Gimnasia aerobikoa: musikak gidatutako zehaztasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko mar. 5a, 12:01

 

biribildu-gimnasia3_web

Musikak gidatutako koreografia aerobiko konplexuak egitean datza gimnasia aerobikoa. Gazteen artean gero eta gehiago zabaltzen ari den kirol diziplina da. Oraindik orain ez da olinpikoa, baina arautegia moldatzen ari da nazioarteko federakundea noizbait kirol olinpikoa bihur dadin. Banaka, bikoteka, hirukoteka edo taldeka praktikatzen da.

 

Irudi imajinaezinak

Gaitasun fisiko ugari eskatzen ditu gimnasia aerobikoak, hala nola, malgutasuna, indarra, potentzia edo oreka. Gimnasiaren barruan batzen diren diziplina askotako mugimenduak biltzen ditu. Koreografiaren barnean taldekideen gorputzak erabiliz figura ezberdinak burutu behar dira. Hau da, ekipoa osatzen duten lagunen artean taldekide bat edo bi altxatzen dituzte; ezinezkoak diruditen irudi magikoak osatuz. 

Gimnasia1

Lehiaketa, zorrotza oso

Nazio mailan bi lehiaketa nagusi daude. Bertan, hamar urtetik gorako neskek eta mutilek hartzen dute parte. Hala eta guztiz ere, txikitatik hasten dira asko kirol honetan. Izan ere, sei urteko umeak egon ohi dira klub askotan. Ariketaren zailtasuna, exekuzioa eta koreografia neurtzen dituzte epaileek lehiaketa hauetan. Emakumezkoak dira gaur egun gimnasia aerobikoan nagusi.

 

Gimnasia aerobikoa Gasteizen

Gasteizen 2000.urtean hasi ziren lehenengo gazteak gimnasia aerobikoa praktikatzen. Urteak aurrera joan ahala hedatu den kirola dugu hau. Gimnasia Federakundeak antolatu zuen lehengo taldea eta Ainhoa Sanchez izan zen hasieratik gidaria.

 

Biribildu Kluba, aitzindari

“Hasieran hamalau neskek osatutako taldearekin hasi ginen, gehienak eskolan gimnasia erritmikoan aritutakoak”, argitzen du Ainhoa Sanchezek. Hurrengo denboraldian arautegi aldaketek erraztu zuten lehiaketetan parte hartzea eta klubak sendotzeko apustua egin zuen. Horrela, 2002an sortu zen Biribildu Kluba 16 gimnastek osatua.

 

Oztopoak gainditu eta aurrera

Buruhausteak heldu ziren orduan.  Lehiaketetan parte hartzeko ez da nahikoa gogoa eta grina izatearekin.  Lizentziak, jantziak, kuotak... azken batean, dirua ezinbestekoa da. 2003an oztopo guztiak gainditu ostean heldu zen Biribildu Klubaren debuta...non eta Gasteizen. Hiru kategorietan lortu zituzten sariak, beraz, estreinaldi bikaina. Ordutik aurrera gorako bidea jarraitu dute podiumean.

Biribildu kluba Gasteizen gimnasia aerobikoan aritzen den bakarra da. Hala eta guztiz ere, gero eta gehiago dira kirol mota hau eskaintzen dituzten eskolak.

 

Hedabideen indarra

Azkeneko urteotan telebistan agertzen diren programa batzuen eragina izan daiteke Gimnasia aerobikoaren hedatzearen arrazoietako bat. “Fama” edo “High School Musical” motatako produktuei esker gero eta ezagunagoa da gimnasiaren barnean kokatzen den diziplina berezi hau. Ainhoa Sanchezi ere oso baliagarriak zaizkio saio hauek entrenamenduetarako ideia berriak bereganatzeko orduan.

 

Musikaren erritmora

Kirol honek ez du musika berezirik eskatzen. Nolanahi ere, modan dauden abesti alaiak eta intentsitate handikoak erabili ohi dira. Motibazioa bilatzen da; gogoz aritzea, azken finean.

Olinpiadetarako txartel bila

Diziplina olinpikoak arautegi arloan oso zorrotzak dira. Zehaztasunez neurtzen diren parametroak ezinbestekoak dira , eta horretarako, arautegia moldatzea beharko litzateke. Lanean dabiltza federakundeek noizbait gimnasia aerobikoa kirol olinpikoa izan dadin. Londreseko olinpiadetan ez dugu ikusiko gimnasia aerobikoa, baina 2016an nork daki!!

 

Irrati bidezko gimnasia

Brasilen milaka dira gimnasia aerobikoa egiteko biltzen diren japoniarrak. Harrigarria, ezta? Azalpen logikoa bilatu  eta aurkitu dugu. “Radio Taissó” irratiak mantenu gimnasia eta gimnasia aerobikoaren inguruko irratsaioak emititzen ditu. Hegoamerikako irrati kate hau gidaria izan da urteetan kirol praktikak hedatzen. Baina, zergatik japoniarrak? Kultura japoniarrean gimnasia egiteko ohiturak garrantzia handia duelako. Horiek horrela, gimnasia aerobikoa irrati bidez entzun eta kalean praktikatzeko biltzen dira japoniarrak Brasilen.

 

Testua: Naroa Cuesta

Irudiak: Arabako Gimnasia Federazioa

2008ko neguan ARIN aldizkarian argitaratua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago