“Dena eraman dute txatarran saltzeko”, edo ia dena, eta orain denak balio du etxeak blindatzeko: txikle bat atearen eskutokia zegoen tokian, zigarroa sarraila zegoen lekuan, egurra kristala zegoen hutsunean...
Inoiz inork jasoko ez dituen gutunak pilatzen dira gutunontzi birrinduetan.
Telefono kabina bat (kabina bat!); burdinezko kolunpio zaharrak (sofistikaziorik gabe); plastikozkoak ziren eta erraz su hartzen zuten zakarrontzi horietakoak (gogoratzen?): duela urte batzuetako Gasteizi buruzko museo batean aurkitu litezkeen gauza asko dago Errekaleorren. Ezer gutxi geratzen da, ordea, 1960ko hamarkadan bizitzaz gainezka zegoen langileen herrixkahartatik.
Langileen auzoa
Gasteiz (garai hartan Vitoria, batez ere) industrializazioaren boomean zegoen eta lan-eskua behar zuen. Milaka langile etorri ziren hirira lanera, bai Araba eta Euskal Herri osoko nekazal-eremuetatik, bai Galizia, Andaluzia, Extremadura eta bi gazteletatik ere. Lana sobera zegoen guztiontzat. Ez ordea etxebizitza. Non biziko ziren Esmaltaciones San Ignacio, Heraclio Fournier edo Beiztegi industrietan lan egiten zuten beharginak?
ZENBAKITAN |
|
|
|
|
|
|
Elizbarrutiak gizarte-etxebizitzak sustatu zituen Errekaleorren, 100.000 pezeta baino gutxiago kostatu zitzaien lurzoruan. “Mundu hobeago bat” kooperatiba sortu zuten eta, harekin, unibertso berri bat.
Bide malkartsu bat zen Gasteiz eta Errekaleorren arteko hari fin bakarra baina ibilian egin zuten errepidea eta okina, harakina eta arrain-saltzailea iristen ziren bertara. Laster ez zen beharrezkoa izan: funtsezko pare bat denda ireki zituzten auzoan.
Sanjuanak, tailerrak, taberna... zinema!
Ehunka familia biltzen ziren Errekaleorren 60-70 hamarkadan.Hermanas de la Providenciako mojek eskola gidatzen zuten. Eliza zegoen plazaren erdian. Eta parean tabernako tenplua, noski. Frontoia ere bazuten, eta gizarte-gunea. Ez hori bakarrik: auzotarrek kudeatzen zuten zinema xume bat ere bazeukaten. (bai, zinema bat). Ah, eta frontoia.
Auzoko jaiak ospatzen zituzten sanjuanetan, emakumeak eskulan-tailerretan biltzen ziren, zinema-saioak antolatzen zituzten eta kalea umez gainezka egon ohi zen. Errekaleor “komunitate handi” bat zela diote testigantza gehienek, “herri batu bat” zela. Baina bizilagunetako askok, dirua-bildu ahala, beste auzo batzuetara alde egin zuten. Etorkinak eta ijitoek bete zuten haietako askoren hutsunea 90 hamarkadatik aurrera.
Astebururo auzoari bisita
Ijitoa de Miguel. “Miguel Alonso Berrio: apuntatu”, esaten dio kazetariari. Miriam Hernéndezen lehengusua da. Bere aitak anaiak dira, baina abizen ezberdinak dituzte familiako anaiek “soldaduskara joan behar ez zitezen”. Errekaleorren jaio zen Miguel. Orain zortzi urte ditu eta duela pare bat Sansomendira joan zen, Los Huetos hiribidera. “Nire aitona oso gertu jaio zen, Gao Lacho Dromen. Zuk ba al dakizu zer zen Gao Lacho Drom?”.
Hiriaren beste puntara joan zenetik, astebururo itzultzen da bisitan. “Auzo hau gustatzen zait niri, ez Los Huetos. Ezberdina da hau. Beitu, beitu! Han atzean zaldiak daude”. Eta egia da: hiru zaldi daude metro gutxira. Bere etxebizitza zena seinalatzen du: porlanez itxi dituzte leihoak. “Hau nire etxea da”, dio. Baina ez da berea. 21 Zabalgunea udal enpresarena da.
Auzo berri bat eraikitzeko plana
Udaletxearenak dira ia pisu guztiak. Plan bat zuelako Udalak auzoarentzat: eraikinak lurrera bota eta 330 etxebizitzako auzo berri bat eraiki. Salburuako 14. Sektorea.
2002an hasi zen Udala birkokatze-akordioak negoziatzen, Alfonso Alonso alkate zenean. 2010eko amaieran, Patxi Lazcoz udal-buru zelarik, Errekaleorreko Hiri Antolamenduaren Plan Berezia onartu zuten, auzunea berregiteko asmoarekin. Etxebizitzak eraberritzea (igogailua jartzea, hezetasun arazoak konpontzea...) garestiago ateratzen zela argudiatu zuten.
Zer eskaini zieten auzotarrei bere etxeen truke? %30 handiago zen babes Ofizialeko Etxea bat Salburuan edo Zabalganan (ez ordea etorkizuneko Errekaleor berrian), aparkaleku eta trastelekuarekin. Zero kostean, Udaletxearen hitzetan. Batzuk berehala onartu zuten. Baina berehala sortu zen ere Kaltetuen Plataforma, Albino Joaquín auzokidearen lidergopean. Ez zeuden ados eskaintzarekin. Etxebizitza libre bat nahi zuten bere etxearen truke, eta ez babes ofizialeko bat.
Hasieran berrogei familia zeuden plataforman. Orain, 20 bat. Haiek eta etxe berri baten zain dauden beste 20 bat familia geratzen dira auzoan, besterik ez. Bueno, eta okuparen bat ere, diotenez.
“Hiltzen utzi dute”
“Eskerrak bizilagunak ditudan portalean; bestela, beldurra izango nuke. Okupak ditugu auzoan...” |
“Udaletxeak etxeak hustu zituenetik, okupak izan ditugu auzoan Eta ez hori bakarrik: badago udaletxearenak diren etxebizitza hutsak alokatu dituenik ere!”. Isabel Manzanares duela hamabi urte iritsi zen auzora. Eta dekadentzia prozesu osoa bizi izan du. “Lehen jai pilo antolatzen genituen, eta orain... taberna itxi dute, eliza itxi dute, ez dago dendarik, haur eskola bere azkenetan dago, arratoi izugarri handiak daude, autobus-lineak aldatu zituztenetik ezin gara busez Adurtzara joan eta, gutxi balitz, eskolako autobusa goizez baino ez dator umeen bila”, dio kexu. San Ignacion ikasten dute bere semeek, auzoan geratzen diren gainontzeko ume gutxi gehienek bezalaxe. Hain dira gutxi, ezen eskola-autobuserako diru-laguntza kendu baitiete. “Gutxi garelako... edo presioa egiteko, agian: auzo hau hiltzen uzten ari dira, bertan geratzen garen auzotarrak bertatik joan gaitezen. Eta ni, egia esan... tira, ez da izango gogo faltagatik...! Eskerrak gutxienez bizilagunak ditudan nire portalean; bestela, beldurra izango nuke”, azaltzen du espaloian, etxeko amantala jantzita.
Adi-adi entzuten du kontatutako guztia César bere semeak. Berari ere “pena handia” ematen dio auzoa “horrela hiltzen ikusteak”. “Lehen ume pilo bat geunden plazan, jolasean. Lagun baten traktorea pasatzen zen futbol zelaitik eta futbolean aritzen ginen. Orain ez da traktorea pasatzen. Esku-pilotan ere aritzen ginen, frontoian... orain oso ume gutxi gaude auzoan. Ez daukagu gozokirik non erosi eta, horrez gain, kultua ere auzotik kanpo daukagu ere”. Kultuaz ari denean ijitoen liturgia ebanjelikoaz ari da. Ostiralero joaten da. Lehen Errekaleorreko plazan egiten zuten, elizari itsatsita dagoen eraikintxo batean. Orain Oreitiasoloko pabilioi batean ospatzen dute. Google-en ‘Culto gitano Errekaleor’ idatzi eta jakin-mina ase daiteke.
Laster iristen da Césarren aita, José Berrio. “Zer behar duzue?” galdetzen du mesfidati. Kanpokoak ez dira oharkabean pasatzen auzo honetan. “Okupen beldur” dira.
Baldintzekin desadostasuna
“Trukea doan izan arren... nork ordainduko digu sukalde berria? Eta mudantza? Bankuek ez digute dirurik utziko” |
“Ezin diegu aurre egin Udaletxeak ezartzen dizkigun baldintzei. Babes Ofizialeko Etxe bat eskaintzen digute –hemendik urrun gainera-, baina... nork ordainduko du mudantza? Eta sukalde berria? Ezin diogu kreditu bati aurre egin. Eta aurre egin ahal izango bagenio ere... bankuak ez liguke dirurik emango”, kexatzen da.
Etxe handiagoa eskaini eta prezioaren diferentzia kobratu nahi dietela salatzen dute birkokatze akordioa sinatu nahi ez dutenen beste bizilagun batzuk. Badaude ere bere pisuaren truke metro berdinak baina logela gutxiago dituen etxebizitza bat jasoko luketela salatzen duten kaltetuak. Plataforman dauden familiek alegazioak aurkeztu dituzte Udaletxean, baina badirudi beste behin ere kasua epaitegietan bukatuko duela.
90.000 euro inguruan tasatu ditu Udalak etxebizitzak (barruan erreformak egin dituzten edo ez kontutan hartu gabe, Kaltetuen Plataforman kexatzen direnez). Batek baino gehiagok hori ordaindu zuen 60 metro baino gutxiagoko etxeagatik. Baina orain ezin izango lukete prezio horregatik saldu. Higiezinen burbuila, badakizue.
Etxebizitza libre bat nahi du Josék (sukaldea eta mudantza berdin-berdin ordaindu behar izango lituzkeen arren).
Dena delakoarekin ere, Babes Ofizialeko Etxea onartzen ez dutenei etxea desjabetuko die Udalak, 90.000 euro inguru horiek ordainduta. Isabel eta Joséri gutuna iritsi zitzaien otsailean: tratua onartzen ez badute, dirua jaso eta kanpora.
Eta gero, zer?
“Gutun madarikatua” jaso duten azken auzokideek jakin badakite ezinbestez beste auzo batera joan behar izango direla: edo Babes Ofizialeko Etxe batera, edo nahiago duten tokira, kobratutako desjabetzea-ordainketarekin. Guztiarekin ere, Javier Maroto Gasteizko alkateak sinatutako gutunetan ez dago desjabetzerako datarik. Eta galdera da: etxe guztiak hustu eta gero... zer?
Eraikin zaharrak eraitsi eta auzo berria altxatuko dute?
Udaletxeak ez du eman 14.sektorea eraikitzeko pausu berririk. Proiektua papera da oraingoz.
Hortaz, Errekaleor auzoa jaio, bizi eta hil den tokian Eraztun Berdearen beste ibilaldi lasai bat baino ez ote den egongo galdetzen diote askok bere buruari. Salburuako tabernari batek zalantza hori bera dauka: “Auzo oso bat desegin dute, eta... zertarako?”.
Bitartean, arnasestuka iraungo du Errekaleorek, inoiz baino lehorrago, mapatik desagertzeko ultimatuma bete arte. Memoriaren mapatik ez desagertzea da agian auzoak eska dezakeen salbazio bakarra.
“Dena eraman dute txatarran saltzeko: txirrinak, ateen markoak, buzoietako piezak…”
|
Herri txiki bat da Errekaleor. Denek ezagutzen dute elkar |
Lizundutako eserlekua |
Daniel, Amona, Isabel, Miriam, Miguel eta César. Errekaleortarrak dira denak, senideak. Miguel txikia Sansomendin bizi da orain, baina astebururo doa bisitan |
Errekaleor, Salburua atzean |
Duela bi urte jaitsi zuen pertsiana auzoko tabernak |
Zementuz eta adreiluz itxi dituzte leihoak |
Hilzorian daude etxeak, zaurituak |
Telefono kabina bat, plazan. Atzean, eraikin zahar bat. Hutsik dauden etxebizitzaz inguratuta bizi dira bertan dirauten familiak. |
Testua: Itsaso Estarrona
Argazkiak: Oihana Estarrona