Zer gertatuko litzateke erleak desagertuko balira?

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko mar. 2a, 10:05

Ba al zenekien erleak dinosauroen bizilagunak izandakoak direla? Erleak duela 80 milioi urte sortu ziren eta gaur egun gure artean jarraitzen dute, pozik egotekoa zalantzarik gabe. Zoritxarrez azkenaldian erle populazioa nabarmen gutxitu da eta adituak kezkaturik daude, erleen desagertzeak gehienok uste baino ondorio latzagoak suposa ditzakeelako.

Apis mellifera da gure inguruan bizi den erle motaren izen-abizena. Egun Euskal Autonomi Erkidegoan 23.000 erlauntz daude eta Nafarroan 10.000 erleen inguruan aritzean askori eztia etorriko zaio burura. Baina erleen garrantzia ez da eztiaren ekoizpenera mugatzen, ezta gutxiago ere.

 

Erleak fruta arbola, mahatsondo edo lekadunen polinizazioaz arduratzen dira besteak beste, landare entomofiloen polinizazioaz alegia. Landare mota hau intsektu himenopteroei esker ernaltzen da eta horien artean erleek berebiziko garrantzia dute landareen % 80 baino gehiago polinizatzen dutelako. Erlerik gabe ez legoke almendrarik, gerezirik, laranjarik,
meloirik, ekilorerik, kotoirik,marrubirik, sagarrik, kalabazarik… zerrenda luzea da oso.

Jose Antonio Guinea, Apial Arabako erlezainen elkarteko lehendakariaren hitzetan erlerik gabe ez legoke polinizaziorik eta polinizaziorik gabe ez legoke landarerik. “Ondorioz gizakiok jaten ditugun produktu gehienak desagertuko lirateke. Agerikoa da gizakiak erleen beharra duela bizirauteko”

Albert Einstein zientzialariak berak esan zuen erleak desagertuz gero lau urteren buruan gizakia ere desagertuko zela, adierazpen kezkagarria erleak desagertzen ari direla kontuan hartuz gero. Baina zergatik ari dira desagertzen?

Asko dira erleen biziraupena arriskuan jartzen duten elementuak. Azken hilabeteetan asko hitz egin da horietako baten inguruan, Vespa Veluttina Nigritorax Asiako liztorraren inguruan, hain zuzen ere. Pertsonentzat ez da arriskutsua , bai ordea erleentzat. Erleei burua eta eztenaren zati bat mozten die ondoren jateko. Denbora gutxian kolonia handiak akaba ditzake.
Halako lau liztor erlauntza batekin akabatzeko gai dira.

Europara 2005ean iritsi zen itsaso bidez, Frantziako Bordeleko portura hain zuzen ere. Ipar Euskal Herrira duela 3-4 urte heldu zen. 2010eko udan Gipuzkoan zen. Nafarroan eta Bizkaian ere azaldu da eta litekeena da jada Araban ere izatea.

Juan Carlos Perez biologo eta erlezainak azaldu bezala liztorrari aurre egiteko protokoloa martxan da baina ez da behin betiko desagertuko, berarekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu. “Guk geuk sartutako espezie inbaditzaile bat gehiago baino ez da. Dena den, liztorra ez da erleen arazorik larriena inondik inora”

Erlezainek erleen despopulatze sindromeari aurre egiteko borroka aspaldi hasia dute, liztorra agertu baina askoz lehenagotik. Hain zuzen ere, sindrome hau da erlauntzen populazioaren gutxitze kezkagarriaren erantzulea. Hainbat teoriaren arabera, “Nosema Ceranae” izeneko bakteria da erleen desagerketen erruduna.

Bakteria honez gain, sindrome honen eragileak anitzak direla diosku Guineak. “Klima aldaketa, ekosistemaren ezegonkortzea, telefono uhinak, zenbait plagiziden erabilera… eta denak gizakiak eragindakoak dira”.

Pestiziden erabilerak zehazki urtetan kexa anitz eragin ditu. Juan Carlos Perezek gure soroak produktu toxikoz beterik daudela ziurtatzen du. “Ondorioz erleek kutsatutako nektarra har dezakete ostean erlauntz osoa kaltetuz. Hori soroan bertan hiltzen ez badira pestizida deskarga indartsu baten eraginez. Ez dut sinesten fauna hiltzeko diseinatutako produktu batek
erleak hiltzeko gaitasunik ez duenik”

Erleen biziraupena ziurtatzeko agintarien konplizitatea ezinbestekotzat jotzen dute bai Jose Antonio baita Juan Carlosek ere. “Guztion ondasuna direla onartu behar dugu biziraun dezaten” dio Perezek. “Tamalez auzia ekonomian eragina izaten hasi denean hasi da Administrazioa eta gizartea orokorrean erleen desagerpenagatik kezkatzen. Izan ere erleen desagertzea kalte ekonomiko handiak suposa ditzake. Mundu mailan polinizazioaren balio ekonomikoa 153.000 milioi eurora heltzen da. Gizakion elikadurari zuzendutako nekazal produkzioaren %9,5 suposatzen du polinizazioak” azaldu du Guineak.

Juan Carlos Perezen iritziz ez dugu ahaztu behar erleen arazorik handiena gizakia bera dela. “Lurrean gu baino milaka urte lehenago zegoen espezie honi bere habitat naturala kendu diogu aske bizitzeko aukera galaraziz, erlezain gehienek euren beharretara egokitutako erlategiak kudeatzen dituzte, ez erleen eboluzio naturalera egokitutakoak, pestizidekin pozoitzen ditugu, bakteria eta onddo izurriteak errazten ditugu, klima aldaketaren erantzuleak gara eta Vespa Velutina bezalako espezie inbaditzaileen hedapena bermatzen dugu”

“Ongizatearen gizartean bizi garen heinean ongizatea da kezkatzen gaituen gauza bakarra. Gizakiok elkar suntsitzeko gai baldin bagara nola ez ditugu erle izeneko intsektu ziztrin horiek akabatuko?” galdetzen du Jose Antonio Guineak.

“Darabilgun nekazal eta oro har bizitza eredua okerra da. Dena ikuspuntu produktibotik begiratzen da. Horrela jarraituz gero baliteke Einsteinek esandakoa errealitate bihurtzea baina ez soilik erleak desagertuko direlako…” Juan Carlos Perezen hitzek hausnarketarako tartea irekitzen dute, zer uste duzu zuk?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago