Urrian Arabako gizarte eta kultur arloko hainbat pertsonek babestu zuten ekimena eta oraingoan Arabako udalerrietako eta kuadrilletako 46 alkatek eta presidentek Trebiñu Araba da herri mugimenduak kaleratutako agiriarekin bat egin dute, horrela, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateek eta hautetsi independenteek agertu diote babesa adierazpenari.
Trebiñu Araba da herri mugimenduaren adierazpena
1.- Trebiñuko enklabea Arabako Lurralde Historikoaren erdian dago. Hortaz, integrazioa gauzatzen ez den bitartean, funtsezko hainbat arlo garatu ezinik jarraituko dugu, hala nola osasuna, hezkuntza, alderdi sozioekonomikoak, komunikabideak edo lurralde-batasuna.
2.- Azken 30 urteetan, proposamen politiko ugari ezagutu ditugu: Senatuak enklabeei buruz prestatutako txostena, esaterako; halaber Gernikako Estatutuak nahiz Gaztela eta Leongoak eskaintzen dituzten bideak jorratu ditugu; gertutik jarraitu ditugu Eusko Jaurlaritzak, Gaztela eta Leongo Juntak eta Arabako eta Burgosko diputazioek sortutako Batzorde Mistoaren bilerak; txalotu dugu 1998ko herri-kontsulta, eta abar luze-luze bat. Ekimen horiek guztiek helburu bakarra zuten: enklabearen atxikitze administratiboa probintzia batetik bestera aldatzea eta lurralde-anakronismo honi bukaera ematea.
3.- Nolanahi ere, nahiz eta ahalegin handiak egin eta legedia bete, egungo egoerak argi erakusten du auzia funtsean konpondu gabe dagoela, hau da: Burgosko enklabea Araban kokatuta egon arren, eragotzi egiten da haren garapen integrala lurralde gisa, eta, bitartean, konponbide partzialak ematen zaizkie Trebiñuko biztanleen premia eta bizi-baldintzei. Biztanle horiek, askotan, behartuta daude Gasteizen erroldatzera, oinarrizko zerbitzuak eta bestelako funtsezko eskubideak izango badituzte.
4.- Ibilbide luzea egin dugu, beraz, baina ez gaude prest iraganeko prozesuak eta akatsak errepikatzeko. 'Auzi' hau (zoritxarrez hala deitzen zaio, auzia), bada, auzi hau ezagutzen duten guztiek onartzen dute, agerian edo pribatuan, irtenbidea zein den: Trebiñu Araban integratzea. Horregatik, eskatzen dugu enklabea berehala eta behin betiko Burgosetik ateratzea.
5.- Hortaz, hemendik adierazi nahi dugu erabat babesten dugula irekitako bide berria, hau da, Lege Organikoaren proposamena, Madrilgo Diputatuen Kongresuan tramitatuko dena. Horrela, espero dugu behin betiko konponduko dela problema hau, egun ez aurrera ez atzera baitago.
Horrenbestez, behean sinatzen dugun udaletako alkateok eta Arabako kuadrilletako presidenteok adierazten dugu guztiz babesten dugula prozesu berri hau, Trebiñuko Konderriko bi udalerriak Araban behin betiko integratzea ahalbidetuko baitu.
Josune Irabien Amurrioko Udala, Juan Carlos Medina Añanako Udala, Juan Muñoz Armiñongo Udala, Angel Marcos Pz. De Arrilucea Arraia-Maeztuko Udala, Rufino Saez de Ibarra Arrazua-Ubarrundiako Udala, Agurtzane Llano Artziniegako Udala, Juana Velasco Bernedoko Udala, Esteban García Campijo Kanpezuko Udala, Mª Natividad Lopez de Munain Burgeluko Udala, Luis Aldazabal Eltziegoko Udala, Gerardo Olano Bilarko Udala, Jesus Berganza Erriberagoitiako Udala, Pedro San Vicente Haranako Udala, Fernando Pz. De Onraita Iruraiz-Gaunako Udala, Joseba Fernandez Calleja Kripango Udala, Iñaki Gillerna Kuartangoko Udala, Jose Mª Martínez Lagrango Udala, Alfonso Gonzalez Lantziegoko Udala, Javier Uriarte Lantarongo Udala.