2011/09/1 Itsaso Estarrona Elizondo |
|||
Mundua gero eta txikiagoa dela esaten digute. Eta ez dakit zuei, baina niri gero eta handiagoa egiten zait. Egongo dira hegazkin supersonikoak, errepide ultraleunak, eta abiadura izugarrizko trenak. Baina niri, gauzak gerturatu baino, gauzak urrutiratu egin zaizkit. Benetan. Txikia nintzenean, auzoko merkatuan egiten nituen erosketak. Orain, orain kotxea hartu eta aldirietako supermerkatu labirintiko batera joan behar izaten naiz. Agian zuek ere. Eta ez da hori urrutiratu egin zaidan gauza bakarra. Txikia nintzenean, auzoan ikasi eta lan egiten genuen nik eta nire familia. Eta auzoan ez bazen... hirian, gehien jota. Orain, orain nire nebak Altsasura joan eta etorria egiten du, eta nire lagun min batek, Bilbora. Egunero! Haiek urruti dute lantokia, eta nik urruti ditut haiek. Gauza gehiago: lehen aiton-amonak etxean genituen. Orain, zaharren egoitzan. Urruti. Eta auzokideak... auzokideak auzokide genituen garai batean. Gaur egun, nire etxe pareko bizilagunak milaka kilometroko distantziara daudela iruditzen zait. Eskerrak bizilagunak baino bizietsaiak ez ditudala. Ez nintzateke bakarra izango. Zer gehiago? Ba natura, adibidez: parterrea ikustearekin konformatu behar gara sarritan. Eta iluntzea... iluntzeaz gozatzea ia ezinezkoa da gure hiri mega-porlanezkoetan. Ez dugu zerumugarik, teilatuak ez badira. Eguzkia, dudarik gabe, urrutiratu zaigu (edo solariumetan ezkutatu?). Eta zer gehiago...? Ba dibertsioa. Hiru eguneko zubia dugun bezain laster, Paris edo Erromara joateko amets egiten dugu. Urruti joan nahi dugu. Gure egunerokotasunetik urruti. Eta hori uste dut nik: gure baitatik gero eta urrutiago gaudela. Mundua ez garela gure neurrira eraikitzen ari. Asteburu pasa Londresera joan gaitezkeela, eta zainzuriak Perutik ekarri ahal dizkigutela, eta artoa Estatu Batuetatik. Baina guretzat garrantzitsuak diren gauzak (familia, plaza, merkatua, lantokia, ikastokia, dibertsioa, eguzkia) urrutiratu egin zaizkigula. Gero eta azkarrago joan gaitezke, bai. Gero eta urrutirago goaz. Baina nik gure baitara gerturatu gaitezen nahiko nuke. Mundu txikiago batean bizi. Posible ikusten al duzue? |
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.