Zabalganako eskoletan lan egiten duten L1 udal langileen lanpostu guztiak hizkuntza eskakizuna izan dezaten eskatu dio Euskara Batzordeak udalari

hirinet 2014ko aza. 6a, 01:00

Zabalgana auzoko Euskara Batzordeak auzoko haur eskola eta eskoletan lan egiten duten L1 udal langileen lanpostu guztiak hizkuntza eskakizuna izan dezaten eskatu dio udalari.

 

Batzordeak azaldu duen moduan, lanpostu hauetan lan egiten duten pertsonek harreman zuzena izaten dute umeekin eta familiekin. Antza denez, hurrengo hilabeteetan lanpostu hauen mugikortasun lehiaketa izango da, eta lanpostu hauek betetzen dituzten pertsonak alda daitezke. “Lehiaketa honek gure auzoan ez du bermatuko langilearen euskararen ezagutza  hurrengo bi urtetan”, azaldu dute.

 

 “Euskaraz  bizi eta hitz egiteko eskubidea” aldarrikatzen du auzoko Euskara Batzordeak eta eskolako hizkuntza eredua errespetatzea eskatu du. Horrela, Udalari langileak euskalduntzeko bidea  jar dezala eskatu dio, “zerbitzu guztiak ofizialak diren bi hizkuntzatan  berma daitezen”.

 

Izan ere, Zabalganan  familia asko dira euskara ezagutu eta erabiltzen direnak eta horregatik, “euskaraz bizitzeko hautuari udalak erraztasunak jarri beharko  lizkioke, eta egoera honek ez du gure hizkuntza eskubidea bermatzen”, zehaztu du.

Eskakizun honek auzoan eremu ezberdinetan lanean diharduten  kolektiboen babesa jaso du, hala nola, Zabalgana Batuz Auzo Elkartea, Mariturri haur eskolako hezitzaile taldea, Zabalgana eskolako klaustroa, Galtzagorri haur eskolako hezitzaile taldea  edo Zabalgain Kultur ekimena.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago