Noizbait gertatuko zitzaizuen: munduaren deskalabrua zuen delitua dela pentsatzea. Yogur hori birziklatzera bota EZ zenueneko krimena. Zure armairua langile esplotatuen izerdiz lehertu egin zeneko atentatua. Autobusa hartu beharrean kotxez joan zineneko makurkeria. Edo bertako tomate osasuntsuen ordez fast-food prefabrikatu bat afaldu zenueneko traizio kolesterolduna. Kirola egin ordez sofa gainean zerraldo erori zineneko zabarkeria. Tsunami egunean dohaintza eman ez zenueneko zeurekoikeria. Ah, bueno, eta... balio zuena baino bi aldiz gehiago kostatu zitzaizun etxea erosi zenuenekoa eta bankuari etxe hori kostatu zitzaizunaren bikoitza zor zenioneko konplota. Klaro, eta... Demokraziaren jauntxoek egin zizuten inkesta horretan ez daki/ez du erantzuten laukitxoa markatu zenueneko konjurazioa.
Mundua tiroz hiltzen ari zarela sentituko zenuen, akaso.
Eta tiroak izan, badira. Baina nork jarri digu eskopeta hain eskura?
Yogurta birziklatzeko esaten badidate, baina kontenedorea bi kilometrora badaukat...
Zikindutako arropaz betetako zentro komertzialez josi badigute hiria, eta ortua zegoen tokian trans-koipeak landatu badizkigute...
Lau errail zabaldu badituzte nire kalean, eta kotxe berri bat erosteko diru-laguntza eman badidate...
Balio duena baino bikoitza kostatzen zuen etxea erostea eta balio zuena baino bikoitza kostatzen zuen dirua eskatzea beste aukerarik ez banuen aurkitu...
Eta jauntxoek egin didaten inkestan nire erantzunerako laukirik ez badago... eta galderarik egin ezin badezaket...
Nola salbatu dezaket mundua deskalabrutik?
Esaten digutena askoan ez dator bat eginarazten digutenarekin.
Beraz, agian... esaten EZ digutenak lagunduko du mundua salbatzen: aldarrikatu, protesta egin, altxatu, adierazi, kalera atera, oihukatu, isilpean eraiki, desobeditu, amestu, esnatu. Esaten ez digutena esan eta egin. Zer, bestela?
Ez diogu munduari tiro egin nahi; baina, arren, kenduiguzue eskopeta eskuetatik.
|