, taldearen esentzia jasotzen duena. Ia 40 minututan gitarra riff bereziak eta oinarri erritmiko sendoak, hitz iradokitzaile eta tarteka zuzenekin uztartzen dituzte. Gorabehera batzuekin eta ezer berririk asmatzen ez baldin badute ere, egiten dutena oso ondo egiten dakitela argi uzten dute Niagara edo Sekretuak bezalako abestiekin. Matasellos zigiluarekin auto-ekoizpenaren alde jo zuten, argi baitago, gaur egun eta bereziki talde hasi berriek diskoak kaleratzeko duten aukera bakarra dela, egin nahi duzunaren gainean erabat burujabe izatea ahalbidetzen duena gainera.

Ordutik, kontzertu ugari eman dituzte, horietako asko Gasteizeko eskenatoki ezberdinetan, jaialdi handietan ere arituak dira baina ohikoa den bezala hurbileko kontzertuetan ematen dute beraien onena, areto txikiak jendez lepo baldin badaude ezin hobeak dira izerdi usainarekin batera, lepoak astindu eta belarriak zulatuko dizkizun Trumboren proposamen musikalaz gozatzeko.

 

2012/02/28

Egilea: Eñaut Iraeta

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago