Bertan aritzen dira pilotarekin trebatzen Ane Isasmendi, Ane Ibañez eta Oihane Anda. Hirurak Adurtza klubekoak dira eta elkarrekin hasi ziren trinketan duela hamar urte inguru. Finak dira oso eta erakusten duten abilezia harro egoteko modukoa da. Eurekin hurbildu gara kirol honen xarma ezagutzera.
Nola eta zergatik hasi zineten trinketan?
Palara jolasten hasi ginen lagun artean. Ondoren trinketa ezagutu genuen eta pixkanaka gustua hartu genion. Gainera kirol honetan neska gutxi aritzeak motibatu gintuen, emakumeak mundu honetan garatzea nahi dugulako.
Honen harira, emakume gutxi ikusten ditugu frontoian zein trinketan, zer iritzi duzue hortaz?
Neska izanik pilota munduan hasi eta aurrera egitea oso zaila da, askotan ez dago jarraitzeko biderik, adibidez esku pilotan. Bidegabekeriak daude, esaterako, nesken partiduak egun eta ordutegi txarrenetan lehiatzen dira eta ematen diguten arropa gehienetan handia dugu, mutilentzako egina delako. Beste adibide bat jartzearren, lehiaketa probintzialean ematen dizkiguten garaikurrak mutil itxura dute, errespetu falta bat iruditzen zaigu. Beraz, apurka egoera aldatzen joan beharko da emakumea pilotaren munduan berdintasunean egon arte.
Zer du trinketak frontoiko beste jokoek ez dutena?
Askoz biziagoa da, frontoiko jokoa motelagoa da. Denok aritu behar al dugu saskibaloia, futbola edo esku pilota bezalako kirol ezagunak egiten? Badira desberdinak diren kirolak eta oso dibertigarriak gainera. Gure gurasoak ere jolasten hasi dira. Niri-Oihane-hasieran ez zitzaidan gustatu eta orain ordu bat jokoan labur suertatzen zait.
Zein da frontoian gogoratzen duzuen unerik onena?
2008ko Gravn lehiaketan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxa arteko lehia) finala irabazi genuenean, oso berezia izan zen. Ia negar egin nuen! (Ane Isasmendi)
Ametsik?
Berdintasuna lortzea. Horrez gain, kanpora jokatzera joan nahiko genuke, Txilera Euskal selekzioarekin edo Argentinara Espainiakoarekin. Hego Amerikan trinketa oso ezaguna da. Betidanik esan digute joango garela eta oraindik zain gaude...
Trinketa betirako kirol izango duzue?
Minik hartzen ez badugu bai!
Gertutik:
Ane Isasmendi Txurruka, 20 urte. Irakasle ikasketak egiten dabil eta betidanik atsegin izan du kirola. Pelotarien artean Martinez de Irujo du gustuko.
Ane Ibañez Montón, 20 urte. Erizaintza ikasten dago eta jokoan baditu bere sekretuak, besteak beste, atzelaria txarra dela ikustekotan bera atzera botatzen dela aitortu digu. Susana Moneta eta Maite Ruiz-ek trinketan darabilten jokoa atsegin du.
Oihane Anda Perez, 20 urte. Arkitektura teknikoa ikasi du. Trinketan trebea izateaz gain euskal dantzetan ere fina da.
Trinketa: Jokaleku itxia
Ezaugarriak:
- Teilatu batez estalitako lau hormaz osatua dago.
- Aurreko eta eskuineko hormek ”fraile” izeneko angelu faltsua sortzen dute eta frontisean (aurreko horma) 60 zentimetroko aldea duen “silo” izeneko zulotxo karratu bat dago.
- Bi elementu hauek pilotaren errebotea irregularra sortzea dute helburu.
- Ezkerreko eta hondoko horman teilatu okerra duen galeria bat dago itsatsita; “taula”.
- 30 puntu lortu behar dira irabazteko.
Tresnak:
Aurreko eta eskuineko hormek ”fraile” izeneko angelu faltsua sortzen dute eta frontisean (aurreko horma) 60 zentimetroko aldea duen “silo” izeneko zulotxo karratu bat dago.
Egilea: Ane Pedruzo
2010ean Arin aldizkarian argitaratutakoa (eguneratuta)