'Hegalak astinduz', Hesian taldearen diskoa berria

hirinet 2014ko aza. 10a, 01:00

Hesian taldea 2006. urtean sortu zen eta, lehenengo momentutik, Nafarroako Sakana haranarekin lotura berezia izan du. 

Hasieran, punk eta rocka nabarmentzen ziren beti ere mutil eta neska ahotsen binomioa erabiliz.  Taldea sortu zenetik gora egin du eta hainbat abesti esanguratsuekin talde arrakastatsua bihurtu da.

 

Orain, bere seigarren diskoa “Hegalak astinduz” ateratzear dago; 2014ko udan grabatzen egon dira Higain estudioan. Disko honen soinu teknikaria Haritz Harreguy izan da, hainbatetan Victor Sanchez, Joseba Aparicio eta Urtzi Izaren laguntzaz. Abestiak taldeak berak sortu ditu.

 

Laster kalean izango den azken diskoa beste diskoak baino rockeroagoa izango da, beti ere festa eta jarrera konprometitua gutxietsi gabe. Horretaz aparte, erritmo desberdinak bilatzen saiatu dira eta gitarra gehiago nabarmenduko da. Baina hori ez da taldeak egin dituen aldaketa bakarrak; haien lan egiteko modua ere aldatu da: disko honetan urte osoa eman dute abestien gainean lan egiten, kontzertuak alde batera utzita.

 

Disko berriaren birari begiratuz, haien zuzenekoak indartsuagoak izan daitezen, hainbat berrikuntza ere egingo dituzte soinu, dekorazio eta argiztapen aldetik. Aipatu dutenaren arabera, aurten nahiago dute diru gehiago gastatzea alderdi teknikoari dagokionez, epe luzeko inbertsioa izango baita.

 

Dena den, Hesian taldearen helburua ez da soilik jendea dantzatzea edo momentu on bat pasatzea baizik eta abesti bakoitzarekin mezu bat transmititu nahi dute. Hau da, barrenean daukatena askatu nahi dute, entzulearen bihotzera iritsi nahi dute, eta, horretarako, errealitatea islatzen saiatzen dira. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide