Eneko Etxegarai eta Eduardo Rodriguez: "Lehenengo ipuina egin ondoren, eta esperientzi polita izan zenez, buruan genituen beste proiektuekin jarri ginen lanean"

hirinet 2014ko aza. 26a, 01:00

Eneko Etxegarai eta Eduardo Rodriguez gasteiztarrek umeentzako Liur azeria ipuina argitaratu dute .

Bi egilea hauek lan desberdinetan dihardute egun; Eneko Etxegaraik, hainbat lanetan ibili eta gero, azken urteak irakasle bezala eman ditu. Eduardo Rodriguez, aldiz, betidanik komiki eta marrazki bizidunen munduan sartuta egon da;  XX XY izeneko komikia argitaratuta dauka bere anaiarekin batera. Oraingoan, biak elkartu dira bere bigarren ipuina sortzeko eta Elkar liburu-dendan egin dute ipuinaren aurkezpena. 

 

Pasa den urtean zuen lehenengo liburua argitaratu zenuten; nondik jaio zen liburu bat idazteko ideia?

Ideia nahi gabe jaio zen. Ipuina berez, nere seme nagusiarekin sortu zen 2-3 urte zituela. Egun batean afaltzeko patata tortila zegoela esan nion eta etxeratu ginenean, txorizo tortila prest zegoen. Kasketa segituan hasi zen, eta PUAGG!! ipuinean agertzen den istorioarekin primeran afaldu zuen. Ipuina ikastoletan erabiltzeko egokia iruditu zitzaidan eta lagun bati eskatu nion marrazkiren bat egiteko. Eduardok egindako marrazkiak izugarri gustatu zitzaizkidan, eta orduan izan zen argitaratzeko saiakerak egiten hasi ginenean.

 

Noizbehin liburu bat idaztea pentsatuta zeneukaten?

Biok elkarrekin inoiz ez. Dena nahi gabe izan da. Eduardok bere aldetik marrazkilari bezala lan ugari egin izan ditu, eta ni beti ume txikiekin lanean aritu naiz.

 

Lehenengo liburua izanez, zaila izan zen argitaratze prozesua?

Oso argi geneukan ipuina egitean helburua ez zela argitaratzea. Ustegabean sortu zen, eta gu oso gustora geunden emaitzarekin. Argitaletxeei proposatzen hasi ginenean, jaso genuen lehenengo erantzuna amaiera aldatzeko izan zen. Argi geneukan ipuina zegoen bezala gustatzen zitzaigula, beraz, saiakerarekin jarraitu genuen. Denon artean argitaletxearekin egin genuen topo eta oso gustora sentitu ginen, orduan hasi ginen argitaratzeko prozesuarekin.

 

Liburuak eduki zuen arrakasta izango zuela pentsatzen zenuten?

Mundu honetan berriak izanda, ez geneukan batere argi ezer. Urte bete pasa da eta Marixaren beste ipuin bat kalean da. Esan digutenez PUAGG!! ipuinaren lehenengo edizioa agortzear dago.

Dena den, ez dugu inoiz pentsatu arrakasta izango duen edo ez. Gu gustora gaude emaitzarekin. PUAGG!! kalean ikusi genuenean bigarrenarekin lanean hasi ginen.

 

Orain Liur azeria liburua idatzi berri duzue, kontatu ahal diguzu zertaz doan liburua?

Marixari gertatzen zaion beste abentura bat da. Oraingoan oilo bat lapurtzen diote, eta beste bat ez lapurtzeko baserri inguruan hesi bat eraikitzen hasten da. Liur azeriak aldiz hesi hori zeharkatzeko bidea aurkitu beharko du.

 

Lehenengo liburuarekin harreman dauka edo istorioak ez dauka zer ikusirik?

Bi ipuinek protagonista berdina daukate, eta baita testuinguru berdina ere; Marixaren baserria. Hala ere, istorioak ez daude lotuta, bigarrena irakurri daiteke lehenengoa irakurri gabe eta baita alderantziz ere.

 

Zerk animatu zaituzte beste liburu bat idaztera?

Lehenengo ipuina egin ondoren, eta esperientzi polita izan zenez, buruan genituen beste proiektuekin jarri ginen lanean. Oso ondo moldatzen gara bion artean lan egiten eta gure erritmoan eta gure modura egiten dugu.

 

Zer espero duzue liburu honekin?

Haurrak berarekin gustora egotea. Gure helburua ez baita beste bat.

 

Lehenengo liburua bisualagoa da, hau, aldiz, narratiban dauka indar gehiago; zerbaitengatik eman da aldaketa hori?

PUAGG!! ipuinean errepikapenak indar gehiago dauka, eta sonoritate gehiago dauka. Irudien aldetik, LIUR AZERIA aberatsagoa da. Gertatu den bakarra, kontatu nahi genuen istorioa apurtxo bat luzeagoa dela. Kontatzeko orduan biak oso antzekoak izan daitezke, irakurtzeko aldiz, LIUR AZERIAK apurtxo bat gehiago eskatzen du.

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide