Cortada, XVIII Film laburren Lehiaketa azaroaren 24tik 28a arte Gasteizen

hirinet 2014ko aza. 18a, 01:00

Cortada ekimena badator, berriz ere, urteroko hitzordura, formatu txikiko estatuko zinema onenarekin. Aurten gainera badago zer ospatu. Zinemaldiak 18 urte beteko ditu eta, hortaz, adin nagusikoa izango da. Zinema ona proiektatzea da ospatzeko modu onena, hain zuzen ere sorpresaz betetako aste bizi-bizi batean.

 

Izan ere, 528 film labur jaso ditu antolakuntzak, azken edizioan baino 27 gehiago, eta aurten ere hautapen-epaimahaiak lan gogorra egin behar izan du Gasteizen ikusiko diren filmak aukeratzeko. Izan ere, 71 lan baino ez dira pasa lehiaketa-aldira, ikusleek eta lehiaketako epaimahaiak baloratzeko.

Lehiaketako ohiko sail finkatuez gain (FIKZIOA, ANIMAZIOA, DOKUMENTALA, GUREAK eta HEMENGOAK), aurten, berrikuntza gisa, unibertsitate ikasleek egindako film laburretarako erakusleiho berri bat ere izango dugu, bi azpisailetan banatuta: batetik, UNILABUR, edozein unibertsitatetan matrikulatutako estatuko film laburren egileentzako saila; bestetik, UPV/EHUko zinemagileak sustatzeko helburua duen EHULABUR Saila. Jaialdia UPV/EHUk antolatzen du, Arabako Campuseko Errektoreordetzaren bitartez.

Itxierako ekitaldi gisa FREAKY POWER GAUA ospatuko da, aurten ere sariketa modu informalean bukatzeko; euskal zinemari eskainitako saio bat ere izango da, ostegunean, azaroaren 27an, hain zuzen ere.

Beste berrikuntzetako bat egoitzei dagokie. Lehiaketak hiriko hainbat kulturagunetan egon nahi du. Lehen aldiz, FIKZIOA eta GUREAK sailak eta itxiera ekitaldia VITAL FUNDAZIOAREN ARETOAN egingo dira (Dendaraba Zentroa); UNILABUR eta EHULABUR sailetako lanak, berriz, UPV/EHUko IUEko ekitaldi aretoan izango dira ikusgai.

Azkenik, HEMENGOAK eta ANIMAZIO sailek ARTIUMeko auditoriuma hartuko dute berriz ere, eta Montehermosoko Ortuño Aretoa DOKUMENTALAK sailaz arduratuko da.

Gure lagun ALEX ANGULO aktore bikaina ez dute ahaztuko Cortadaren arduradunek; bere ibilbide osoan zehar hainbat film laburretan hartu zuen parte, eta ekimen hau berari eskainiko zaio, ahal bezain modu xumean: bere azken lanetako bat proiektatuko dugu, Namnala, eta Sail Ofizialean lehiatuko da.

 

Programa osoa: cortada2014

 

Egilea: Klaketa.net

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide