EH Bilduk mozio bat erregistratu du gaur Añanako Kuadrillako osoko bilkurarako, erakundeak berak argitaratu duen lan eskaintza bat bertan behera uzteko eskatuz, Euskararen Legea urratzen duelako. Lan eskaintzan jasotzen diren hamalau plazetatik, bitan bakarrik da beharrezkoa euskara eskakizuna, "nahiz eta gazteei zuzendutako eskaintza izan eta plaza batzuk udalerriko gazteekin harreman zuzenean lan egiteko izan", esan du EH Bilduk.
Azaroan argitaratu duten lan eskaintza LHko eta unibertsitate titulazioa duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da, kuadrillan bertan eta eskualdeko hainbat udaletan lan egiteko. Hamalau plaza horietako bitan bakarrik eskatzen da hizkuntza eskakizuna, Ikasteko Tekniketan Laguntzeko Teknikarien plazetan, hau da, eskualdeko ikasleei ikasten laguntzeko langileen plazetan. Horietan eskatzen den titulazioa lizentziaturakoa eta/edo gradukoa izan arren, bati 1. HE esleitu zaio eta besteari 2. HE, inolako azalpenik gabe.
Gainerako hamabi lanpostuetan ez dago inolako betekizunik euskarari dagokionez.

"Utzikeria edo mespretxua"
EH Bilduk salatu duenez, lanpostu horietan ez da betetzen Euskararen Legea. "Ez ezarri beharreko derrigortasun daten kopuruari dagokionez (Añanako Kuadrillari dagokion indizearen arabera, gutxienez bost izan beharko lirateke), ezta ezarritako hizkuntza eskakizunari dagokionez ere (titulazio mota horiek eta, batez ere, egin beharreko lanak, C1 maila behar dutelako )".
Añanako Kuadrillan bezala, Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan ere ekimen gehiago iragarri dituzte EH Bilduko batzarkideek: "Ez dakigu erabaki horren arrazoia euskaldunen eskubideekiko utzikeria den edo, aitzitik, mespretxuagatik den. Kontua da bi aukeretako edozein oso kezkagarria dela. Are gehiago euskararen aurkako oldarraldi testuinguru batean".
Halaber, gogoratu dute Añanako euskaldunen hizkuntza eskubideei emandako tratamendua ez datorrelako bat eskualdeko euskararen egungo egoera soziolinguistikoarekin eta Euskararen Legea urratzen dela.