"Baso" pintxoa: kuiatxo krema light gasnarekin
Nola egin:
Agian, errazena bada oilasko salda prestatuz hastea, baina halaxe egin nahi ez badugu, badaukagu prestatua erostea edo salda kontzentratu kubotxoak erabiltzea. Bertzela, kuiatxoak hartu eta garbitu ondoren, xerratuko ditugu bere azala eta guztiz. Gero, lapiko batean oliba olio hiru koilarakada jarriko ditugu berotzen eta bero denean, kuiatxo xerratua paratuko dugu. Gazitu eta piper beltza eman ondoren, itxaron eginen dugu kuiatxoa pixka bat egosia
izan arte eta orduan, salda erantsiko diogu kuiatxoa egosi eta beratu dadin. Beratz beratza denean, irabiagailu elektriko baten laguntzaz dena xehe xehe eginen dugu.
Pintxoa politagoa izan dadin badaukagu molde ogia frijitzea eta horretarako behar den guztia da molde ogi zerra bat, hura mozteko pasta moldea eta ekilore olio pixka bat. Ogia olio bero berotan frijitu behar da horrela eginez ogiak olio gutxiago xurgatzen baitu. Behin frijitua, paperaren gainera atera behar da.
Nola aurkeztu:
Zerbitzatzeko egokiena bada kristalezko katilua. Bertan krema bero beroa paratuko dugu eta haren erdian molde ogiarekin eginiko ogi zopa. Hori egin ondoren, gasna papurtua paratuko dugu bere inguruan, eta nahi izanez gero, badago oliba olio pixka bat ematea.
Pintxo beroa: pikotxo piperra bakailaoz betea
Nola egin:
Lehen urratsa bakailao gazitu hartuz eta papurtu gabe baldin badago, papurtuz emanen dugu. Hori egin eta gero, tipula zuritu eta xehatu eginen dugu. Gauza bera eginen dugu piper berdearekin kontu handiz hazi guztiak kenduz. Tipula et piperra xehaturik ditugunean, zartagin batean oliba olio bi koilarakada jarriko ditugu berotzen eta franko bero dagoenean, piper berdea eta tipula jarriko ditugu egiten su motelean. Egosi egin behar dute eta ez frijitu. Beratz beratz direnean, bakailao papurtua erantsiko diegu eta buelta batzuk eman. Bakailaoa gardenetik zurira pasatu denean, bi koilarakada irin emanen dizkiogu eta dena ongi nahasi irina
egosi dadin. Minutu bat pasatutakoan, esnea emanen diogu gelditu gabe irabiatuz horretatik guztitik masa fin bat lortu arte. Gazitu egin behar da prozesuan, baina kontuan hartuz bakailao gazituarekin ari garela lanean. Masa hozten utzi behar da.
Pikotxo piperrak egiteko, potea ireki ondoren baratxuri aleak zurituz hasiko gara.
Gero, xerratuko ditugu eta olio berotara botako ditugu. Pixka bat gorritu egin
direnean, piperrak erantziko ditugu gatza eta azukre pixka batekin eta egosten utziko ditugu hamar bat minutuz.
Piperrak hoztu egin direnean, beteko ditugu aitzinetik eginiko bexamelarekin. Halaxe egin ondoren, pintxoari paratu beharreko saltsa prestatu behar dugu. Nire proposamena ailioli baten eskutik dator. Horretarako poteko maionesa behar dugu eta baratxuri baten laurdena erantsiko diogu, eta behar izanez gero, esne pixka bat ere bai. Agian, onena horretarako bada irabiagailu elektrikoa erabiltzea.
Nola aurkeztu:
Piper beteak pixka bat mikrouhinean berotu eta gero, biberoi baten laguntzaz ailiolia eman gainetik.
Egilea: Patxi Irigoien Goia