Joseba Elorza, ilustratzailea: “Gure gizarteak duen geldotasun puntu hori islatzen saiatu naiz Berri Txarraken disko berriaren azalean”

hirinet 2014ko aza. 10a, 01:00

Azken asteetan Joseba Elorza ilustratzaile gasteiztarraren izena ezagunagoa egin da, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Berri Txarrak taldearen 'Denbora da poligrafo bakarra' azken diskoaren diseinuaz arduratu da Joseba.

 

Lanbidez soinu teknikaria da irratian baina pixkanaka bere zaletasuna ogibide bilakatu du eta egun, ilustrazioaren munduan murgilduta dago bete-betean. Horretaz konturatzeko, Miraruido.com web gunea begiratzea besterik ez duzue.

 

Zure azken lanen artean Berri Txarrak taldeak azaroan kaleratuko duen ‘Denbora da poligrafo bakarra’ diskoaren azala izan da. Nola sortu zitzaizun aukera hau?

Berri Txarrak taldekoak euren azken lanerako ilustratzaile baten bila zeuden eta internet bidez nire ilustrazioekin topo egin zuten. Nire inguruko informazio gehiago bilatzerakoan ikusi zuten ni Gasteizkoa naizela. Hortik gutxira Gorka Urbizurekin elkartu nintzen Gasteizen eta segituan heldu ginen akordio batera, nik CDaren eta biniloen diseinu guztia egiteko.

 

Nola azalduko zenuke azalean agertzen den irudi hori?

Irudi honekin bi elementu ezberdinen justaposizioak ematen digun jolasa proposatzen saiatu naiz. Alde batetik, zerumugan agertzen den leherketa eta horren konnotazio negatiboak eta bestetik, aurrean topatzen ditugun gizon eta emakumea, bere egunerokoan, etxeko lanetan murgilduta, aurrean duten hondamendiari begira baina erreakziorik gabe. Gure gizarteak duen geldotasun puntu hori islatzea gustatzen zait; ez zaigu gehiegi inporta besteei pasatzen zaiena gure izarak garbi garbiak ditugun bitartean.

 

Zer moduzkoa izan da Berri Txarrakekin lan egitea? Oinarri batzuk markatu zizkizuten ala guztiz libre izan zinen nahi zenuen diseinua egiteko?

Oso prozesu aberasgarria izan da niretzat. Hiru diskoen grabaketak eta Digipack-aren diseinua ia aldi berean egin behar izan ditugu, beraz Gorkak ilustrazioekin kontatu nahi zuen istorioan eta abestien hitzetan oinarritu nahiz gehien bat. Hori euskarri bezala hartuta, irudimena aske uzten saiatu naiz. Noizbehinka haiei zirriborroak bidali, zuzenketak egin, eta gutxinaka laster ikusi ahalko duzuen produkturaino heldu arte.

 

Lanbidez audio teknikaria zara, nola murgildu zinen, bada, diseinuaren munduan?

Betidanik izan dut ikastolan bidaltzen zizkiguten etxeko-lanen izkinetan marrazteko joera, baina arkatzarekin dudan trebezia ez da inoiz irudien bitartez adierazteko dudan grina horrekin bat etorri, beraz orain dela urte batzuk, Photoshop-a aurkitu nuenean, eta horrek ematen zizkidan aukeraz konturatu nintzenean, halako bedeinkazio bat bezalakoa izan zen niretzat. Ez bainuen arkatza derrigorrean erabili behar irudiak sortzeko.

 

Begi bistakoa da errealitatea eta fikzioa nahastea gustuko duzula…

Fikzioa baino gehiago, errealitatea ertzetaraino bultzatzea gustatzen zait. Horretara heltzeko, errealitateari josturak ikusteko, fikzioa, surrealismoa edota Magrittek bezala, errealismo magikoa erabil daiteke.

 

Zientzia-fikzioa, esaterako, nahiko presente dago zure lanetan…

Gaur egungo ikus-entzunezko kulturaren semea nahiz, eta horretan Zientzia-fikzioak pisu handia dauka. Beti pentsatu dut “zientzia”, kasu horretan, aitzakia onena dela “fikzioaz” hitz egiteko. Nire lanetan paisaiak eta natura ezagutzen dugun errealitatera itsasten gaituen bitartean, fikzioa edo surrealismoaren tresnak hartu eta beste istorioak kontatzen saiatzen naiz.

 

Zeintzuk dira, beraz, collage-ak ematen dizkizun aukerak?

Aukerak denak. Hala ere ez dut horrelako amodio erlaziorik collage-arekin beste artistek erabiltzen duten teknikarekin duten bezala. Niretzako orain arte erabilgarria izan zait ez dudalako  beste tresna hobeagorik aurkitu buruan ditudan ideiak kontatzeko. Zentzu horretan, collage-ak  berez jada existitzen diren errealitateak manipulatzeko ahalmena ematen dizu eta hori da nik oraingoz egin nahi dudana. Agian hemendik urte batzuetara beste teknikaren bat erabiltzen ikusiko nauzu, ala Mcdonalds-en hanburgesak saltzen, batek daki.

 

Nolakoa  da teknika honen bitartez sortzen duzun beste errealitate hori?

Nire pentsamenduak kontatzeko erabiltzen dudan errealitatea izan liteke, non lege fisikoak ez dira ezagutzen ditugunak, ezta objektu-pertsonen arteko proportzioak... Azken finean, agian gakoa mundu paralelo bat sortzean dago. Mundu horretan ikusleak ingurune ezagunak aurkitu behar ditu irudian murgiltzeko, baina aldi berean beste zenbait elementu aldatu harridura sortzeko.

 

Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?

Inspirazioa edozein lekutan aurkitu daiteke: filma bat, abesti bat, txakurra paseatzen zauden bitartean ikusten duzun zeozer... Ezin jakin zer izango den buruko argia pizten dizun hori. Hala ere, hainbestek esaten duten bezala, hobeto inspirazioak lanean aurkitzen bazaitu, eta nire kasuan, ideia baten atzean nagoenean, argazki zaharren artxiboetan pasatzen ditut orduak argi hori pizteko. Prozesu horretan sortzen da “magia” nire kasuan.

 

Miraruido da zure izen artistikoa. Zergatik?

Irudiak eta ilustrazioekin hasi baino lehen musika elektronikoa ere egiten nuen ordenagailuan. Collage-arekin bezala, edozein abestitik “sample”-ak hartzen nituen, gero bateria bat gehitu, beste hiruzpalau soinu eta “trip-hop” antzeko musika egiten ahalegintzen nintzen. Denbora batez bai musika bai ilustrazio lanetan erdibitzen nuen nire denbora, eta behin interneten ezizen baten bila jarri nintzenean MiraRuido otu zitzaidan.

 

Normalean, nongoak izaten dira zure bezeroak? Hau da, Gasteizen eta inguruetan ilustratzaile edo artista bezala lan egitea posible al da?

Ez dut esango posible ez denik ez bainaiz hemengo zirkuituan sartu. Ez dut horrela bilatu, baina Berri Txarraken lan hau kenduta, beste guztiak atzerrirako izan dira, Estatu Batuetan gehienak. Agian atzerrian, kultura anglosaxoietan nire kasuan, ilustrazioetan dirua inbertitzeko arazo gutxiago dute, eta ilustratzaileek ere nolabaiteko ospe handiagoa dute. Argitaletxeen kultura ezberdinak izango dira agian.

 

Abuztuan YCN Professional Award saria lortu zenuen. Zure ustez, zure lana gehiago baloratzen al da atzerrian etxean baino?

Ezin esan. Atzerrian baloratzen bada, hori egia bada, ez du zertan esan nahi hemen berdina gertatu behar denik. Agian nire irudiek duten estetika zehatz horrek ez du berdin mundu osoan funtzionatzen. Hala ere, ezin dut ukatu poza asko eman didala Berri Txarraken diskoaren azala izan duen harrera ona ikusteak.

 

Zeintzuk dira memento honetan eskuartean dituzun proiektuak?

Orain beste bideoklip batekin nago burubelarri, abenduan argia ikusiko duena. Eta jada 2015 urteari begira, beste musika talde batentzako CDaren diseinua, beste bideoklip bat... Zorionez ez zait oraingoz lana faltako eta ea horrela denbora batez segitzerik dudan.

 

 

Irudiak: Joseba Elorza

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide